Arnaitz GORRITI
ELGOIBAR
ATLETISMOA

Chebet eta Aregawik Elgoibarko krosaren historian lekua dute

Iazko irabazleek txapela jantzi zuten atzo ere. Chebet kenyarrak bigarren kilometroaz geroztik atzean laga zituen aurkariak. Aregawi etiopiarrak, aldiz, esprint luze baten gainditu zuen Burundiko Kwizera.

Beatrice Chebetek erakustaldia eman zuen Elgoibarren.
Beatrice Chebetek erakustaldia eman zuen Elgoibarren. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Iaz bezala, atzo ere Beatrice Chebetek eta Berihu Aregawik irabazi zuten Elgoibarko Juan Muguerza Krosa. Lasterketaren palmaresean lehenagotik ere beren izena hizki larriz ezarri bazuten ere, atzo eman zituzten erakustaldien ondotik, probak bere urrezko orrietan zigilatuko ditu bien ala bien izenak.

Emakumeen lasterketa jokatu zen lehenbizi. Astean zehar Zigor Diez Mintxeta Atletismo Taldeko presidenteak Beatrice Chebet kenyarra «atletismoak egun duen izarrik handiena, erregina eta jainkosa» izenaz definitu zuen eta txapeldun olinpikoak hala berretsi zuen. Aurreneko kilometroa zangoak luzatu, nagiak atera eta tenperatura aproposa hartzeko baliatu zuen, baina bigarren kilometroa hasteaz bat, erritmoa aldatu zuen eta akabo. Mintxetara bildu ziren korrikalarien artean ez zegoen bat bera ere haren erritmoari eutsiko zionik. Sei kilometro pasatxo zituen aurretik Chebet handiak, baina azkenerako indarrik gordetzeke, konpainia eskasean baino bakarrik hobe dela iritzita, hanka egin zuen eta hurbilen sailkatu ziren aurkariek helmugan ikusi zuten lasterketako irabazlea, Mintxetako futbol zelaiko harmailetan Chebetek eman zuen ikuskizuna txundituta jarraitu zuten horiei bostekoa luzatuz, pozarren.

Ondorioz, bigarren posturako lehiak hartu zuen interesa. Etiopiako Melknat Wudu izan zen bigarrena, Burundiko Francine Niyomukunzi esprint estu batean gainditu eta gero. Meritua izan zuen, bestalde, Carolina Robles espainiarrak, inolako beldurrik gabe, Wudu eta Niyomukunzirekin azken itzulira arte taldetxoa osatuz joan baitzen. Alabaina, afrikarrek azken itzulia hasi berritan erritmoa handitu zutenean, Sevillako atletak burua makurtu eta helmugara bere martxan, laugarren postuan iristea besterik ezin izan zuen egin, irabazlearengandik minutu eta hamalau segundora, bigarren sailkatu zen Wudurengandik minutu erdira.

ITZULI BETEKO ESPRINTA

Gizonezkoen lasterketa ezberdina izan zen, baina ez aspergarria haatik. Berihu Aregawik eta Rodrigue Kwizera Burundiko semeak azken itzulia eman zuten bata besteari segika, esprint betean, baina hara iristerako lasterketa pixkanaka gogortzen joan zen, Beatrice Chebetek eskaini zuen erakustaldian ez bezala.

Aurreneko hiru kilometroetan tropel handi batek eraman zuen lasterketaren gidaritza, baina laugarren kilometroari ekiteko orduan Adel Mechaal Marokon jaio baina Estatu espainoleko pasaportea duen atletak erritmoa bizitu zuen. Huraxe izan zen aurreneko galbahe serioa.

Mechaalen erritmo aldaketak Afrika Beltzeko kideak ere esnarazi zituen. Aregawi eta Samuel Firewu etiopiarra -azken honek bere aurreneko krosa zuen atzo- eta Kwizera Burundikoa, hain zuzen. Hiru hauek laster laga zuten atzean Mechaal, bi itzuliren faltan.

Baina azkenaurreko itzulia amaitu baino kilometro erdi bat lehenago sekulako sua piztu zuen Aregawi etiopiarrak. Firewu gazteak berehala amore eman zuen; ez, ordea, Kwizerak. Tamalez, etiopiarraren erritmo aldaketaren ondorioz segundo pare bat galdu zituen eta ezin izan zituen berreskuratu helmugara iritsi bitartean.

Nolanahi dela, Kwizera ez zegoen etsitzeko, eta segundo bakarreko aldea atera zion Aregawi Burundikoari, igande eguerdiko atletismo festa biribilduz Mintxetako zirkuituan.