Urtzi URRUTIKOETXEA

Elon Musk, (beste) handiki probokatzaile bat Etxe Zurian

AEBetako hauteskunde kanpainan gehien nabarmendu zen pertsonetako bat Donald Trumpen aliatu estuenetakoa bihurtuko da gobernuan ere, berez exekutibo ofizialetik kanpoko kargua eman dion arren presidente hautatuak.

Donald Trump eta Elon Musk, SpaceX Starship kohetea baten aireratzea jarraitzen, iragan azaroan Brownsvillen (Texas).
Donald Trump eta Elon Musk, SpaceX Starship kohetea baten aireratzea jarraitzen, iragan azaroan Brownsvillen (Texas). (Brandon BELL | AFP)

Donald Trumpen garaipenaren zati garrantzitsu bat Elon Muskek, munduko pertsonarik aberatsenak emandako babesari esker izan da. Babesa, eta dirua, noski, ekarri dizkio kanpaina errepublikanoari. Egiari zor, demokratek askoz kanpaina garestiagoa egin dute, eta diru gehiago bildu dute. Errepublikanoen laguntzaile ekonomiko nagusia izan da Musk, baina haren itzala are luzeagoa da, besteak beste X, behinolako Twitter, sare sozialaren ugazaba bihurtuta Trumpen mezua zabaltzeko zutabe garrantzitsuenetakoa izan baita.

Aspaldikoa du Muskek fribolitaterako eta probokaziorako zaletasuna. Ez da bakarra, munduko handikien artean, are gehiago enpresa teknologikoetako milioidunen artean. Baina Tesla eta X konpainien jabeak azken bizpahiru urteotan eskuin muturreko argudioetara egin duen itzulia are nabarmenagoa da. Besteak beste, bere hitzek daukaten eragin politikoarengatik.

Elon Musk Pretoria hirian jaio zen 1971n. Apartheideko Hegoafrikan hazi zen, 17 urterekin Kanadara bizitzera joan zen arte, segregatutako elite zuriarentzako ikastetxeetan. Elonen aita Errol Muskek esan izan du eskola progresista zela, eta bera ere apartheidaren aurkako alderdi bateko kidea zela. Are gehiago, unibertsitate ikasketak Kanadan jarraitzeko motiboetako bat apartheidaren armadan derrigorrezko soldadutza ez egitea zela esan izan du Elon Musken aitak. Aita hegoafrikar ingeniaria du, eta ama kanadar modelo eta nutrizionista. Gurasoak 1980an bereizi ostean, aitarekin eman zituen hurrengo urte gehienak. Gerora, hitz gogorrak izan ditu Elon Muskek aitarekiko, «pentsa dezakezun doilorkeria bakoitza, egon ziur egin duela». Haurtzaro gogorra izan zuela esan izan du, eta eskolan bullynga sufritu zuela.

Beste ikaskide batzuek zurien burbuilan hazi zirela diote, beltzen aurkako errepresioaren berri izan gabe. Kontuak kontu, Tesla konpainiari arrazismoa egotzi izan zaio. Kaliforniak ikerketa egin zuen enpresak langile beltzen aurkako diskriminaziorik egin zuen argitzeko. Era berean, hamabost milioi dolar ordaindu behar izan zizkion Teslak behargin beltz bati, lanean jasandako arrazismoaren aurkako neurririk ez hartzeagatik.

LEHEN NEGOZIOAK

Bi urte Kanadan egin ostean, Pennsylvaniako unibertsitatean Fisika eta Ekonomia ikasi zituen. Garai hartan 10 gelatako fraternitate bat erosi eta diskoteka bihurtu zuela dio bere biografiak, eta hura izan zuela lehen enpresa ekimena Elon Muskek. AEBetako ekialdetik mendebaldera jo zuen, Stanfordeko unibertsitatean tesia egiteko asmoz, baina berehala (bi egun eman zituen unibertsitatean) ikasketak utzi eta puntu com negozioei ekin zien. 90eko hamarkadaren amaiera zen.

Zip2 izeneko softwarea landu zuen 1995ean Kimbal anaiarekin batera, egunkariei hirietako online gidak egiten laguntzeko. Lau urte geroago, 15 mila dolarrekin hasitako enpresagatik 307 milioi dolar dirutan eta beste 34 milioi akziotan eman zizkion Compaq Computer Corporation-ek. Orduan X.com sortu zuen (ez da gerora erositako Twitter), eta Confinity izeneko enpresarekin bat egitean PayPal jaio zen.

Enpresako CEO izatetik kanporatu zuten, Paypal eBay-k erosi baino lehenago, baina akzioen %11,7 zituenez, beste 180 milioi eskuratu zituen. «Ehun milioi SpaceX-n inbertitu nituen, 70 milioi Tesla-n, eta hamar milioi SolarCity-n». Hala, 2007an Tesla-ko CEO bihurtuta, autogintzarekin batera eguzki energiaren sektorean ere sendo sartu zen. Eta argi esan du Martera iristeko helburua daukala.

Muskek adierazi duenez, hautagai demokraten alde bozkatu zuen 2008 eta 2020 bitartean (Barack Obama, Hillary Clinton eta Joe Biden, hurrenez hurren), eta 2022an hasi zen errepublikanoen alde egiten. Diru-erregistroek diote bi alderdietako hautagaien aldeko dohaintzak egin zituela bi hamarkadatan zehar.

