Internazional Antifaxistaren Euskal Atala sortzera deitu dute
Caracasen Internazional Antifaxistaren eratzean izan ziren euskal ordezkariek mugimendu horren Euskal Atala sortzeko deia egin zuten atzo. Indarrak batu nahi dituzte faxismoari eta inperialismoari aurre egiteko ekimen zehatzen inguruan.
Pasa den abenduaren 28an Caracasen sortu zen Internazional Antifaxistaren eratze ekitaldian parte hartu zuten Euskal Herriko ordezkariek nazioarteko eragile honen Euskal Atala sortzeko deia egin zuten atzo.
Ohar batean, Internazional Antifaxistak gogoratu zuen helburua «faxismoa, neofaxismoa, sionismoa eta antzeko adierazpenak garaitzea ahalbidetuko duen munduko egitura indartsua sortzeko oinarri sendoak ezartzea» dela.
Egiten duten deialdiaren inguruan, nabarmendu zuten, era berean, «Euskal Herriko aniztasun politikoaz jabetuta eta borroka antifaxistan dagoeneko aktibo dagoen erakunde edo mugimendu bat bera ere ordezkatu nahi izan gabe» aritu nahi dutela.
INDARRAK BATZEAREN BEHARRA
Nazioartean, orokorrean, eta Estatu espainolean bertan, faxismoa izaten ari den hedapenaren inguruko hausnarketa eta horri aurre egiteko indarrak batzearen deia ere badaude ekimenaren oinarrian.
«Abiapuntutzat hartzen dugu nazioarteko gorakada faxistak ongarritutako eremua duela Espainiako estatuan, erregimen frankistarekiko benetako haustura demokratikorik ez baitzen inoiz gertatu», aipatu zuten gaiaren gainean. Erantsi zutenez, estatu frantsesari dagokionez, «Frantziako estatuak ere ez du erakutsi Euskal Herriarekiko errespetuzko jarrerarik bere aldarrikapen historikoetan».
«Euskal Herriak erresistentzian eta konpromiso antifaxistan tradizio luzea du hainbat garaitan, eta hori ezin da gelditu, are gutxiago gaur egun», azpimarratu zuten komunikatuan.
«Gure helburua, beraz, faxismoari eta inperialismoari aurre egiteko ekimen zehatzen inguruan indarrak batzea izango litzateke, eta, aldi berean, mundu berri baten eraikuntzan dagoeneko aktibo dauden munduko beste leku batzuetako militante antifaxistekin harremanak sustatzea», zehaztu zuten.
«Ez dezagun ahaztu gizateriaren etsaia den inperialismo dekadentearen aurrean, gero eta herri eta nazio gehiago ari direla beren subiranotasun, errespetu eta elkarrekiko laguntzako bideetatik igarotzen», gaineratu zuten. Iragarri zuten, halaber, hurrengo hiletan Internazional Antifaxistaren Euskal Atala sortzeko urratsak emango dituztela.