Harresi Handia
Badira hiru hamarkada Arrasaten lehen jatetxe txinatarra ireki zela. Pizzak herrira iritsi baino lehenago eta kebabak iritsi baino askoz lehenago. Haien moto-banatzailea gauetako paisaiaren parte zen eta kondaira dira jada Fagor Etxetresnetako gaueko lan-txandako langileengana banatzaile bera autoz joan behar zeneko kontuak, hainbestekoa zelako zuten janari eskaria. Oro har, oroitzapen onak ditut Otalora kaleko jatetxe hartaz.
Ez dut uste hango langileekin inoiz eduki dudanik elkarrizketa sakonik. Haiei buruzko txantxak, xenofoboak batzuk, kutreak guztiak, entzun ditut eta ez dut ezer ere esan. Inoiz nire ahoan -lotsatzen nau horrek- eduki ditut txiste horietako batzuk. Zergatik ez dut haiekin hitzik egin? Azken urteotan ezagutu ditut, batzuetan lagun egiteraino, Extremaduratik, Kolonbiatik, Galiziatik, Kataluniatik, Andaluziatik, Pakistanetik edota Saharatik gurera bizitzera etorritako hainbat. Baina txinatarrekin ez. Ez zaidalako herrialdea interesatu? Ez zaidalako tokatu? Nire zilborrari begira lo hartzen dudalako?
Kezka azaleratu zait lerro hauek irakurtzen ari zareten une berean Txinan egongo naizelako senide bat bisitatzen. Eta hari entzundakoez gain, topiko hala moduzko batzuk, fabriketara lanera joandako debagoiendarren pasadizoak, geopolitika nozio merkeak eta beste bizpahiru kontu besterik ez dakizkit horren herrialde handiari buruz. Pentsa, zerbait irakurri nahi nuen bidaia aurrez girotzeko, hango autoreren bat, Mendebaldeko begiradatik harago joan, eta ez nekien nondik hasi ere. Sarea apur bat arakatu eta deskubritu dut Yu Hua autorearen “¡Vivir!” lan bikaina. Oso-oso ona da, Txinako XX. mende luzea ezagutzeko giltza. Paparretik heltzen zaituen istorioa da eta ez zaituena askatzen azken orrialdera arte.
Migrazioaren auzia erronka handia izango da guretzat, maila makro eta mikroan. Aurrena Txina, gero Pakistan. Ez da posible herrikide ditudan horrenbeste laguni buruz horren gutxi jakitea. Ez dadila Arrigorriagan dendari txinatar bati eginikoa errepikatu.