GARA
KOPA

Athletic txapeldunaren debuta eta Osasunaren izpiritua Tenerifen

Iazko Kopako txapeldun den talde zuri-gorriak etxetik gertu jokatuko du gaur (21.30), Logroñesen aurka, Alex Padillak 2029ra arte kontratua berritu duela baieztatuta. Osasuna Tenerifera joango da (16.30) eta titular askok jokatzeko aukera izango dute.

Alex Padillak 2029ra arte berritu du kontratua Athleticekin.
Alex Padillak 2029ra arte berritu du kontratua Athleticekin. (ATHLETIC CLUB)

Urte berria, asmo berriak. Athleticek eta Osasunak konpromiso garrantzitsuak dituzte gaur Koparekin. Iazko txapelduna, batetik, etxetik gertu lehiatuko da, Logroñesen aurka (21.30ean); gorritxoek, berriz, bidaia luzea egin behar izan dute Teneriferaino eta baliteke normalean titular diren jokalari askok bertan jokatzea.

Athleticek beste nobedade batekin jokatuko du Logroñon. Izan ere, Alex Padilla atezainak (21 urte) kontratua berritu zuen atzo 2029ko ekainaren 30era arte, sinatuta zeukana baino hiru denboraldi gehiago. Zarauztarra gazte mailan sartu zen Lezaman eta etengabe hazi da denboraldi honetan lehen taldean debuta egin duen arte.

Ernesto Valverderen aginduetara Padillak egindako estreinaldia bikaina izan zen Getaferen aurka San Mamesen, eta, ondoren, beste hainbat erakustaldi egin zituen Barçaren, Celtaren, Sevillaren eta Gironaren aurka. Gainera, denboraldi honetan ere Mexikoko selekzio absolutuak deitu du, amaren sorterria dela-eta.

Gaurko partidari dagokionez, Bigarren RFEF mailan dabilen aurkaria izango dute aurrean; hori bai, harmailak beteta egongo dira 15.000 zalerekin. Athleticek iazko titulua defendatu beharko du, hemendik aurrera dituen Saudi Arabiako Superkopa -datorren astean-, Liga eta Europa Leagueko beste erronka politei aurre eginda, gainera.

Min hartuta dauden Iñigo Ruiz de Galarreta, Oihan Sancet eta Yeray Alvarez gabe, baliteke Ernesto Valverdek hainbeste minutu ez dituzten beste jokalari batzuei aukera ematea: Unai Nuñez, Andoni Gorosabel, Iñigo Lekue, Adama Boiro, Ander Herrera, Mikel Vesga, Alex Berenguer, Unai Gomez, Alvaro Djalo eta Nico Serrano.

Bestela, prest daude betikoak ere: Dani Vivian, Aitor Paredes, Yuri Berchiche, Mikel Jauregizar, Beñat Prados, Iñaki eta Nico Williams anaiak eta Gorka Guruzeta.

TENERIFE-OSASUNA

Osasunaren erronkak ez dira txikiagoak. Ligan hamargarren postuan finkatuta, Kopak ematen duen ilusioarekin abiatu dira Tenerifera (16.30ean). Gainera, azken derbian Athleticen aurka jasotako porrota oraindik ahaztu gabe dutela, minduta puntu batekin joan dira.

Gaurko aurkaria Bigarren Mailako azken sailkatua da; beraz, alde horretatik, hasiera batean, gorritxoek ez lukete arazorik izan beharko. Baina kontuz, Alvaro Cervera entrenatzaile berriak debuta egingo baitu Teneriferekin, eta egoera hau beti izaten da arriskutsua aurkariarentzat.

Kopak Osasunan pizten duen ilusioa ikusita, ez litzateke harritzekoa Vicente Morenok normalean minutu gehien dituzten jokalariei aukera ematea, sailkapena lortzeko bide horretan “errazagoa” izateko. «Ez da ezer ezkutatu behar. Ez dugu kontuan izaten jokalari batzuek Liga jokatu behar dutenik eta beste batzuek Kopa. Batzuetan hala dirudi, baina horretatik aldentzen saiatzen naiz», azpimarratu zuen entrenatzaile gorritxoak atarikoan.

Osasunak bidaia luzeak egin ditu aurreko kanporaketetan Chiclana (0-5) eta Ceuta (2-3) kanporatzeko, baina Gabonek atseden puntu bat eman diote taldeari eta honek ez luke aitzakia izan behar. 2025a bikain hasteko lehen urratsa Tenerifen dago.