Arnaitz GORRITI
BINAKAKO TXAPELKETA

Ezkurdia eta Rezustaren garaipena erraztu du Arangurenen ezbeharrak

Altuna eta Aranguren 8-6 aurretik zihoazela, Rezustak errebotera botatako pilota eramaten saiatu zen Aginagakoa, eta kolpe txarra jaso zuen. Hautsirik ez omen du, baina harrezkero urdinak aise gailendu ziren, txapelketako hirugarren puntua lortuz.

Kolpea jaso arte lan txukuna egiten ari zen Aranguren, Altuna bikain baten bizkartzain.
Kolpea jaso arte lan txukuna egiten ari zen Aranguren, Altuna bikain baten bizkartzain. (Jon URBE | FOKU)

Binakako Txapelketa Nagusiko sailkapenaren puntaren puntan daude Joseba Ezkurdia eta Beñat Rezusta, hiru partidatik hirurak irabazita, Laso eta Iztueta bezala. Baina Bartzelonan 11-22ko azken emaitzak dioena baino askoz gehiago sufritu zuten atzo Altunaren eta bigarren erdia ezkerreko eskua minduta amaitu zuen Aitor Arangurenen aurka.

Partidaren aurreneko zatian Jokin Altunak musika jo zuen eta dantzan aritu ziren Ezkurdia eta Rezusta. Alabaina, dema 8-6 zela Rezustak erreboteraino sekulako ezkerkada jo zuen eta Arangurenek, pilota zortzi eta erdira atera zelarik, errebotea eraman nahi izan zuen. Tamalez, kolpe txarra hartu zuen eta ahalegin horren ondoren, handik aurrera partida erabat amildu zen.

Hautsirik ez omen du Aginagako atzelariak, baina ezkerrez sartzeko beldur nabarmena erakutsi zuen, eta partida hasierako konfiantza eta kontzentrazioa erabat galdu zituen eskuinez sartzen zenean ere. Antzera, Altunak jokoa nahasteko ahaleginak eta bi egin zituen, baina txapara edo kanpora behar baino pilotakada gehiago joan zitzaizkion. Vall d’Hebron pilotalekuko zaleentzat bete-beteko partida izaten ari zena bikote urdinaren erakustaldi soil bilakatu zen, Aragurenek min hartu zuenez geroztik.

ALTUNAREN MAGIA

Bikain abiatu zen ba partida! Hasi eta aitaren batean pilatu zituen Altunak azken jardunaldian adina tanto. Bartzelonako pilotalekua erasorako hobea da, nonbait, defentsarako baino, eta horretaz baliatu nahi izan zuen Amezketakoak. Hala, dantzan erabili zituen urdinak.

Kostatu zitzaien haiei partida berdintzea, Arangureni jokoaren zama eramanarazteko apustua uste baino zailagoa suertatu zitzaielako hasieran Ezkurdia eta Rezustari. Ondorioz, Arbizuko aurrelariak aurreko koadroetan ere tantoak egiteko erabakia hartu zuen eta, noski, Altunari tantoa sartzea ez da ezinezkoa, inondik ere, baina gipuzkoarrari aukera emanez gero, honek ez du barkatzen kontraerasoan.

Altunak 5-4koa zabalean dejada eginda amaitu zuen eta, akordatzerako, Aranguren eta biak 7-4 aurreratu ziren, sake buelta bikain baliatzen baitzuen Altunak. Amezketakoarentzat, tamalez, arriskuak hartu beharrak akatsak egitea ere berarekin dakar, eta txapara bidali zuen erremate baten ostean, urdinak, sakea berreskuratu ez ezik, pilota astintzen hasi ziren, Rezusta bereziki.

Hala iritsi zen Arangurenen ezbeharra. Rezustak errebotera -bederatzi eta erdian bote egiten duen pilotakada omen da «dejadarik onena», zalerik zaharrenek diotenez, eta hantxe bote eginarazi zion Bergarako ezkerrak- bota zuen zartakoa erantzuteko ahaleginean ezker eskuko hatz punta batean kolpe minbera askoa hartu zuen eta aldagelara sartu-irtena egin behar izan zuen. Jarraitu ahal izan zuen Aginagakoak, baina ezkerra sartzeko beldurrez azaldu zen. Ondorioz, 8-9koan aurrea hartu zuen bikote urdinak.

TXALOAK BAI, ERRUKIRIK EZ

Altunak, eskuin bolea bikain bati esker, 9nakoa ezarri zuen. Baina jokoaren ekimena aldatu zen ordurako, eta urdinak 9-17raino ihesean joan ziren.

Arangurenek ezkerra babestea bilatzen zuen eta Altunak, berriz, Arangureni lana kentzea. Horren ondorioz, kale pare bat egin zituen Amezketakoak, baina Rezustak bere ezker eskuko kanoia dantzarazi zuelarik, Arangurenek ezkerrez zerbait baduela antzeman zen. Hori bai, erreboteko zulotik bazterturiko pilota ez eramatea ez da gertatu ezin den zerbait.

Aurreneko atsedenaldi luzean Aranguren aldagelara joan zen. Enpresako osasun zerbitzuen arabera, hautsirik eta lekutik ateratzerik ere ez omen zitzaion gertatu, baina mailarik ez zuen berreskuratu.

Ikusleak ohartu ziren Arangurenen ezkerra ez zegoela oso katoliko eta Aginagako atzelariari txaloak eta animoak ez zitzaizkion falta izan ezkerrez sartu behar izan zuen bakoitzean. Horrek, ordea, ez zituen ez Ezkurdia ezta Rezusta ere errukitu, eta minaren poderioz konfiantza galduta, partida 11-22raino eraman zuten urdinek. Orain ikusi egin behar, gainera datorren astean Arrasaten Artola eta Marizkurrenaren aurka jokatzeko moduan egongo ote den Aitor Aranguren.