Urtzi URRUTIKOETXEA
DONALD TRUMP ETXE ZURIRA ITZULIKO DA

Hauteskundeen zertifikazio lasaia espero dute gaur Kapitolioan, 2021ean ez bezala

Urtarrilaren 6ak leku berezia dauka AEBetako agendetan 2021etik. Donald Trumpek porrota onartu ez eta Kapitolioari eraso zioten eguna da. Gaur berriz elkartuko da Kongresua, baina hauteskundeen zertifikazioa tramite bat izango da oraingoan, Trumpen garaipena berresteko. Eta 2021eko erasotzaileak espetxetik ateratzeko atzera zenbaketa hasiko da, lider errepublikanoa bi aste barru sartuko baita Etxe Zurian.

(Brian CAHN | CONTACTO)

Egun hotza dator gaur Washingtonen, aspaldiko elurte garrantzitsuena iragarri dute. Litekeena da eskolak ixtea, atzerapenak izatea garraioetan eta elurrak ekarri ohi dituen buruhausteak egotea. Washingtondarrak eguraldiaz daude kezkatuago, gaurko deitutako ekitaldiaz baino.

Hala izan da historikoki, lau urterik behin. Herritarrek arreta txikia jarri ohi dioten tramitea izaten zen bozen zertifikazioa: Kongresuko bi Ganberak batuko dira legealdi berri baten hasierarako, eta azaroaren 5eko hauteskundeetako emaitzak ofizialki zertifikatuko dituzte. Donald Trump eta JD Vance Kamala Harris eta Tim Walzi gailendu zitzaizkiela berretsiko dute, alegia.

Gaurko ekitaldia atzeratu zezakeen elementu bakarra duela hiru egun argitu zen. Errepublikanoek gehiengoa izan arren, ordezkari ultrak ohiko irudi negargarria ematen hasi ziren, Trumpen beraren babesa daukan Mike Johnsoni bigarren agintaldi bat ez emateko Ordezkarien Ganberako buruzagitzan. Kargu hori izendatu gabe, ez zegokeen gaurko tramitea betetzerik. Azkenean, ordea, liderrari men egin zioten ostiralean, eta gaur tramiteak izenaren adiera guztia hartuko du. Ia beti izan den legez. Hau da, duela lau urte ez bezala.

KAPITOLIOARI ERASO

2021eko gaurko egunean milaka lagunek erantzun zioten hauteskundeak galdu berri zituen Donald Trump presidentearen deiari. Etxe Zuriaren pareko Elipsean elkartu ziren, liderraren gezurrak entzuteko bozen emaitzari buruz. Kosta ahala kosta borrokatzera dei egin zien Trumpek. Urtarrilaren 4an eta 5ean ere izan ziren protesta txikiagoak AEBetako hiriburuan, herrialde guztitik etorritako manifestari ultren eskutik. Negu betean giroa berotzen zeramaten Proud Boys eta beste elkarte supremazista batzuetako kideek. Eta urtarrilaren 6an presidenteak berak are gehiago berotu zuen giroa.

Etxe Zuritik eskuinera begiratuta, Pennsylvania etorbidearen amaieran ageri da Estatu Batuetako Kongresua. Trumpek eguerdia baino bi minutu lehenago hitza hartu zuenean, The Hill edo muino hartara bideratuta zeuden lehen manifestari ultrak. Trumpek herrialdea kendu zietela ohartarazi zien jarraitzaileei. Trumpen menpe jarri ez ziren guztiak, haren gezurrak sinetsi ez zituzten guztiak ziren etsai. Lau urte lehenago bozkatu zuten pertsona bera bihurtu zitzaien etsai: Trump-en ticket-ean bigarren joandako Mike Pence presidenteordea. Senatuko burua izanik, haren esku bozen zertifikazioa, eta politikari eskuindar eta kontserbadore gisa, historikoki bera bezalakoek egin dutena egitear zegoen: hauteskundeetako emaitza berretsi.

Trump hitzaldia amaitzear zela, Proud Boys-etako kide batzuek Kongresuaren mendebaldeko atarietan zegoen polizia lerro baten kontra jotzen hasiak ziren. Burdinazko bizikleta aparkaleku baten atzean zegoela oinetan jo eta zoruaren kontra jaustean konortea galdu zuen agente batek. Beste sarrera batzuk ere bazituzten identifikatuta, eta manifestari gero eta gehiago elkartu zitzaizkien Kapitoliora sartzeko.

Diskurtsoa amaitutakoan, haren jarraitzaileekin batera Kapitoliora eramateko eskatu zien Trumpek bere zaintzaileei, baina uko egin zion Zerbitzu Sekretuak (Etxe Zuriko langile batek adierazitakoaren arabera, lepotik heldu zion presidenteak gidariari).

