Andoni LUBAKI
GAZAKO INFERNUA EKIALDE ERTAINERA ZABALTZEN ARI DA

Alauiak kexu, Al-Assad-en ondorengo Siriako egoerarekin

Siriako gutxiengoetariko bat diren alauiak kexu dira islamistek, salafistek eta jihadistek osatu duten gobernu berriarekin euren egoera larriki okertu delako. Al-Assad diktadorearen sekta berekoak ez direla diote, eta Bashar eta Hafez aitaren garaian eurek ere asko sufritu zutela ziurtatzen dute.

Alaui talde bat, Oush al-Warwar auzoan.
Alaui talde bat, Oush al-Warwar auzoan. (Andoni LUBAKI)

Rami taxi gidaria da. Damaskon, Yarmuk auzotik gertu dagoen eta erlijio anitzeko jendea bizi den auzune batean bizi da. «Siriako gehiengoak uste du alauiok Al-Assad familiaren erregimenarekin aberastu egin garela. Begira zenbat aberastu naizen ni taxi bat gidatuz», kontatu dio Ramik GARAri.

Oush al-Warwar Damaskoko auzo alauira goaz. Inguruan, HTSk (Gobernu berria osatzen duen jihadista-islamista koalizio politikoak) miliziano armatuak jarri ditu eta bertakoak ez direnei ez die sartzen uzten. Baina Ramik gidatzen duen taxia ez da batere susmagarria eta leihotik besoa ateratzea nahikoa du pasatzen utz diezaioten. «Gure segurtasunagatik egiten dutela diote, baina irudi hauen guztien azpian gure ahotsa itzaltzea nahi dute. Ez dut uste beste kazetaririk sartu denik hemen. Gehienak, baimena eskatzean, Gobernu berriko Informazio Ministerioan (Damaskon) dagoen eta jarri berri duten Alauien bulego batera zuzentzen dituzte. Bulego eta jende hori Gobernu berriarekin ari dira lanean; gainera, Al-Assad-en garaian lan egiten zuten berberak dira. Hemen guretzat irudi aldaketa bat besterik ez dela egon esan dezaket erabat ziur», gehitu du Ramik.

HOMS ETA DAMASKON PROTESTAK, ALEPON ERASOAK

Alauien aurka eraso asko izan dira azken hilabeteetan. Musulman sunien artean muturrekoek (salafistek) Jainkoan ez dutela sinesten leporatzen diete. Jihadistek -Estatu Islamikoaren jarraitzaileak, kasu- deabrua gurtzen dutela diote. Gauzak honela, aurreko astean Alepo hirian dagoen Hassan bin Hamdan al-Khasibi hilobia arpilatu eta erre zuten HTS taldeko kide batzuek, Estatu Islamikoaren ikurra besoan agertzen zuten kide batzuekin batera. Gatazka hasi zenetik bigarren aldia da eraikin eta leku sakratu hau erretzen dutela. Lehenbizikoa Estatu Islamikoak hiriaren kontrola hartu zuenean gertatu zen.

Ekintza horrek Siriako alde guztietan haserrea piztu du eta protestak izan dira Estatuko hiri handienetan, Idlib eta Alepon izan ezik. Azken bi hiri hauetan, muturreko islamisten presentziak egoera gero eta itogarriagoa egiten diela dio. «Badakite kamerak itzaltzean mehatxu egingo dietela manifestariei. Hiri horietan ez dago hainbeste kazetari eta egoera okerragoa da. Ez soilik geuretzat, baita kristauentzat ere. Idliben kristau bakarra dago, eta lehenago 2.000 ziren», ziurtatzen du Ramik.

Iranek bere enbaxada berriro zabaldu nahi du Damaskon, Abbas Araghchi Atzerri ministroak adierazi duenez. Halere, oraindik trantsizioko Gobernuak ez die baimenik eman, beste herrialde batzuei eman bezala, Estatu Frantsesari, adibidez. Kazetari bakan batzuei bidalitako mezu batean, adierazi zieten HTSko goi-kargu militarrek ez dutela Errusia eta Iranen enbaxadarik nahi. Erasotu eta bonbardatu dituen «etsaiari atea irekitzea litzatekeela» diote.

AEBetako Gobernua, oraindik Biden-en eskuetan, presioa egiten ari da enbaxada jakin batzuk ireki ez daitezen. Erdogan presidente turkiarraren Gobernuak ere ez ditu bere arerio diren nazioen banderak Damaskoko hiriburuan ikusi nahi, Armeniarena, esaterako. Honela adierazi dio Mohammed Khouri Barne Ministerioko idazkariak, grabatzeko baimenik eman gabe, GARAri. Boterea lortzen lagundu dieten Estatuak soilik ari dira bisitan momentuz Damaskon. HTS Damaskora iritsi zenetik, lehendabiziko hegaldi komertziala Qatar-etik iritsi da, islam politikoa bultzatzen duen herrialdetik. Bitartean, trantsizio Exekutiboak barne gatazkak ekidin nahi ditu nazioartea begira dagoen bitartean, eta ez dute haserrea piztuko lukeen barne mugimendu sakonik egingo.

BEHARTSU IZATERA DERRIGORTUTA

Taxiak nekez egiten du aldapan gora. Kale estuetatik irteteko hainbat maniobra egin behar ditu Ramik. Irteteko esan digu, hemen ezin duelako kotxerik utzi. «Trafikoa oztopatuko nuke eta beste alde batean aparkatuko dut».

Segituan bizilagun ugari agertu dira eta haserre daudela argi dago. «Al-Assad diktadore bat izan zen. Munduak uste du aberatsak bezala bizi ginela. Baina begira ze baldintzatan bizi garen. Argindarra egunero bi orduz baino ez dugu. Eta ez da oraingo kontua, beti izan da horrela», dio kamera aurrean Abdelkarim Dimoul-ek, auzokide elkarteko presidenteak.

Bizi egoera kaskarrak ia argirik gabe bizirautera derrigortzen ditu. Auzo osoan hondakin usaina dago eta iturrietan urik ez dagoela egiaztatu dugu. «Ura erosi eta teilatuetan ditugun deposituetan metatzen dugu. Arazoa zera da, kamioiek ezin dutela hain malda handia horren kale estuetan igo. Auzolanean, beheko bidetik motoetan 25 litroko botiletan igotzen dugu ura. Hau da, Damaskon baino hiru aldiz gehiago ordaintzen dugu bizitzeko premiazkoa dena», salatzen du.

Al-Assad-en erorketaren ondoren, zaila dirudi erlijioen arteko oreka lortzea. Sektarismoaren arriskua areagotzen ari da herrialde osoan. Erlijio, etnia eta pentsamolde bakoitza bere posizioa hartzen ari da etorkizunean izango duen egoerara moldatzeko. Edozein txinpartak piztu dezake itzaltzeko zaila izan litekeen sutea. Behartsuak zirenak orain behartsuak eta seinalatuak dira. Al-Assad-en Gobernuan agintean zeuden funtzionarioek, aldiz, berberak izaten jarraitzen dute.