JOSEBA SALBADOR GOIKOETXEA

Jai egun bikaina igarotzeko osagai guztiak prest Donostian

Familia edo lagun giroan San Tomas egun bikaina ospatzeko egitarau zabala prestatu dute Donostian: nekazaritza, gastronomia eta eskulangintza produktuen salmentarako 162 postu, herri kirolak, bertsolariak, trikitilariak… eta guztiaren epizentroan, nola ez, aurtengo protagonista, 400 kiloko Kaxilda txerria.

Jai giroa ez da faltako larunbat honetan Donostiako kaleetan. Irudian, Estanga trikitixa eskolako kideak, iaz, Konstituzio plazan.
Jai giroa ez da faltako larunbat honetan Donostiako kaleetan. Irudian, Estanga trikitixa eskolako kideak, iaz, Konstituzio plazan. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Aurtengo San Tomas eguneko egitaraua, ohikoa den bezala, goizeko 10etan abiatuko da herriko zenbait kale eta plazatan zabalduko diren barazki, fruta, abere, talo, sagardo eta beste hainbat produkturen erakusketa eta salmenta postuekin.

Postu guztien artean, txistorra prestatu eta salduko dutenak dira nagusi, guztira 42 salmahai jarriko baitira Konstituzio plazan zein beste plaza eta kaleetan. Artisautza produktuek ere leku berezia dute aurtengo azokan, guztira 26 postu jarriko baitira. Taloak 17 postu desberdinetan salduko dira, gazta eta esnekiak 15 saltokitan, gozogintza beste hamabitan eta eztia 7 postutan. Gainerako postuetan produktu hauek eskainiko dituzte: hestebete eta urdaiazpikoak, fruitu lehorrak, ogia, ahate produktuak, erroskillak, sagardoa, barazkiak eta frutak, ardoak eta likoreak.

Ohikoa den bezala, aurten ere Euskal Herriko Txistor lehiaketa jokatuko da Gipuzkoa plazan, goizeko 11.00etatik aurrera, eta bertan 23 profesionalek parte hartuko dute (Gipuzkoako 12 eta Nafarroako 11). Aurten bigarren aldiz, txistorra oinarritzat duen bigarren gastronomia lehiaketa ere antolatu da Elkano kalean, ordu berean, Euskal Anaiartea, Super Amara eta Donostiako Udalaren laguntzarekin. Donostialdeko hamar elkartek parte hartuko dute bertan.

Emakumezkoen kirolak leku berezia izango du 2024an ere San Tomas egunean. Alde batetik, aizkolarien VII. Urrezko Kopa jokatuko da eguerdiko 13.30ean Trinitate plazan. Bertan izango dira Nerea Arruti, Oihana Fernandez de Barrena, Karmele Gisasola, Lucia Orbe eta Nerea Sorondo.

Aurretik, 12.00etan, duela lau urte osasun larrialdi egoera zela-eta egiteari utzi zitzaion Esku Pilota Txapelketa ospatuko da berriro Trinitate plazako pilotalekuan. Bosgarren edizioa izango da eta eskuz binaka kadete mailako partida ikusteko aukera izango da Sorondo-Rey eta Arratibel-Galardi bikoteen artean.

Bertsoak eta musika ere ez dira faltako egun honetan. Eguerdiko 13.00etan, toki berean, bertso saioa izango da Eli Pagola eta Beñat Gaztelumendi bertsolariekin eta egun guztian zehar Estanga trikiti eskolako eta Donostiako Udalaren Musika eta Dantza eskolako trikitilari eta dantzariak kaleak girotzen ibiliko dira. Arratsaldeko 18.30ean Joselontxos txaranga abiatuko da Sarriegi plazatik, bulebarrean larraindantza egingo da eta iluntzeko 19.45ean erromeria hasiko da toki berean Jeiki Hadi taldearekin.

JANTZI TRADIZIONALAK

Euskal jantzi tradizionalek ere protagonismo berezia izango dute aurten. Gero Axular Dantza Taldearen eskutik, erakusketa berezia antolatu da San Jeronimo kaleko aretoan abenduaren 13tik 31ra. Bertan, Gero Axularren bizitzaren bi hamarkada hauetan diseinatu eta egindako jantzi tradizionalen 50 modelo ezberdin aurkeztuko dira. Erakusketak gizon, emakume eta haur jantziekin osatuta dago eta jantzi tradizionalek urteetan zehar izan duten bilakaera ikusteko aukera emango du.

San Tomas egunean bertan baserritar jantzien VI. lehiaketa egingo da Bulebarreko kioskoan, goizeko 11.30ean hasita, eta sari banaketa eguerdiko 13.30ean egingo da. Udalak eta Gero Axular taldeak dei egin die donostiar zein bisitari guztiei baserritarrez jantzita kalera ateratzeko.

AUZOETAKO EGITARAUA

San Tomas feria egun berezia izaten da hiriko familientzat. Elkarrekin ospatzeko eguna izaten da, euskal jantzi tradizionala jartzeko eta urtean zehar hirian izaten ez diren jarduerekin gozatzeko eguna. Konstituzio plazan Kaxilda bisitatzeaz gain, Zuloaga eta Okendo plazetan haur eta familia guztientzat prestatuko hainbat jarduera egongo dira, besteak beste, haurrentzako jokoak, kandelak egiteko tailerra, talo tailerra, txorimalo lehiaketa edo abere erakusketa.

Baina San Tomas jaia ez da Donostiako hirigunera mugatuko. Goizeko 10.00etatik 20.00etara hiriko hainbat auzotan ere jarduerak izango dira. Amara Berri, Amara Zaharra, Txominenea, Antigua eta Gros auzoetan ere egitarau zabalak prestatu dituzte eta elkarte ezberdinek postuak jarriko dituzte. Aurretik, abenduaren 14tik 20ra Morlans, Altza, Ibaeta eta Intxaurrondon ere azokak egin dituzte.

