Mila
Bisitan joatekoak ginen, baina ezinezkoa da, ospitaleko gelan «apalago dagoela eta bisitak albo batera uzteko» erran baitigu Aitzolek. Mila Idiakez dago gela horretan, emakume adoretsu eta alaia, feminista, hatz ttipitik azken ile puntarainoko borrokalaria, askatasun zalea.
Gazte mugimenduko militantzian elkar ezagutu ginenon guatxap taldean Milaren berri jasotzen dugu, nola doan, nola dabilen, buruko tumorea hedatu zaiola eta ez dagoela zereginik. Horrek eraman nau bere oroitzapena hedatzera, bizi deino hitz hauek soberan izatea nahiago baitut faltan baino.
KASeko egoitzan ezagutu genuen Hernanin, Egizan sortu eta suspertzen. Akuilu bat zen Egizan, Mugimendu feministari eraginez, emakumeen kontzientzia astinduz eta antolakuntza bultzatuz, eta Ezker Abertzaleko kontzientziari hitz egiten zion zuzenki, inplikazio feminista areagotu zezan. Juan Maria Atutxak haren ilegalizazioa ere eskatu zuela nola ahantzi.
Gazte mugimendukooi maitasun anitz luzatu zigun Milak, magala; horra orain itzuli nahi diogun esker hitza. Azken egunotan Aleksandr Solzhenitsynen “Minbiziaren Aretoa”-rekin nabil bueltaka. Etenik gabeko ahalegin bat dela bizitza, borroka iraunkor bat, eta heriotza borroka horren bukaera baizik ez dela. Oinarri horietan ulertzen dut minbizia, Solzhenitsynek dioen bezala, batailarik zailena ez baita gaixotasunaren aurka eraman beharrekoa, gaina hartzen saiatzen den desesperantzaren aurkakoa baizik. Eutsi esperantzari, Mila, etxekoek borrokari, maitasunaren bizitzari.