Behin betiko «bake, konponbide eta elkarbizitzaren» aldarria, U11ri begira
Mobilizazio jendetsua osatu zuen atzo eguerdian Sarek Donostiako erdigunean, Gabon giroan eta bi aste barru Bilboko kaleak beteko dituen manifestazio erraldoia iragarriz. ETAk bere jarduera amaitutzat eman zuenetik 13 urte pasatu ondoren salbuespen legeek indarrean jarraitzen dutela salatu dute Gipuzkoako hiriburuko kaleetan.
Gabonetako mobilizazio egutegian aurrera eginez, manifestaldia burutu zuen atzo Sarek Donostia erdialdean, Bulebarretik abiatuta. Aurten Martutenetik hiri erdira ekarri nahi izan zuten aldarrikapena, «hiri guztian zehar ikus dezaten». Aurretik Bilbon, Gasteizen, Iruñean eta Baionan gertatu zen legez, “Behin betiko” leloa erabili zuten, bi aste barru, urtarrilaren 11n, Bilboko urteroko mobilizazio nagusian izango den bera, alegia.
«Behin betiko» honek hiru «abizen» ditu: «Bakea, konponbidea, elkarbizitza». Nahikari Iturbek bildu zituen mobilizazioaren nondik norakoak abiatu aurretik, eta Izaro Lozanok egin zuen bukaerako hitzaldia. «Gabonetan badira momentu tristeak ere, ondoan falta ditugunak gogoratzeko momentuak ere badira, eta biolentzia ezberdinen eraginez gure ondotik joanak edo espetxean lau hormen artean edo erbestean daudenez gogoratzeko egunak ere bai», oroitarazi zuten.
«Etorkizunera begira jarriak gaude jada, eta espetxeetan euskal presorik egongo ez den etorkizuna da amesten duguna -nabarmendu zuten-. Izan ere, ETAk bere jarduera amaitutzat eman zuenetik 13 urtetara, oraindik ere, 133 euskal preso daude espetxean, 19 euskal herritar inguru iheslari eta deportatu artean. 13 urteren ondoren salbuespen legeek indarrean jarraitzen dute; estrategia antiterroristapean bideratutako legeak orduan ere euskal presoak modu bidegabean zigortu bazituen ere, are ageriago ikusten da lege horiek egun suposatzen duten salbuespena».
«Horregatik, eragile sozial eta politikoen, sindikatuen, alderdien eta gizartearen ardura da, oro har, etorkizunera begira jarri eta salbuespenekin amaitzea, sufrimenduarekin amaitzea, gatazkaren konponbideari aterabide integral bat eskaintzeko lanean aritzea», erantsi zuen Sarek.
URTEKO AZKEN OSTIRALA
Atzoko mobilizazio honek azken ostiralekoei jarraipena eman zien. Dozenaka herritan (55 elkarretaratze egin ziren guztira) 2.620 lagun bildu ziren. Iruñean Udaletxe Plazan burutu zuten elkarretaratzean, pankarta handia zabaldu zuten. Ipar Euskal Herrian ere ekimen ugari izan zen: Baionan, Hendaian, Donibane Lohizunen, Itsasun, Azkainen... Urteak eman duenaren balantzea egitean, Sarek eta Etxeratek balorazio ona egin zuten, aurrerapausoak eman direlako dispertsioan -lege arrunta jarraituz etxerako bidea hasi duten biolentzia ezberdinen biktimei dagokienez-; «Biktimek merezi duten egiaren eta aitortzaren bidean pauso nabariak ikusi ditugu. Etxerako bidean zein biktimen egian edo aitortzan, ordea, bide luzea dugu egiteko oraindik, gatazkak utzitako ondorioek ondorio izaten jarraitzen baitute», erantsi zuten.
Gauzak honela, «urte berriari, aurrez emandako pausoetan mantendu eta pauso horietan sakontzea eskatuko diogu», adierazi zuten.