R. PASCUAL
RABUNI

166 familia ezer gabe, Dakhlan izandako uholdeen ondorioz

Uholdeek Dakhlan utzitako arrastoa.
Uholdeek Dakhlan utzitako arrastoa. (SAHARAKO ILARGI GORRIA)

Azken hilabeteotan arazoak eta beharrak biderkatu egin zaizkio Polisarioari: beren lurra ebatsi zietenez gero, mende erdia daramate sahararrek basamortuaren erdian bizitzen. Oinarrizko beharrizanak asetzeko zailtasuna gero eta handiagoa da, eta berezko larrialdi humanitario horri gaineratu behar zaio irailean Dakhlako Wilaya-n (probintzia) izan ziren uholdeek eragindako egoera makurra.

Azken datuen arabera, 166 familia dira uraldi horien eraginez dena edo ia dena galdu dutenak. Hala adierazi zien Saharako Kooperazio Ministerioko idazkari nagusiak, Chejna Mohamed El Mehdik, Pasai Donibaneko Bixi Bixi eta Leioako Epi y Blas elkarteetako kideei. Abenduaren hasieran Tindufeko kanpamentuetara eginiko bidaia baten aitzakian izan ziren harekin, Rabuniko bere bulegoan.

Edozein gobernurentzat ez da samurra halako egoera bati aurre egitea, baina larritasuna biderkatu egiten da erantzuteko baliabideak gero eta gutxiagorako ematen duen laguntza humanitarioaren mende daudenean. Oinarrizko saskia gero eta hutsago dago. Horregatik, Saharako agintarientzat ezinbestekoa da lehentasunak ezartzea, nahiz eta kanpamentuetan bizi den panoramarekin erraza ez izan.

Urak suntsitu zituen etxeetako asko adobezkoak ziren, eta Polisarioak berreraikuntzan du jarrita arreta orain. Beren kalkuluen arabera, etxe bakoitza berriz eraikitzeak 85.00 dinar inguruko kostua du (5.000 euro inguru), eskulana barne.

Matematikak, baina, krudelak dira, eta bildutako diruak ez du ematen dena ordaintzeko. Horregatik, familia bakoitzari eraikuntzarako materiala emango zaio eta beraiek jarri beharko dute eskulanari dagokion partea. «Baliteke horrela dena motelagoa izatea eta gauzak guztiz ondo ez egitea, agian etxe guztietan ez dagoelako eraikuntzaz dakien norbait, baina laguntza denontzat iris zedin hartu dugu erabaki hau», azaldu zuen Mohamedek. Kooperazio Ministerioaren egituran, Fatma Mehdi ministroaren ondoren, bera da bigarren arduradun nagusia.

Bere lanetako bat da elkarte eta erakunde desberdinek planteatzen dituzten proiektuek elkar ez zapaltzea eta bikoiztasunik ez egotea.

Helburu horretan lagundu asmoz, hain zuzen, Bixi Bixi elkarteko kideek Saharako agintariei 2.000 euroko larrialdi-laguntza emateko ere baliatu zuten bisita. Lankidetzarako idazkari nagusiak biziki eskertu zuen euskal elkarte eta erakundeek saharar kausarekiko historikoki erakutsi duten elkartasuna.

«EUSKAL HERRIAREN ELKARTASUNARI ESKER BIZI GARA»

Ez du hitz egiteagatik edo konplimendu gisa hitz egiten. Gizon zuzena da, itzulingururik erabiltzen ez duena. Urteek eman dioten eskarmentutik mintzo da: «Hamabost urte baino gehiago daramatzat Lankidetza Ministerioan, eta Euskal Herriak egin duena kalkulaezina da: udalak, aldundiak, mugimendu solidarioa, Legebiltzarra, Lankidetzarako Euskal Agentzia, Ertzaintza bera... Oso eskertuta gaude».

«Badakigu zer den Euskal Herria. Ez dut ahalkerik kanpamentuetan Euskal Herriaren eta beste herrialde batzuen elkartasunari esker bizi garela esateko», azpimarratu zuen, euskal delegazioarekin izan zuen topaketa irribarre zabal batekin eta anaitasunezko bi hitzekin amaitu aurretik: «Eskerrik asko».