Kanpoko polizia lerroak hautsita, 14.14etan Kongresuan sartzea lortu zuten. Kapitolioaren barnean kaosa nagusitu zen. Mike Pence Senatuko pasabide sekretu batera eraman zuten. Nancy Pelosik eta gainerako kongresistek ere nola hala babesa bilatu zuten. Hauteskundeetako aktak ere korrika eta presaka gorde zituzten. Bi ordu baino gehiagoko kaosa izan zen Kapitolioaren barnean. Kanpotik hautsitako zirrikitutik ehunka trumpzale sartu ziren, Pence urkatzeko oihuka, eta beste ordezkari batzuei irainka. Ihesi joan eta ezkutatutako kongresisten bila jo zuten, parean aurkitzen zituzten segurtasun zerbitzuetako kide bat baino gehiago zaurituz. Horietako bat biharamunean hil zen, bihotzekoak jota. Eraikinaren barruan sartzen ari zen erasotzaileetako bati ere sorbaldan tiroa jo eta handik gutxira hil zen.

Virginiatik bidali zituzten segurtasun errefortzuak. Egunaren amaierarako, Kapitoliotik kanporatu zituzten erasotzaileak, eta hauteskundeen emaitzen zertifikazioari berrekin zioten kongresistek. Urtarrilaren 7ko goizaldean amaitu zen zenbaketa, eta Mike Pencek Joe Biden eta Kamala Harris izendatu zituen irabazle.

TRUMPEN PORROTA

Donald Trump garaituta zegoen. Bere administrazioak behartuta, Gobernuko kideen dimisio eta kargugabetze mehatxuek bultzatuta, Trumpek, bere porrota edo Bidenen garaipena onartu ez arren, botere transferentzian oztoporik ez jartzeko konpromisoa hartu zuen. Laster damutu zen, eta sekula ez zuela agintea utziko esan zien Etxe Zuriko langileei, eta Kapitolioaren erasotzaileak patriota finak direla esan izan du ordutik.

Kontuak kontu, 2021eko urtarrilaren 20an sartu zen Joe Biden Etxe Zurira. Trump pixka bat lehenago joan zen, Bidenen zeremonian egon gabe. Lau urte lehenago Obama egon zen Trumpi entzuten, zortzi urte lehenago Bush Obamari entzuten egon zen legez, eta beste zortzi lehenago Clinton Bushi entzuten... Trumpek horrekin guztiarekin apurtu zuen. Inork ez zuen haren falta gehiegi sumatu. Harenak egin zuela zirudien. Demokratentzat, eta progresista zein ezkertiarrentzat oro har, amesgaiztoaren amaiera zen. Baina errepublikano gehienek ere aurrera begiratzeko une gisa ikusi zuten. Etxea atondu, berrasmatu, Trumpen aroa atzean utzi eta beste zerbaiti ekiteko unea zirudien.

Trump garaituta egon zen luzaroan, alderdiak bizkarra eman zion nagusiki, kongresista zein gobernadore errepublikanoek pertsona toxiko gisa hartu zuten. Ordenaren alderditzat zeukaten errepublikanoek haien burua, Poliziaren alde egoten zena, eta AEBetako funtsezko elementuen aurkako erasoa ikusi berri zuten. Estatu kolpe baten saiakera zen. FBIk «barne terrorismoa» izendatu zuen erasoa.

Laster hasi ziren atxiloketak, auzipetzeak, eta erasoaren prestakuntza eta gertaerez detaileak ezagutzen hasi ziren. Kongresuak ikerketa batzordea abiarazi zuen, ordurako errepublikano gehienek parte hartzeari uko egin bazuten ere. Aldiz, Merrick Garland buru zuen Justizia Saila oso berandu ibili zen Trumpen aurkako akusazioak zehazterako orduan.

Oinarri leial eta oso muturrekoa mantendu zuen Trumpek, baina hari egotzi zioten bi urte beranduago agintaldi erdiko bozetako zaputza ere. Ezinbestekoa zirudien aldaketak. Baina barrutik ez zen iritsi. Ron DeSantis Floridako gobernadoreak Trump bezain eskuindar eta are gehiago izan zitekeela erakutsi zuen, presidente ohiaren eskandalurik gabe. Haren inguruan bildu zen alderdiaren oinarri eta oinarritik eskuinera zihoan sektorea. Trumpen aurkako kasuak pilatu eta hauteskunde kanpaina auzitegietan emango zuela zirudien.

Erasoaren osteko hilabeteetan 700 lagun baino gehiago akusatu zituzten egun hartako ekintzengatik. Kopuruak gorantz jarraitu zuen: 1.570 pertsona inguru akusatu dituzte, 1.251 errudun jo dituzte, eta 645ek gutxienez espetxe zigorrak dituzte, egun batzuk baino ez batzuen kasuan, 22 urtera artekoak erasoaren buru jo dituzten milizia neofaxistetako buruentzat. Baina Trumpen aurkako kasuak, oso larriak izanda ere, ez dira epaitzera iritsi. Justizia Sailaren baldarkeria batetik, eta Trumpek izendatutako epaileek Auzitegi Gorenetik egindako mesedeek bestetik, instrukzioa behin eta berriz atzeratzea ekarri dute. Ondo zekiten hauteskunde egunera onik iristea zela gakoa.

Egun, 250 lagun inguru daude oraindik ere espetxean. Ez dirudi luze egongo direnik preso. Donald Trumpek behin baino gehiagotan esan du, agintea hartu bezain laster, haien indultuak sinatzeko asmoa daukala. Estatu kolpearen saiakera saritzeko eguna urtarrilaren 20a bera izan liteke, bi aste barru.