GARA
BARAKALDO

Barakaldokoa krimen matxista dela dio Emakundek, Ertzaintza gezurtatuz

Ertzaintzak bazekien ama hiltzeaz akusatutako Barakaldoko gizonak tratu txarrak ematen zizkiola 84 urteko andreari, baita genero indarkeriagatik aurrekariak zituela ere. Hala eta guztiz, «etxe barruko indarkeria» gisa ikertzen ari da kasua. Emakundek zalantzarik gabe dio indarkeria matxista dela. Epaileak espetxera bidali du gizona.

Emakundeko Miren Elgarresta (eskuinean), krimen matxista salatzeko larunbatean Barakaldon egin zen elkarretaratzean.
Emakundeko Miren Elgarresta (eskuinean), krimen matxista salatzeko larunbatean Barakaldon egin zen elkarretaratzean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Joan den ostiralean ama hiltzeaz akusatutako Barakaldoko 64 urteko gizona kartzelara bidali zuen atzo epaileak, deklarazioa hartu ostean. Akusatuak aurrekariak ditu genero indarkeriagatik eta, amak salatu ez bazuen ere, Ertzaintzak bazekien tratu txarrak ematen zizkiola, bizilagunek abisua emana zutelako. Hala ere, «etxe barruko indarkeria» gisa ikertzen ari da kasua. Emakundek, aldiz, zalantza egin gabe errepikatu zuen Barakaldokoa «indarkeria matxistako» kasu berri bat dela.

«Familiaren testuinguruan kokatzen da indarkeria mota hau, baina baita botere harremanen eta emakume eta gizonen arteko berdintasun ezaren testuinguruan», adierazi zuen erakunde horretako zuzendariak, Miren Elgarrestak.

Haren hitzetan, Barakaldoko krimenak indarkeria matxistaren «gogortasuna eta konplexutasuna» erakusten ditu, baita «harreman ezberdinetara egokitu eta transmititzeko duen gaitasuna» ere.

Emakundek baieztatu zuenez, beraz, krimenaren egilea biktimaren semea izatea ez da bateraezina indarkeria matxistarekin, alderantziz: EAEko Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistarik Gabeko Bizitzetarako Legeak indarkeria matxistari buruzko atalean jasotzen du bortizkeria mota hau.

Zehazki, hala definitzen du legeak indarkeria matxista: «Emakumeen aurka, haurrak, nerabeak eta emakume transexualak barne, emakume izateagatik, egiten den indarkeria oro barne hartzen duena». Hurrengo atalean, halaber, «familia barruko indarkeria» aipatzen du biolentzia mota honek har ditzakeen forma anitzen barruan.

Lege horrek berak, gainera, Poliziak indarkeria matxistako kasuen aurrean izan beharko lukeen jarrerari buruzko zenbait argibide ematen ditu. Aipatzen du, Barakaldoko biktimaren kasuan bezala, salaketarik edo erasotzailearen kontrako epairik ez dagoen kasuetan ere, «indarkeria izateko arriskua» antzematen bada, «beharrezkotzat jotzen diren babes neurriak» xedatu behar direla.

Barakaldon jazo den kasuan, neurri horiek eskuragarri izateko arrazoi bikoitza zuen Ertzaintzak: erasotzaileak genero indarkeriagatik dituen aurrekariak eta bizilagunek krimenaren eguna baino lehen emandako abisuak, biktimaren etxean indarkeria zantzuak antzeman zituztela ohartaraziz.

Legeak, horrez gain, Ertzaintza derrigortzen du indarkeria matxistaren protokoloak aldian-aldian berritzera, kontuan izanez bortizkeria honen «adierazpen guztiak» eta «genero ikuspegia» aplikatuta. Ez dirudi Barakaldoko kasuan genero ikuspegia aplikatzen ari denik, ostiraletik igandera bitartean publiko egin zituen ohar guztietan «etxe barruko indarkeria» gisa hartu baitu.

KALEAN SALATZEKO DEIA

Egiaz, Ertzaintza da azken krimenari indarkeria matxistaren trataera eman ez dion erakunde bakarretakoa. Ostiralean «hilketa matxista» gaitzetsi zuten hainbat erakundek, besteak beste, Eudelek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Barakaldoko Udalak. Azken honek deituta, elkarretaratzea egin zuten herrian larunbat arratsaldean, baina ez zen protestara batu Barakaldoko Argitan Emakumeentzako Aholku Etxea. Talde honek beste mobilizazio batera deitu du, bihar, asteartea, 18.30ean Bide Onera plazan.

Egun berean, gainera, Barakaldoko krimena eta, oro har, indarkeria matxista kalean salatzeko deia egin du Emakumeen Mundu Martxak ere, eta elkarretaratzeetara deitu du zenbait hiriburutan. Hauexek dira hitzorduak: Gasteizen 19.30ean, Andra Mari Zuriaren plazan; Donostian 19.00etan, Bulebarrean; Iruñean 20.00etan, Udaletxe plazan; eta Bilbon 19.30ean, Arriagan.