GARA
AZPEITIA

Pasaiako segadako biktimen ikurrari eraso diote Azpeitian

Espainiar Poliziak Pasaiako badian hildako Dionisio Aizpuru, Pedro Mari Isart, Rafael Delas eta Jose Maria Izuraren omenez Azpeitian dagoen oroitarriari eraso egin diotela salatu dute senideek.

Pasaiako segadaren biktimen Azpeitiko oroigarria erasota.
Pasaiako segadaren biktimen Azpeitiko oroigarria erasota. (GARA)

1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian espainiar Poliziak segada batean hil zituen Dionisio Aizpuru “Kurro”, Pedro Mari Isart “Pelitxo”, Rafael Delas “Txapas” eta Jose Maria Izura “Pelu” gogoratzeko Azpeitiko Enparan dorretxearen atzean dagoen oroitarriari eraso egin diotela salatu dute haien senideek.

Atzo ohar batean azaldu zutenez, honekin laugarren aldia da segada hartan hildakoak oroitzeko eta segada salatzeko dauden oroitarriei eraso egiten dietena. Lehenengo aldia 2017an izan zen; Pasaian hil zituzten tokian bertan Bixi Bixi elkarteak jarri zuen panel informatiboa bere lekutik atera, txikitu eta bota egin zuten.

Urtebete beranduago, Pasaian segadari buruzko dokumentala aurkeztu behar zuten garaian bi aldiz egin zioten eraso oroitarri horri palanka baten laguntzaz, panelean kalte nabarmenak eraginez.

Iaz, uztailaren 22an, berriro erasotu zioten. Hildakoen siluetak irudikatzen dituen tokian espainiar bandera marraztu zuten.

Senideen iritziz, Azpeitiko eta Pasaiako oroitarriei «behin eta berriz» erasotzearen atzean «intentzionalitate politikoa» dago. «Batzuek, Pasaian gertatutakoa ezkutatu eta ezabatuz, bazterketan oinarritutako memoria desitxuratu bat eraiki nahi dute. Guk ezinbestekoa ikusten dugu, etorkizuna bizikidetzatik eraiki nahi bada, diskriminaziorik gabeko memoria osoa osatzea», diote atzo helarazitako oharrean.

Horregatik, beharrezkotzat jotzen dute erakundeek erasook «salatu eta gaitzestea».

Izan ere, Pasaiako hilketak «exekuzio estrajudizial» gisa onartuta daude Lakuako Gobernuak enkargatutako txosten batean. EHUko Giza Eskubideen Unesco Katedrak eginiko lana da, eta 2020ko martxorako egina zegoen arren, familiei ez zieten jakinarazi hiru urte beranduago arte, segadatik ia 40 urte pasatu zirenean.

«Guk, orain arte bezala, oztopoak oztopo, gure senideekin burutu zuten sarraskia argitu arte lanean jarraituko dugu», adierazi dute senideek.