GARA
PILOTA

Mariezkurrenari lan gogorra utzita, itzulera erosoa izan du Iñaki Artolak Urretxun

Urriaren 25ean Lau eta Erdian lesionatu zen eta atzo itzulera erosoa izan zuen. Bere atzelaria oso nagusi izanda, bigarren garaipena lortu zuten.

Artola eroso aritu zen, Marizkurrenari pisua utziz.
Artola eroso aritu zen, Marizkurrenari pisua utziz. (Gorka RUBIO | FOKU)

Eroso, behartu gabe, garaipenarekin eta, hasiera batean, minik sentitu gabe. Halakoxea izan zen Iñaki Artolaren itzulera kantxetara. Atzean oso nagusi izan zen Jon Mariezkurrenarekin batera, bigarren garaipena batu dute Binakako Txapelketan.

Urriaren 25ean min hartu zuen Artolak, Lau eta Erdiko txapelketan, ezker hankako iskiotibialetan gihar haustura batez. Horregatik jokatu gabe egon da atzo arte. Urretxuko Santa Lutzi egunaz lagunduta, gipuzkoarra kantxetara bueltatu zen, Jon Mariezkurrenarekin bikoa osatzeko.

Txapelketa hasieran txapela lortzeko faboritoen artean zeuden biak. Hori bai, lehen partidan, Larrazabal ordezkoarekin, atzelariak jipoi galanta jaso zuen Laso-Iztuetaren aurka (22-9). Bigarrenean, ordea, emozioz beteriko partida batean, 0-4ko azken partzial bati esker markagailua irauli zuten Peña II.a-Albisuren aurka (21-22).

ATZO, EROSO

Atzoko partidan gauzak erosoago joan zitzaizkien. Gehiegi behartu gabe, Artolak pisu guztia Mariezkurrenari utzi zion atzeko koadroetan. Nafarrak oso atzean mantendu zuen Imaz, eta Jakak lau eta erditik atzera jokatu behar izan zuen partidako momentu askotan.

Hala, nahiz eta 3ko berdinketarekin joan ziren, 4-12ra ihes egin zuten urdinek lehen atsedenaldia baino lehen. Azken tanto horretan Mariezkurrenak Ederrenako erreboteraino bidali zuen pilota.

Polemikarako tartea ere izan zen 7-14koan. Urdinek buelta eskatu zuten, Jakak traba egin ziolako Artolari. Harmailetako zale bat atseden setera joan zen protestatzera, baina zorionez kontua ez zen gehiagora joan.

Mariezkurrenak atzean oso nagusi izaten eta Artolak arrisku gutxi hartzen jarraitu zuten. Jaka, aldiz, behartuta ibili zen eta pilota dezente galdu zituen. Gainera, Imazek aldagelara joan behar izan zuen, bost eta erdian pilota batera airez sartu eta hatzean kolpe handia hartu zuenean.

Beharrik, Oiartzungo atzelaria segituan itzuli zen kantxara, baina gorriek ezin izan zuten aldea murriztu.