Herriaren ondarea, herritarren eskueran
Nafarroako Museoko Historiaurre aretoan Irulegiko Eskua dago atzotik ikusgai, baita Loizuko Gizona ere, duela 11.000 urte lurperatuta, Erroibarko haitzulo batean aurkitutako hezurdura. Albiste ona da; hala beharko luke izan edonorentzat, gure iragan urrunaren lekuko horiek eta haien gaineko informazioa jendartearen eskueran jartzea gure ondarearen gaineko jakintza transmititzeko modua baita. Irulegiko aztarnategiko zuzendari Mattin Aiestaranek eskertu egin zuen atzo Irulegiko Eskua herritarren begien bistan egotea, gainera «baldintza hobeezinetan», horrelako pieza garrantzitsuei dagokien bezala. Irulegiko Eskuaren kokapena behin-behinekoa omen da; izan ere, bere testuinguru arkeologikotik kanpo dago. Edonola ere, oraindik berritze lanetan dagoen eraikinean pieza horri lehentasuna eman izana egokia da, ez dirudi seinale txarra euskal ondareko pieza paregabe hori lehenbailehen jendartera agertu nahia, jendearen interesaren eta arduradunen zentzu onaren erakusgarri baita.
Beste alde batetik, Irulegiko Eskuaren inguruko informazioa osatuagoa da orain, aditu gehiagoren ekarpenek osatua, hain zuzen. Azterketa berriek hipotesi berriak agerrarazten dituzte. Hala, alde batetik, idazkunaren amaierako aditz bat identifikatu dutela diote, eta bestetik, lehenengo hitzari dagokionez, beste interpretazio baten berri eman dute. Bi hipotesiak bateragarriak dira, eta jainkotasun bati egindako eskaintza moduan uler liteke eskua, oro har; interpretazio honek, gainera, ez du lehenengoa ezeztatzen, kontuan izanda idazkuna bi aldiz egina dela, bat punteaketa bidez eta bigarrena idazketa bidez. Beharrezkoak dira filologoen ekarpenak, baita arkeologia lanen laguntza ere, Aiestaranek esan zuenez, corpus zabalago bat eta, finean, argi gehiago lortzeko bidea baita.
Albiste ona da horrelako aurkikuntza eta aztergaiei horrelako tratamendua ematea, eta espero izatekoa da Aiestaranek, Aranzadik eta bestek egiten duten lana eskertu ez ezik daukaten balioa nabarmentzea ere. Horretarako modurik onena behar duten laguntza ematea da. Jendarteak begi onez ikusiko luke, lan horrekiko arreta erakusten duen bezala.