Urko Aiartza
BELFAST
HILBERRIA [ TED HOWELL, MILITANTE ERREPUBLIKAR IRLANDARRA ]

Red Ted

(GARA)

Egun batzuetako etenaldiaren ostean ostegunean etxera itzuli, eta Mila Idiakezen heriotzaren berriarekin oheratu ginen. Horrelako militante emankorraren heriotzak sortutako zirrara alboratu gabe geundelarik, deia berriz Beal Feirstetik, Padraig lagunak Ted Howell, Red Ted, zendu dela esan digu.

78 urterekin joan zaigu Ted. Mugimendu errepublikanoan atzeko atetik sartu eta berdin alde egin nahi zuela zioen, isilik, zarata eta handikeriarik gabe, ez baitzen ekitaldi, elkarrizketa, argazki eta irudi zalea. Diskrezioa zen bere dohainetako bat; ez handiena, ordea. Errepublikano amorratua, aurrerazalea, eskuzabala, internazionalista benetakoa eta gaitasun politiko estrategiko izugarrikoa zen Ted. Lagunen lagun leiala. Eta gustukoa edukiko ez balu ere, barka diezadala bere heriotzaren berri jasotzen duen idazki hau argitaratzeagatik. Umore garratz sendokoa zen, eta ulertuko luke, gaur, bederen, nahi dudana egitea, bere iritziaren aurka bada ere.

Ez da hilabete berarekin Andersontowneko jatetxe batean bazkaldu nuela. Irlandan ezagutu dudan mokofin bakanetakoak Temple jatetxean bazkaltzera gonbidatu gintuen, «kasu, tenplua deituta ere jateko leku bat da, ez kontu erlijiosorik», bere esanetan. Arrain zopa bikain bat, ardo zuria eta whiski bat bazkaria amaitzeko, Euskal Herria, Portugal, Aljeria edota AEBetako kontu zaharrak astintzen genituen bitartean, bai eta egungo politika ere noski, ardo eta janariaren inguruko solasaldiak tarteko. Mokofina izateaz gain, sukaldari bikaina zen Ted, eta bere etxeko sukaldea kontu serioa zen. Konfita edo atuntxiki latak eta Errioxako ardoa gustura asko jasotzen zituen (serious stuf). SFen negoziazio taldeko sukaldari ofiziala zen Padraic Wilsonekin batera. Ted negoziazioen sukaldaria izan baitzen, zentzu zabalean.

Bizi osoko errepublikano askok bezala, gertaerez beteriko bizia izan zuen. Asko latzak, asko umorez beteriko anekdotak. Eta irlandar askapenerako borrokan berebiziko papera izan zuen. Ez naiz horretaz arituko, ordea, ez baitagokit. Irakurleak merezi du, halere, euskal nazio askapenerako borrokaren lagun handi bat joan dela jakitea. Gure herri txiki honek ez du lagun askorik, eta horrelakoak doazenean, merezi dute gure eskertza.

70eko hamarkadatik izan zuen Tedek euskal askapen mugimenduarekin harremana, eta gure herriaren makina bat txoko ezagutzen zituen, bai eta jada joanak diren hainbat burkide eta lagun ere. 2003. urtetik aurrera, askapen mugimendua, enegarrenez, gatazkaren konponbidea negoziazio bidez lortzen saiatu zenean, Ted hor egon zen, beti laguntzeko prest. Esperientzia eta ezagutza partekatzeko prest, inolako handikeriarik gabe, xume, herri bakoitzak bere bidea aurkitu behar duenaren jakitun. Ez zegoen inoiz bere hitzetan inolako epairik, iritzia izanik ere, jakin bai baitzekien askapen bideen gordintasunaz. Genevako elkarrizketak izan zirenean, han egon zen bere esperientzia partekatzen, baita Oslon ere, ETA erakundeko delegazio bat Espainiar Gobernuaren zain zegoenean, edota Aieteko konferentzian bertan, Gerry Adamsekin batera. Bera izan zen George Mitchell, Jimmy Carter eta hainbat errepublikano kongresista adierazpenaren alde mugitu zituena, espainiar diplomaziaren aurkako ahaleginak saihestuz. Beti hor, denean laguntzeko prest. Zintzo, egin zezaketena eta egin ez zezaketena argiki azalduz, egiazko lagunek egin ohi duten moduan.

Ted pozik zegoen EH Bildu lortzen ari zen emaitzekin, nahiz jakitun izan bidea oraindik ere oztopoz eta zailtasunez beterik egongo dela. Beti galdetzen zuen presoei buruz, eta mugimenduaren kohesioaz. Bazekien zer zen eraldaketa sakonean murgilduta egotea. Irlandako azken emaitzak zirela eta, ondorengoa izan zen bere mezua: «Segur aski ezaguna egingo zaizu emaitza. Oraindik ere boxeoko ringean eta ahal bezain gogor jotzen».

Bere azken mezua abenduaren 22koa zen, Palestinari buruzkoa. «Paris/London eta Berlinek ez digute entzungo, baina Palestinaren alde jarraitu behar dugu».

Herenegun joan egin zitzaigun, eta, atzeko atetik joateko asmoa izan badu ere, hutsune bete ezina utziko du Irlandan, Euskal Herrian eta munduko beste hainbat lekutan. Baita gure bihotzean ere. Brón mo chroi. Egun handira arte, Ted. Slan go foil mo chara.