Liderren aurka amildu dira Artola eta Mariezkurrena funanbulistak
Ezkurdia eta Rezustak jokaturiko bost partidak irabazi dituzte orain arte. Urdinak gaizki hasi ziren Eibarren, baina Artolak buruan pilotakada jaso eta gero 13-11raino hurbildu ziren. Hala ere, Mariezkurrenaren hutsegiteek erabaki zuten gorrien garaipena.
Gaizki hasi eta irabazten amaitzea ariketa oso zaila da, soka mehe baten gainean orekari eusten aritzen diren funanbulisten antzekoa. Arrasateko Uarkapen Santamasetako jardunaldian halaxe egin zuten Artolak eta Mariezkurrenak, 17-4 galtzen zihoazen Altuna eta Arangurenen aurka eta 19-22 gailendu ziren. Eguberri eguneko jaialdian ere hala egiten saiatu ziren Alegiakoa eta Berriozarkoa atzo Eibarren, baina Ezkurdia eta Rezusta Binakako Txapelketa Nagusiko liderren aurka amildegian behera amaitu zuten. Ez dituzte alferrik gorriek beren bost neurketak irabazi orain arte.
Ezkurdia eta Rezustaren alde 7-2 eta 11-4 izan zen markagailua, eta lehenengo atsedenaldi luzearen aurreko tantoan, nahi gabe, Mariezkurrenak sekulako pilotakada eman zion buruan bere aurrelariari. Zorionez, Artolak amaieraraino jarraitu ahal izan zuen, eta tarte batean maila bikaina ere eman zuen gipuzkoarrak. Ondorioz, 13-11 hurbildu ziren urdinak. Baina ez ziren berdintzeko gai izan. Partidak aurrera egin ahala, nekea antzeman zuten, Jon Mariezkurrenak bereziki.
Orotara, 12 pilota galdu zituzten urdinek, horietatik 9 atzelari nafarrak. Egia da Ezkurdiak berak ere 8 pilota galdu zituela, baina Rezusta oso sendo baten laguntzarekin gorriek, beren abantailari eutsi ez ezik, partidaren azken aldean nahiko eroso irabazteko parada ere eduki zuten.
KASKARREKOAREN UKENDUA
Kaskarrekoak mesede egin zion nonbait Artolari, eta kalte Ezkurdiari. Arbizukoak erasoan errazegi galdu zuen mozten hasitako pilota bat, eta Alegiakoa pizteko nahikoa izan zen, partidaren erdialdera. Ezkerrez bi tanto kateatu zituen aurrelari gipuzkoarrak, eta gorriek hutsartea eskatu behar izan zuten, Ezkurdiaren bolea ustel bat kontrakantxara ihesi joan ostean: 12-9 zen markagailua, aurrez 12-5 ibili eta gero.
Tantorik bizienak orduan jokatu zituzten. Hotz eta gaizki ekin ondoren berotu ziren urdinak, eta Ezkurdiak nozitu zuen kalterik handiena, ezker gantxoz zabalean tanto bat amaitzeko gai izan bazen ere. Mariezkurrena bera ere galantak ematen hasi zitzaion pilotari, eta Artolak defentsan lan bikaina egin zuen. Horrez gain, nola ez, Mariezkurrenaren bi hormakoa ere ez zen falta izan; 13-11 gorrien alde zela, Berriozarko atzelariak jokaldiarekin Astelena zutik jarri zuen.
Funanbulismo ariketak, ordea, arrisku handia dauka eta kale behin egitea nahikoa da goitik behera amiltzeko. Artolak kale pare bat egin zituen eta Mariezkurrena nekea antzematen hasi zen neurketaren azken aldera. Ezkurdia ere ez zebilen oso fin, baina hor zuen Rezusta atzean bizkartzain, partida osoan pilota bakar bat galtzeke.
Ondorioz, urdinak 18-15 hurbildu arren, handik 22ra zuzenean ihesi joan ziren gorriak. Ezkurdiak ez zuen bere egunik onena izan, eta nekez irabaziko du askotan zortzi pilota galduta. Baina Rezustaren bermea lagun, Arbizukoak eta Bergarakoak beren lidergoa sendotu zuten, bost jardunaldi pasa berritan bost garaipen eskuraturik. Eibarko Astelenan, behintzat, Artola eta Mariezkurrena funanbulistak ere amildu zituzten azkenean.