EDITORIALA

Lakuak kontinusimo neoliberalaren alde egin du

Espainiako Kongresuko edozein ekimen politiko ulertezina gertatzen da berehala herritar gehienentzat. Detaile hutsalen aldaketek, beto gurutzatuek eta babes aldakorrek ezinezko egiten dute eztabaidaren nondik norakoei jarraitzea. Lakuako aurrekontuen eztabaida, ordea, oso argia izan da aurten; batez ere, EH Bilduk bere eskaerak funtsezko bi gaitan zentratu dituelako: etxebizitzan eta gutxieneko soldatan. Lehentasunak nabarmentze hori oso egokia izan da, eta, seguru asko, horregatik kostatu zaio hainbeste EAJ-PSE koalizio-gobernuari negoziazioak amaitzea. Azkenean, Gobernuak hamabi orduko ultimatum bat erabili behar izan du akordioa baztertzeko.

Lakuaren 2025erako aurrekontua 15.700 milioi euro baino gehixeagokoa da. Aipatu bezala, negoziazioa bi gaitan oinarritu du EH Bilduk. Lehena gutxieneko soldata propioa ezartzea da. Atal honek, hasiera batean, ez du zuzeneko aurrekontu-ondoriorik, baina bai zeharkakoa; behin erreferentzia berria ezarrita, aldatu egingo ditu bai etorkizuneko gastua, bai etorkizuneko diru-sarrerak. Bigarren gaia alokairu sozialeko etxebizitzetan inbertsioa egitea izan da. Funtsezko tresna da alokairu publikoa, prezioen egungo igoera geldiarazteko. EH Bilduren hasierako proposamena 350 milioikoa zen (aurrekontu orokorraren %2,2), eta gero 90 milioira murriztu zuen (aurrekontu osoaren %0,5). Gobernuaren eskaintza 2,5 milioikoa izan da, gehienez 16 milioikoa (aurrekontuaren %0,01). Eskaintzaren neurriak zehazki adierazten du Imanol Pradalesen Gobernuak etxebizitza-eskubidea bermatuko duten politikak ezartzeko duen borondatearen tamaina.

Araban Foru Gobernuak borondate politikoa erakutsi zuen etxebizitza sozialaren alde egiteko, eta aurrekontu akordioa sinatu zuen EH Bildurekin. Gipuzkoan, Foru Gobernuak PPren txeke zuria hartu zuen, ezer ez aldatzeko. Lakuan ere gobernu berriak beldur dio aldaketari; nahiago izan du kontinuismo neoliberala. Etxebizitza publikoaren alboratze horretan euskal herritarrek galdu dute. Izan ere, etxebizitza parke publikoan egiten den inbertsioa pertsonentzat eskuragarri egongo da beti. Espekulazioaren aurkako aseguru soziala da.