Merkealdiak 12.000 kontratu sortuko ditu Hego Euskal Herrian
2025eko urtarrileko eta otsaileko merkealdi kanpainak 12.000 kontratu inguru sortuko ditu Hego Euskal Herrian merkataritza, garraio eta logistika sektoreetan, iaz baino %18 inguru gehiago, Randstat giza baliabideen aholkularitzako enpresa globalak esan duenez.
Randstad giza baliabideen aholkularitzako enpresa globalak aste honetan argitaratutako kontratazio aurreikuspenen arabera, 2025eko neguko merkealdi kanpainan zehar 12.000 kontratu inguru sortuko dira Hego Euskal Herrian merkataritza, garraio eta logistika sektoreetan.
Lurraldeka, Bizkaian 4.180 kontratu sinatuko dira, 2024an baino %21,7 gehiago (3.435); Araban 2.155 sinatzea aurreikusten da, 2024an baino %20,4 gehiago (1.790); eta Gipuzkoan 3.115 lanpostu gehiago beteko dira, aurreko urtean baino %13,5 gehiago (2.745). Nafarroan 2.480 kontratu berri izango dira, 2024an baino %16,7 gehiago (2.125).
Estatu espainiarreko aurreikuspenekin alderatuta, zifrak oso antzekoak dira; izan ere, aurreko urtean baino %19,8 kontratazio gehiago egitea espero da. Guztira, 172.450 kontratazio espero dira. Kataluniak (31.400), Andaluziak (28.280) eta Madrilgo Erkidegoak (28.025) sortuko dituzte kontratazio guztien %51.
Jesus Fernandez Lima Randstad Iparraldeko Aldi Baterako Laneko zuzendariak adierazi duenez, «e-commerce delakoaren gorakadak eta kontsumo ohitura tradizionalagoetara itzultzeak merkataritza jardueran gorakada eragingo dute merkealdi kanpainan zehar». Jokabide horri esker, «funtsezko sektoreak, hala nola garraioa eta logistika, enpleguaren hazkundean liderrak izan daitezke».
Gehien eskatzen diren profilak paketatzaileak, eskorga gidariak, biltegiko langileak, garraiolariak, saltzaileak eta bezeroen arretarako langileak dira, Randstadek ohar batean azaldu duenez. Gainera, gehien baloratzen diren trebetasunen artean, gaitasun digitalak menderatzea nabarmentzen da, hala nola tresna eta plataforma teknologikoak.
Facua kontsumitzaileen elkarteak kontrolak areagotzeko eskatu die agintari autonomikoei, iruzurrak eta gehiegikeriak saihesteko.