Gorrotoaren distantzia, elkartasunak laburtua
Presoen eskubideen aldeko urtarrilaren 11ko manifestazioaren atarian, Sarek bertso saioa antolatu zuen Oiartzunen. “Etxera” lelopean, ehunka pertsona bildu ziren Elorsoro kiroldegian eta entzuleriaren txalo zaparradak zein barreak piztu zituzten bertsolariek. «Denon ahotsak batu ezkero / esnatzen da justizia», kantatu zuen Maider Arregik.
Sarek antolatu ohi duen “Etxera” bertso saioak leporaino bete zuen atzo Oiartzungo Elorsoro kiroldegia. Ehunka pertsona gerturatu ziren Alaia Martin, Ane Labaka, Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi, Eneritz Artetxe, Maialen Lujanbio eta Maider Arregiren bertsoak entzutera. Distantzia eta gorrotoa izan zituzten hizpide bi orduz luzatu den saioan, eta gai sakonak umorearekin uztartzeko parada eskaini zien bertsolariei Amaia Agirre gai jartzaileak.
Hasierako agurra lau bertsolari gazteenek egin zuten. «Desagertzeko urruti daude / kartzelak ta Polizia», gogoratu zuen Arregik, eta elkartasunaren balioa nabarmendu zuen: «Denon ahotsak batu ezkero / esnatzen da justizia». Ildo beretik, Rekondok distantziak bertsoz murrizteko nahia agertu zuen eta Artetxek «gai ahaztuei bertsoz hitza jartzea» aldarrikatu zuen. Labakak aitortza egin zion «lanean jarraitzen duen jende anonimoari».
Agirrek euskal herritar askok gertuko sentitu dezaketen gaia jarri zien Labakari eta Martini. 15 urte kartzelan daramatzan presoaren azalean sartu zen Martin eta harekin gutun bidez harremana estutzen joan den herrikidea izan zen Labaka. Harremanak maitasunera eta desirara bidea hartutakoan, batari zein besteari sortu zitzaizkien zalantzez eta ezinegonez aritu ziren. «Noizbait eten nahi badut ta ez badut desio / herriari egingo al diot traizio», azaldu zion Labakak Martini.
Distantziari beste zentzu bat emanda, zaintza behar duen gizon nagusi eta haren zaintzaile nikaraguarra bilakatu zituen Agirrek Gaztelumendi eta Arregi, hurrenez hurren. Zahartzaroan zaindua izateko beharraz eta gertukoek sarritan horretarako agertzen duten prestutasunik ezaz aritu zen bat, eta bere lan baldintza prekarioez bestea. Honakoa bota zuen Arregik: «Baina batzuok hemen tortillan jaten dugunez asuna / pixkat antzeztu egin behar dut zuganako maitasuna».
Beste adiera bat bilatu zion Agirrek saioaren haria izan den kontzeptuari. Horrela, parez pare jarri zituen Rekondo eta Egaña: bi Andoni, bi bertsolari, biak 25 urteen bueltan lorpen handiak eskuratutakoak; baina, ia bi hamarkadako adin tartea dutenak. Umore puntu batekin, batak bestea goratu zein zirikatu zuten, eta arrakastaren inguruko irakaspena utzi zion helduak gazteari: «Plazarik plaza ondo jardunda bera etorriko zaizu».
Distantzia linguistikoaz aritzeko tartea heldu zen. Horretarako, Lujanbio nerabe errebeldearen euskara irakasle bihurtu zen Artetxe. «Hau da munduko herririk aspergarriena», hasi zen Lujanbio. Halaber, umorea baliatu zuen kritikarako: «Hipokritak zarete zuek erabaki / C1 eskatzen zaio tipa gajo bati / eta lehendakariordeak euskaraz ez daki».
Martini Eztizen Artolaren “Gurpilak” liburuaz aritzeko eskatu zion gai jartzaileak. Honela kantatu zuen motxiladun umeek bizi beharrekoaz: «Bisitara joan behar ta haurraren kexa isila / ta kexatzearen kulpa barne lehergai misila / berriz maleta prestatu ta uhalez lotu silla / ta pentsatu mundu zahar hau ez dela hain borobila / legea garatuz doa gehiago gara dadila / ta nahiz jende dena ez den desio bezain hurbila/ gutxienez lehertzeaz da urrunketaren gurpila».
Bertso saioan ez ziren distantziaz zerbait txarra soilik bailitzan aritu. Horrela, erasotzailearengandik babesteko, hots, distantzia mantentzeko, bizkartzaina daramaten emakumeak adibide hartuta, kontzeptuari adiera positibo batetik heltzeko abagunea eskaini zien Agirrek Labakari eta Gaztelumendiri. Horrela biribildu zuen bertsoa Ane Labakak: «Sinisten det, nahiz lotu mandibula/ kantuan politika egiten degula».
Puntuka aritzeko garaia heldu zitzaien, eta denek txantxak bota zizkioten Egañari. Saioko beteranoenak urte berrira begirako asmo onei kantatuz bukatu zuen ariketa: «Erretzea nahi diot neure buruari ukatu / baina baietz urtea erretzen bukatu».
SEGURTASUNAZ ETA INDARKERIAZ
Xuhar gazteari jazotakoaz kantatzeko eskatu zion Agirrek Arregiri. Bertsolariak segurtasun indarrek indarkeria eragile gisa duten rolaz hausnartu zuen. «Nik horregatik ez dut sinisten polizien erreforman», bota zuen, eta horrelako gertaerek sortzen duten amorrua elkartasun bihurtzeko deia egin zuen.
Belaunaldi arteko distantzia izan zen hurrengo ariketako protagonista. Horrela, urtarrilaren 11ko manifestaziora joatekoak diren amaren eta semearen azalean sartu ziren Artetxe eta Gaztelumendi. Zalantza asko eta gogo gutxi daramatza haurrak autobusean, eta haren galderei ahalik zuzenena erantzuten saiatzen den ama izan zen Artetxe. Esker onez hartu ditu Gaztelumendik azalpenak: «Nahiz eta luze samarra egin ta nahiz aspertu zeharo / ama zurekin ikasten dut nik eskolan baino gehiago».
Asmatutako gaiak alde batera utzita, gai jartzaileak errealitateari kantuan jarri zuen Labaka. Izan ere, gogora ekarri zuen Covitek ETA goratzea leporatu ziela Martini eta Labakari berari Gipuzkoako finalean botatakoengatik. Honela biribildu zuen Labakak bertsoa: «Ni pozik nago han haserretu baziren bizpahiru tigre / izan nahi nuke kantuan haiek amorrarazteko libre».
ERREGEAK ETA ERREGINAK
Azken aurreko ariketan errege eguneko kabalkada ikusten ari diren umeen azalean sartu ziren Lujanbio, Arregi, Labaka, Gaztelumendi eta Martin. Ume euskaldunei egun honek sortzen dizkien zalantzak hizpide izan zituzten: «Karamelu hondarrez beteta haginak / hezkidetza giroan gera gu eginak / erregeak kendu ta jarri erreginak»
Bukaerako agurren txanda iritsi zen gero. Gazteenek egin zuten hasierako agurra eta helduenek itxi zuten saioa. Martinena izan zen saioko azken bertsoa: «Ez distantzia eta ez hesi gure herriak ez du merezi / ea historia ez den bihurtzen ahanzturazko parentesi».