ESKUINERANTZ

Oro har sektore progresistetatik bultzatu ohi diren neurri batzuen aldeko agertu izan zen, hala nola oinarrizko sarrera unibertsala, armen kontrola eta ikatz emisioak zergapetzea. Era berean, baina, gobernuaren laguntzen eta legez kanpoko migrazioaren aurkari sutsua izan da (bere negozioetako askok milioika dolar jaso arren erakunde publikoetatik). Tesla auto elektrikoen burua izanik, kausa ekologisten aldeko agertu zen duela hamarkada bat. Hala, Mark Zuckerberg Facebookeko buruak gidatutako Silicon Valleyko lobby batetik dimititu zuen 2013an, oliobide polemiko bat sustatzen zuelako eta immigrazio legeak gogortzearen alde agertzeagatik. Bi urte beranduago Hillary Clintonen aldeko kanpaina lagundu zuen, eta Donald Trumpen nortasuna ez zela presidente izateko modukoa esan zuen NBC katean.

Trump Etxe Zurian sartzean zenbait kanpaina errepublikano bultzatu zituen, baina Etxe Zuriko aholkularitza kontseiluetatik dimititu zuen klima aldaketari buruzko Parisko Akordioetatik atera zuenean herrialdea. Aurretik, musulmanei herrialdera sartzeko debekua kritikatu zuen Muskek.

Covidarekin, ordea, eskuineranzko joeran sakondu zuen. Gobernutik ezarritako neurriak «faxistak» zirela salatu zuen, eta Kalifornia demokratatik Texas errepublikanora bizitzera joan zen. Aurrerago, beste horrenbeste egin zuen Tesla konpainiarekin ere: Fremonteko lantegia zabaldu nahi izan zuen 2020ko maiatzean, konderriak etxeratzea agindu zuen garaian. Uda hartan, Bolivian Evo Moralesen aurkako estatu kolpea gertatu zenean, «nahi dugunari emango diogu kolpea!», erantzun zion guztiaren atzean AEBak zeudela zioen Twitter-eko erabiltzaile bati.

Bidenen agintaldiarekin gero eta kritikoago agertu arren, Trumpekin ere xextran aritu zen. Presidente ohiak Muskek erosi asmo zuen Twitter-en aurka jo zuen, eta beste horrenbeste kritikatu zituen ordurako munduko aberatsena zen pertsonaren beste enpresa batzuk. Muskek, berriz, amore ematera deitu zion, ez zedin berriro aurkeztu hauteskundeetara.

2022ko urrian Twitter konpainia erosi zuen 44 mila milioi dolarrengatik. Aldaketa sakonak berehala antzeman ziren: ez bakarrik txorien txiotik hartutako enpresari izena aldatu eta X izendatzea, mezu arrazistak ere lehen egunetik biderkatu ziren. Enpresaren ugazaba berria ari zen, azken batean, gorrotozko mezuak zabaltzen. Hala, Nancy Pelosi buruzagi demokrataren senarrari etxean eraso ziotenean (larri zauritu zuten), salaketa homofoboak eta konspirazio teoriak bertxiotu zizkien jarraitzaileei (ehun milioi lagun baino gehiago), handik ordu gutxira ezabatzeko. Ordurako milaka aldiz errepikatu ziren Musken mezuak.

«Adierazpen aske absolutuaren» aldekoa dela adierazi izan du Elon Muskek. Lehen ere, probokazioa, troll-ariketak eta umorez mozorrotutako irainak zabaldu ohi zituen, baina konpainia bereganatzean erabateko kontrola hartu zuen. Era berean, «politikatik kanpo» geratu nahi zuela esan ohi zuen arren, errepublikanoen aldeko botoa eskatu zuen agintaldi erdiko hauteskundeetan. Ez zituzten uste bezain emaitza onak lortu, ordea.

Orduan, Trump bezain eskuindarra izan arren, haren oztopo judizialik ez zeukan Ron DeSantis Floridako gobernadorearen alde egin zuen Elon Muskek.

Aurrerago, bere profileko beste hautagai errepublikano bat babestu zuen, ohiko politikagintzatik kanpo enpresa teknologikoetan aberastutako pertsona bat, hain zuzen ere: Vivek Ramaswamy. Primarioak Trumpek irabazi zituen, alabaina.

Joan den uztailean Pennsylvanian haren aurkako hilketa saiakera izan zenean, lehen aldiz argi adierazi zuen Muskek Trumpen aldeko botoa, eta bere sare soziala ere haren kanpainan murgildu zen buru-belarri. AEBetan zegoen X/Twitter erabiltzaile guztiek ikusi zuten egun gutxian nola ugaritu ziren errepublikanoen aldeko mezuak beren mugikorretan.

Hauteskundeak irabazita, Donald Trumpek Elon Muskeri eta Vivek Ramaswamyri enkargua egin die “efizientzia saila” antolatzeko (DOGE, ingelesez). Berez ez da gobernu barruko kargu ofiziala izango, horretarako Kongresuaren oniritzia behar lukeelako. Horrek muga batzuk ezarriko dizkie proposatutako neurriak gauzatzeko, baina era berean administrazioaren zati izateak dakartzan kontrol egituretatik kanpo egotea ere ahalbidetuko die. Jadanik, prest dute agentzia federalak erabat desegin edo nabarmen murrizteko egitasmoa.