«The Office» Pixarren ikuspegitik
Telesail hau ‘‘Inside Out’’ (‘‘Del Reves”) filmen unibertso berean garatu da, baina emozioak alde batera utzi eta mundu onirikoan jartzen du arreta. Ametsak dira orain kontakizunaren ardatza.
Film horien spin-off bat dela esan daiteke, adar bat. Lehen eta bigarren filmen artean girotua, eta Rileyren -filmetako neskato protagonista- ametsei forma emateaz arduratzen den zinema estudio moduko baten egunerokoa azaltzen du: “Dream Productions” (“El Sueño Producciones”, gazteleraz). Protagonista nagusia estudioko zuzendari sarituenetako bat izango da, Paula Persimmon. Arazo bati aurre egin beharko dio: Riley hazten ari da eta ametsek ez dute lehen zuten emaitza bera. Testuinguru horretatik abiatuz, ametsak eraikitzeko moduaren irudikapen satirikoa ikusiko duzue; zinemaren munduari, Hollywoodeko estudio baten hierarkiari eta sorkuntza artistikoaren rol profesionalei buruzko erreferentziak etengabeak dira.
Beste behin ere, Pixar-ek minutu gutxiren buruan gure arreta erakartzeko gai diren pertsonaia koloretsu eta eszenatoki distiratsuak aurkeztu ditu.
Film luzeen eta seriearen arteko desberdintasunik handiena istorioa kontatzeko modua da; dokumental faltsuaren estiloa erabiliz grabatuta dago -“The Office” telesailaren tankerakoa-, eta horrek ukitu fresko eta oso dibertigarria eransten dio narrazioari. Ikuslearen eta pertsonaien arteko konexioa sendoagoa da eta une umoretsu gehiago sortzen dira. Lau ataletan -tamalez motzegia da-, nortasun propioa eta une gogoangarriak dituen obra trinko bat eraiki dute. Sormen prozesuaren zaurgarritasunaz edota zinema ulertzeko moduaz diharduen proposamen oso atsegina, maitagarria eta dibertigarria da.