Frantziar Armada Afrikan, hutsaren hurrengo
Boli Kostan dauden 600 militar frantziarrak urtarrilean hasiko dira herrialde horretatik erretiratzen, bertako presidente Alassane Ouattarak iragarri duenez. Senegalek ere, Txadek bezala, duela gutxi iragarri du metropoli zaharrarekin zituen defentsarako akordioak amaitu direla. Hori guztia, aurreko Frantziako Gobernu laburrak, Emmanuel Macron presidentearen enkarguz, joan den azaroan Afrikako frantziar presentzia militarraren «berrantolaketa» aurkeztu ondoren.
Estatu kolpeak eta gatazka gordinak ia ohikoak izan dira azken urteetan Afrika mendebaldean. Joan den abuztuan, Europako Batasuneko Kanpo Arazoetarako goi ordezkari Josep Borrelek Afrikako politikaren berrikuspen sakona iragarri zuen, Malin, Burkina Fason, Nigerren eta Gabonen izandako estatu kolpeen ondoren; azken herrialde horrek izan ezik, beste hirurek ere eskatu dute frantziar soldaduak erretiratzeko. Jakina, Europako agintariarentzat kezkagarriena zen Wagnerren mertzenario errusiarrak Afrikako hainbat herrialdetan egotea. Berrikuspen hori «lankidetza borondate batetik» aipatu zuen; beraz, ordura arte lankidetzarako borondate hori ez zela egon onartu zuen. Ezin da eskualdean egonkortasunaz hitz egin; hala ere, herritarren artean, bereziki gazteen artean, sentipen antikolonialista nabari daiteke, sentipen hori beste interes batzuek ere manipulatu dezaketen arren.
Ezegonkortasun hori eta ezinegon gero eta handiago hori Europaren eta besteren politika neokolonialen ondorio dira. Estatu horien interesetan eta inoiz ez herrialde horienetan oinarritutako politiken ondorio; izan ere, haien interesa ez da herrialde haien garapena. Paperaren gainean herrialde independenteak, baina beren metropoli zahar edo berrien menpekoak, etengabeko gatazkan eta migrazio iturri dira. Migrazio gogaikarria Europarentzat, herrialde horietako negozio eta kontrol geopolitikoa ez bezala. Mendebaldeak Afrikako herrialdeekin duen «lankidetzarekin» zerikusi gutxi du horrek. Borrellek berak «afrikar arazoetarako afrikar konponbideen» aldeko apustua azpimarratu zuen, afrikar konponbideak ez duela kanpoko tutoretzarik behar ulertu nahi izan gabe.