Tradizioa eta modernitatea elkar besarkatzen
Yerai Cortes artista ezaguna da flamenkoaren munduan, eta Anton Alvarezek (C. Tanganak), ezagutu zuenean, txundituta geratu zen haren talentuarekin.
Elkarrekin disko bat grabatzea erabakitzen dute, eta proiektuaren prozesu artistikoa erakutsi nahi izan du zuzendari espainiarrak bere lehen film luzean.
Premisa horretatik abiatuz, lan honek Cortesen bizitza pertsonala eta profesionala aztertuko ditu, eta bereziki gurasoekin duen harremanean eta musika flamenkoarekiko duen pasioan zentratuko da.
Anton Alvarez trebea da generoak fusionatzen eta mugak ezbaian jartzen. Bada, maisuki menderatzen dituen baliabide horiez baliatu da gustu estetiko eta narratibo nabarmenak dituen lan hau osatzeko.
Dokumentalak bilgarri ederra duen arren, une hunkigarrienak ez dira artistikoenak, pertsonaiak irekitzen diren uneak baizik. Eszena guztietan artearekiko eta musikarekiko grina barra-barra ageri da eta hori da lan honek duen onena: pasioa arnastu egin daiteke.
Yerai Cortes ezohiko figura da flamenkoaren barruan; ijito tradizionalistenek asko errespetatzen dute, baina baita uhin berriko artista abangoardistek ere. Erakutsiko du flamenko musikak eboluzionatzen jarraitzen duela. Tradizioak eta modernitateak elkar besarkatzen dute dokumental osoan zehar.
Pelikula laburra da, baina bizia. Bikainki harrapatzen du espainiar kulturan sakon errotutako genero musikal berezi horren arima.
Trailerreko irudiek eta hasierako gitarra soinuek eta txaloek ez zaitzatela engaina; hau ez da musikari buruzko film bat. Tira, edo ez soilik musikari buruzkoa. Musika aitzakia besterik ez da. Flamenkoari berari egiten zaion omenaldia izateaz harago, arteak mugak eta belaunaldiak nola gainditzen dituen aztertzen du.