GARA
MADISON

15 urteko neska baten tiroketak hiru hildako utzi zituen Wisconsineko eskola batean

Abundant Life eskolako ikasleak.
Abundant Life eskolako ikasleak. (Scott OLSON | Getty Images-AFP)

Natalie Rupnow 15 urteko ikaslea izan zen Madison hiriko (Wisconsin, AEB) eskola kristau batean izandako tiroketaren egilea, agintariek adierazi zutenez. Tiroketan hiru pertsona hil ziren: ikasle nerabe bat, irakasle bat eta Rupnow bera. Susmagarriak bere buruari tiro egin zion eta ospitaleko bidean hil zen. Hildakoez gain, gutxienez sei pertsona zauritu zituen. Bi ikasle egoera larrian zeuden eta bizia galduko zuten beldur ziren.

Abundant Life Crhistian School eskola pribatua da eta hezkuntza maila guztietako 400 ikasle ditu, bigarren hezkuntza arte.

Satya Rhodes-Conway Madisoneko alkateak «herrialdean eta gizartean gauzak hobeto egitea» aldarrikatu zuen, «indarkeria armatua saihesteko». AEBetan ohikoak diren eskola sarraskien aurrean, agintariek ez dute maila federalean neurri eraginkorrik onartu.

Connecticuten, 2002an, irakasle bat eta 26 ikasle hil zituzten Sandy Hook lehen hezkuntza eskolan; 2022an, Uvaldeko (Texas) institutu batean, 21 hil zituzten; 2018an, Parklanden (Florida), 17 hildako izan ziren.