Andoni ARABAOLAZA
ESKALADA ARTIFIZIALA

Andeka Escolarrek eta David Palmadak bide futurista bat sortu dute Teruelen

Abenduaren 21etik 24ra, bi eskalatzaileok Cañon Rojo izeneko horman “Teruel existe” bidea ireki zuten. Protagonistok ez dute zailtasunaren inguruan proposamenik egin, baina, diotenez, lokatz lehor horretan eskalatzea oso berezia eta zaila da.

Bi eskalatzaileok Cañon Rojo izeneko horman lehen marra sortu dute.
Bi eskalatzaileok Cañon Rojo izeneko horman lehen marra sortu dute. (David PALMADA)

 

”Dakar rally”-ra lanera joan baino egun batzuk lehenago, David Palmada “Pelut”-ek mezua helarazi zigun. Teruelen dagoen Cañon Rojo paretan ibili zela aurreratu zigun. Cañon Rojo? Guztiz ezezaguna egin zitzaigun. Baina informazio pixka bat jaso ondoren, ohartu ginen beste behin “Pelut” deabrukeriatan ibili zela. Baieztapen horretan ez dago zalantzarik.

Manresako eskalatzailea berriro ezohiko eskalada batean murgilduta egon da Andeka Escolar sokakidearekin. Kareharriak, granitoak edo konglomeratuak badirudi aspalditik ez dutela “Pelut’-en hiztegian toki berezirik. Lokatz lehorrak eta hareharriak, aldiz, bai. Eta kalitatea? Bada, eskuarki, oso txarra “aukeratzen” du.

Dakarrera joan aurretik GARAk hitzordua egin zuen “Pelut”-ekin, eta lehen hitzek argi uzten dute bi eskalatzaileon abentura berezia izan dela oso: «Horma hori (horrela deitu badaiteke) ezagutu nuenetik, eskaladaren bat egitea otu zitzaidan. Andekak eta biok murru bitxi horretan ibilbide bat sortu dugu. Oro har, oso prekarioa da, eta horregatik zaila egiten zait maila bat proposatzea. Zaila da, eta errepikatzeko aukera duenak iritzia emango du. Lasai asko esan dezaket marra futurista bat dela; izan ere, lokatza eta hareharria nagusi dira».

Bada, fantasia gaiztoekin lotu duen dorre horretan, abenduaren 21etik 24ra, Escolarrek eta “Pelut”-ek “Teruel existe” ireki zuten. Izan berri duten abentura horren inguruan, “Pelut”-ek dio amesgaiztoa izan dela: «Bide hori eskalatzera ausartu nahi duenari esan behar diot ezohiko eskalada dela. Utah-ko (AEB) lokatzean asko eskalatu dut, baina Terueleko hau beste kontu bat da. Lokatz erraldoian murgiltzen zara. Ondo zaintzen baduzu, ziur aski lagunak izango zarete. Baina sumintzen baduzu… Ez dakit».

“Pelut”-ek munduko hormatzar ugari eskalatu ditu. Utah aipatu du, baina Teruelen izan duten eskarmentuak asko bete du: «Ez dakit normala den, baina beti urrutiko lekuetara bidaiatzen dugu. Badirudi atzerrira irteten zarenean eskaladak beste dimentsio bat hartzen duela, baina etxean bertan leku paregabeak ditugu. Eta horiek maiz ihes egiten digute. Teruelen, adibidez, paradisu txiki bat aurkitu dugu. Uste dut etxeko kontuekin ezjakinak garela. Teruel existitzen dela argi geratu zaigu. Terueleko maitaleen inguruan ere asko entzun dugu. Eta hori guztia esanda, Andekari eta bioi argi geratu zaigu Teruelekin maitemindu garela edo maitale bihurtu garela. Kosta egin zaigu Cañon Rojora joatea. Baina, azkenean, izarrak lerrokatu ziren eta Teruelera hotz handia pasatzera abiatu ginen».

Aurreratu bezala, eskalatzaileok abenduaren azken egunetan “arroka” berezi horrekin gogor borrokatzen izan ziren. “Pelut”-ek berak onartu digu azken urteotan harkaitz txarraren, zaborraren, blokeen edo egitura arriskutsuen sarean erori dela: «Maiz galdetu didate zergatik egiten ote dudan apustu hori. Zergatik aukeratzen ditudan helburu berezi horiek. Erantzuna oso argia da: arroka horietan bizipen oso sendoak izaten ditut. Arriskua, prekaritatea… Hitz horiek guztiek harrapatzen naute. Jakina, muturreko zailtasunak ere bai. Azken eite horri dagokionez, onartu behar dut zailtasun handiko bideak eskalatu eta zabaldu ditudala. Baina zenbaki eta letra horiekin nekatu naiz. Hortaz, gaur egun sentsazioei eta beldurrari lehentasuna ematen diet».

