Lasok eta Iztuetak orain arteko lider sendoen hegemonia apurtu dute
Baikoko bikoteak seigarren puntua lortu du, orain arte lider bakarrak ziren Ezkurdia-Rezustari gailenduz. Hala, bi bikoteak daude orain gorenean.
Binakako Txapelketako aurkezpenean, Martxel Iztuetak Lehen Mailakoekin debuta egingo zuela ikustean, beldur pixka bat sartuko zitzaion bati baino gehiagori. Egia da aurrean Lau eta Erdiko Txapelketa irabaztetik zetorren Unai Laso izango zuela, baina txapelketa hain luze bati aurre egitea ez da edonolako erronka. Halere, tolosarra, partidaz partida erakusten ari da bikotearekin oso ondo konpontzen dela. Azken emaitza hor dago: atzo, Azkoitian, orain arte lider bakar zirenei irabazi diete, egurra emanda.
Ezkurdia eta Rezusta dena irabaztetik zetozen Azkoitira, baina atzo gutxi egin ahal izan zuten Laso-Iztuetaren aurka. Eta hori Aspekoak 4-0 aurreratu zirela. Baina Baikokoek buelta eman zioten segituan markagailuari 0-9ko partzial bati esker (4-9).
Hortxe hasi zen balantza aldatzen. Gorriek beste tanto bat egitea lortu zuten 5-9koa ipintzeko, baina alferrik izan zen, ondoren urdinek 21eraino alde egin baitzuten. Beste tanto bat egiteko aukera izan zuten Ezkurdia-Rezustak, baina garaipena Laso-Iztuetarentzat zen dudarik gabe, eta halaxe izan zen.
Aipatzekoa da Unai Lasok sei tanto egin zituela sakez, eta hori horrelako txapelketa batean oso garrantzitsua izaten da. Gainera, jokoan beste zortzi egin zituen. Atzean, Iztuetak bi egindako eta beste bi galdutako izan zituen; zenbaki onak atzelari batentzat.
Gauzak hala, zazpigarren jardunaldiari amaiera ematen zion neurketa honen ostean, Ezkurdia-Rezusta eta Laso-Iztueta berdinduta daude sailkapeneko goiko partean, sei punturekin. Ondoren datoz Elordi-Zabaleta eta Artola-Mariezkurrena II.a, bost garaipenekin; Jaka-Imazek hiru dituzte; Altuna III.a-Arangurenek, bi; Peña II.-Albisuk, bat; eta Peio Etxeberria-Martijak garaipenik gabe jarraitzen dute.
PALAKO BURUZ BURUKOA
Bertan lehiatuko diren hamar palistak Bilboko Bizkaia pilotalekuan bildu ziren atzo. Hor jokatuko dira txapelketako neurketa guztiak eta txapela otsailaren 7an banatuko da.
Hamar palistak bi eskaileratan banatuta daude. Lehenengoan daude Maldonado, Ibai Perez, Gaubeka, Gordon eta Alkorta. Bigarrenean arituko dira, berriz, Urrutia, Necol, Fusto, Madariaga eta Del Rio.
Gaur bertan hasiko da, 19.15ean abiatuko den jaialdian. Bertan, lehen kanporaketan, Del Rio eta Madariaga arituko dira, batetik, eta Gordon eta Alkorta, bestetik.
Hilaren 10ean, berriz, bigarren kanporaketa bat jokatu beharko dute. Bertan, gaurko garaileak (Del Rio edo Madariaga) Fusto izango du aurkari; eta Gordonek edo Alkortak, aldiz, Gaubekaren aurka aritu beharko du. Finalerdiak 17an, 24an eta 31n jokatuko dira.