JAI JASANGARRIA

Donostiako Udala 2004. urtean aitzindaria izan zen eta apustu sendoa egin zuen edalontzi berrerabilgarrien erabileraren alde. Hasieran 10.000 banatzen hasi ziren, azken urte hauetan urtero 45.000 edalontzi banatu izan dira. Eta, horri esker, jaiak garbiagoak eta jasangarriagoak dira.

Horrekin batera, aurten ere txistorra eta talo postuetarako olioa biltzeko bidoiak jarriko dira, edukiontzien zerbitzua indartuko dute eta, gainera, 119 komun kimiko jarriko dituzte jai jarduerak hartuko dituzten eremuetan.



Kaxilda, elgetatik Donostiara

San Tomas eguna txerriaren inguruan antolatzen den jaia denez, abere horren presentzia ezinbestekoa da abenduaren 21ean Donostian. 2021 urtera arte, Leitzako Arro baserriko Kristina Saralegi zen urtero txerria ekartzen zuena, baina 2022 ezustean hil ondoren, Basatxerri elkartekoak dira Donostiako Konstituzio plazan ikusgai jartzen diren animaliak.

Aurten, Elgetako Arantzeta baserritik dator San Tomas eguneko «erregina». Kaxilda izena du eta egun honetarako 400 kilo inguru pisatzea espero da.

Peio Bilbao zaintzaileak adierazi duenez, Kaxilda beste 200 txerrirekin bizi da eta oso lasaia da, hortaz, Konstituzio plazan ere lasai egotea espero du.

Peio Bilbao Basatxerri elkarteko kidea da. Kooperatiba horretako txerri guztiak aire librean hazten dituzte eta larreetan aurkitzen dituzten ezkurrak, belarrak eta sustraiak jaten dituzte. Ukuiluan, bestalde, pentsu naturalak ematen dizkiete, transgenikorik gabeko osagaiekin: artoa, garagarra, garia, oloa...

Euskal Herriko mendietan aske hazteko arraza aproposa da, %50ean Duroc eta beste %50ean Landrace eta Large White arrazako nahasketa delako. Ondorioz, pisua hartzen duten txerriak dira, baina aldi berean arinak dira, beti alde batera eta bestera mugitzen ibiltzen direlako. J.S.



DONOSTIAKO EGITARAUA

10.00 - 16.00

• BARAZKI eta FRUITU LEHIAKETA “JOSE SALABERRIA” Memoriala Konstituzio plazan. (Sari banaketa 13.00etan).

10.00 - 18.00

• ABERE ERAKUSKETA Okendo plazan.

• DONOSTIALDEKO EZTI LEHIAKETA Ezti eta erleen erakusketa eta kandelak egiteko tailerra Bretxa plazan.

• TXORIMALO LEHIAKETA Zuloaga plazan.

10.00 - 20.00

• TXISTORRA, TALO, OGIA, GAZTA, ERROSKILLAK, TXORIZOA, EZTIA, SAGARDOA, ARTISAUTZA SALMENTA: Konstituzio plazan, Sarriegi plazan, San Juan kalean, Bretxa plazan, Boulevard zumardian, Okendo plazan, Gipuzkoa plazan, Txurruka kalean.

• KAXILDA TXERRIA Konstituzio plazan.

11.00 - 13.30

• EUSKAL HERRIKO XXVIII, TXISTOR LEHIAKETA Gipuzkoa plazan, Foru Aldundiaren aurrealdean ZAPOREAK laguntzarekin. (13.30ean sari banaketa).

11.00 - 13.30

• “Txistorra gastronomian”, II. GASTRONOMIA LEHIAKETA Elkano kalean.

11.00 - 14.00 / 15.30 - 18.30

• HAURRENTZAKO JOKOAK “Egur jolasak” Zuloaga plazan.

11.30 - 13.30 / 16.00 - 18.00

• HAURRENTZAKO TAILERRA: “Talo tailerra” Zuloaga plazan.

11.30

• DONOSTIAKO BASERRITAR JANTZIEN VI. LEHIAKETA Boulevardeko kioskoan. Antolatzailea: Gero Axular dantza taldea. (13.30ean sari banaketa).

12.00

• V. ESKU PILOTA TXAPELKETA emakumeak Trinitate plazan. Sorondo-Rey vs Arratibel-Galardi.

12.00

• TRIKITILARIAK feria girotzen ESTANGA TRIKITIXA ESKOLAREKIN. Irteera: Gipuzkoa plazatik.

13.00

• BERTSOLARIAK: ELI PAGOLA eta BEÑAT GAZTELUMENDI Trinitate plazan.

13.30

• VII. URREZKO KOPA, AIZKOLARIAK, emakumeak Trinitate plazan. Nerea Arruti, Oihana Fernández de Barrena, Karmele Gisasola, Lucia Orbe eta &wordJoiner;Nerea Sorondo.

13.30

• TRIKITILARIAK feria girotzen DONOSTIAKO UDALAREN MUSIKA ETA DANTZA ESKOLAREKIN. Gipuzkoa plazatik.

18.30

• JOSELONTXOS TXARANGA. Irteera: Sarriegi plazatik.

18.30

• MUXIKOAK JEIKI HADI taldearekin, Boulevardeko kioskoan. Ondoren Larrain dantza. Antolatzailea: Herridantza dantza taldea elkartea.

19.45

• ERROMERIA JEIKI HADI taldearekin, Boulevardean.