“TERUEL EXISTE”

“Pelut”-ek aurreratu digu Cañon Rojo edo Rambla de Barrachina bezala ezaguna den murru hori lasterketa batean lanean ari zela ikusi zuela. Formazio bitxiak zirenez, informazioa bilatzen hasi zen. Eskaladaren inguruan ez zuen hitzik aurkitu; hots, ukitu gabe omen zegoen.

Urteen poderioz, alderdi horretan eskalatzeko xedea indartzen joan zen. Motorrarekin hurbildu eta lokatzezko egitura horren aurrean jarri zen: «Nire asmoa zen aurrez aurre jarri eta nire barruan zer edo zer piztuko ote zen jakitea. Izaera horretako helburuetara joaten banaiz, argi dut eskalatuko ditudan horma eta arroka jakin horiek motibatu behar nautela. Barruak mugitzen badira, orduan xede horrek indarra hartzen du. Oro har, baiezta dezaket sentsazioek eta senak gidatzen nautela. Gainera, Andekarekin zorte handia dut. Nahiz eta abentura zorrotz baten aurrean jarri, egoera guztiak errazten ditu. Iazko neguan, Andeka eta biok hareharrizko Fisher dorreetan izan ginen, eta ondorioztatu genuen den-dena ikusita zegoela. Baina ez da hala izan. Cañon Rojok bestelako aurpegia erakutsi digu: hareharri hori oso-oso biguna da. Gure itxaropena zen murruaren goialdean kareharri trinkoagoarekin topo egitea. Baina ez zen hori gertatu; testura aldatu zen, baina ez arrokaren prekaritatea».

TRESNERIA SEGURUA KOKATZEN

Hori guztia esan eta gero, “Pelut”-ek gehitu du “Teruel existe”-n tresneria segurua kokatzea zaila izan dela; oro har, txarrak edo oso txarrak dira kokaguneak. Mailuaren hotsak segurtasunik ez zuen ematen, eta horrez gain, garbiketa lan ikaragarria egin behar izan zuten. Irudian ikusten den bezala, une jakin batzuetan pioleta hartu eta lokatz ezegonkorra garbitzen jardun zuten. Aseguratzen ari zenak “luizi” horiekin buruhauste bat baino gehiago izan zituen.

Egoera desatsegina zen, baina, zorionez, jarduera horrek aurpegi gozoagoa erakutsi zien. Hegoaldeko isurian eskalatzen ari ziren, eta, hortaz, eguzkiak ia egun osoan epeltzen zituen: «Horrek asko lagundu zigun eskalada osoan. Progresioak bestelako aurpegia erakutsi zigun. Edozein iltze hartu eta ahalik eta hobekien jartzen saiatzen ginen. Beldur egoeren aurrean, berriz, “spectron” edo “tomahawk”-en bat txertatzen genuen; dantza arin batean murgilduta geunden!».

Manresako eskalatzaileak onartu digu hirugarren luzeak zalantza batzuk sortu zizkiela: «Eroria duen artesi moduko batean nengoen. Sekzio horrek kareharrizko tarte batera ematen du. Baina aurretik erabat puskatzen zen harkaitzean jardun behar izan nuen. Ez nekien aurrera jarraitzeko aukera izango ote nuen; beldurtu egin nintzen. Pixkanaka puzzlea osatzen joan nintzen, eta bat-batean erlaitz eroso batera heldu nintzen. Une jakin horretan, gizaki zoriontsuena nintzen! Nahiz eta bitxia izan daitekeen, aitor dezaket eskaladarekin asko gozatu nuela. Burua lasai nuen, eta horrek lagundu zidan progresioan».

Lau eguneko lan eskergaren eta arriskutsuaren ondoren, Escolarrek eta “Pelut”-ek “Teruel existe” ireki zuten. Eskalada horren amaierak, bederen, opari bat eskaini zien: ilunabar zoragarria. Emozioa lehertu zen eta eskalatzaileok elkar besarkatu zuten.