Arnaitz GORRITI
BINAKAKO TXAPELKETA

Jakak eta Imazek aurrera atera dute tentsioz eta boladaz betetako partida

Lizartzako aurrelariak ukalondoan pilotakada hartu bazuen ere, azken bost tantoetan gorriek atzetik aurrera egin eta laugarren garaipenerako bidean erabakigarria izan zen. Peña eta Albisuk joko ona egin arren, sailkapeneko zuloan dira, garaipen batekin.

Besoan pilotakada hartu arren, Erik Jaka erabakigarri izan zen azkenean.
Besoan pilotakada hartu arren, Erik Jaka erabakigarri izan zen azkenean. (ANDONI CANELLADA | FOKU)

Tentsio handiko partida irabazi zuten atzo Jakak eta Imazek Tolosako Beotibarren. Bikain ekin zioten, 6-1 aurretik hasita, baina piloten arteko aldea eta jokoaren ekimena urdinek hartuta, Peña eta Albisuk neurketaren zatirik handiena aurretik egin zuten.

Erik Jakak, partidaren hasieran pilotakada jaso arren, eta Ander Imazek bikote gogorra osatzen dutela erakutsi zuten, eta Jon Ander biek, berriz, beren jokoak merezi baino garaipen gutxiago dituztela. Halako konbinazioa aurrean, ez zen harritzekoa izan Jaka eta Imazen garaipena, zeinek laugarren garaipena lortu zuten, Peña II.a eta Albisu azkenaurreko postuan lagata, garaipen bakarraz.

Aurreneko tantoa Peña II.ak egin bazuen ere, Jakak eta Imazek ez zuten askorik behar izan markagailuan aurrea hartu eta aldea zabaltzeko, batez ere Jakak txokoan zuloa erraz asko aurkitu zuelako. Hala, piloteorik ere ganoraz luzatzeke, bikote gorria 5-1 aurreratu zen. Orduan Albisuren pilotakada batek nahi gabe ezkerreko ukalondoan harrapatu zuen Lizartzako aurrelaria.

6-1eraino luzatu zuen bere bolada bikote gorriak, baina Jakak berak kontrakantxara bota duen dejada baten ostean, azkenean urdinek lortu zuten pilota aldatu eta pilotan hastea. Jakak defentsan ere gaia baduela erakutsi zuen, baina Albisuk erraz mugitzen zuen pilotarekin; Peñak ere tantoak amaitzeko abagunea ez zen pasatzen uzten, honek ere txokoan, amorratuta. Horrenbestez, gorrien bolada azkar joan bazen, ez zen mantsoagoa izan urdinena: 6-6, Imazi txapara ihes egindako pilotakadaren ondotik.

Uraren mareak gora eta behera nola egiten duten, halako boladak izan zituzten bikote biek. Nolanahi, Imazi kanpora joan zitzaion pilotakada batek sakea eta materiala berreskuratzera eraman zituen Peña eta Albisu, partida 7na zela. Ondorioz, tantoak mendean hartu eta bikote gorria airean erabiltzea. Urdinek haizea alde sentitu zutelarik, ez zuten aukera pasatzen utzi. Ezker airez txokoan, nola bestela, Peñak amaitu zuen tantoari esker, 9-12 aurretik iritsi ziren urdinak aurreneko atsedenaldi luzera.

NEKEA, BERDINTASUNA...

Aurreneko atsedenaldiaren osteko tartean boladak askoz laburragoak izan ziren. Pilota aldaketak zirela, hutsegiteak edo sakez egindakoak zirela... Nekea ere antzematen hasi zen, eta partida are eta berdinduago jartzen, gainera.

Partida urdinen alde 13-15 zihoala, tantoa oso gogorra eta polemikoa gertatu zen. Jakari kontrakantxako arrastoaren gainera ihes egin zion pilotakadak, baina Beotibarko epaileek ontzat eman zutenez, alferrik izan ziren Peñaren kexak. Markagailua 14-15 zen oraindik. Azken emaitzara begira zein neurritan eragin ote zuen?

Eta urdinen zalantzak, txapelketa osoan azaltzen ari diren mamuak berriz ere gainean: «Jokoa bai, baina emaitzak?». Jakak, ezker boleaz txokoan, ez zuen 15na berdintzeko aukera pasatzen utzi, baina Peñak hurrengo tantoa bikain baliatu zuen urdinen alde markagailuaren eta partidaren ekimena berriz ere jartzeko.

JAKAREN AMORRUA

Hainbesteko tentsioa izan zuen partida batek, amaiera berdindua behar, itxura baten. Azken atsedenaldiaren atarira ere urdinak aurretik iritsi ziren: 17-18, Peñak bikote gorria dantzan erabili eta gero. Eta Jakaren amorrazioa eta egonezina, Beotibarren kabitu ezinezko modukoa. Gutxienez, Lizartzakoak bere amorruari aterabidea aurkitu zion, 17-19 galtzetik 20-19 aurretik jartzea erdietsi zuenean. Ia inork uste gabe, partidaren giltza eskuan zuen Lizartzako aurrelariak.

Urdinei nekeak eta esperientzia txarrek ez zieten behar bezala pentsatzen laga eta, beste behin elkar gaizki ulertuta, garaipenaren atarian jarri ziren gorriak, Jakaren dejada bati esker, zeinetara Peñak joan beharko zukeen eta azkenean Albisu saiatu zen hura eramaten. Eta urdinen zoritxarrari errematea emateko, sakez amaitu zuen Lizartzakoak bere egitekoa, 22-19, sailkapeneko zuloan galduta utziz Peña II.a eta Albisu, Imazek eta berak lau garaipenekin arnasa sakon hartzeko moduko garaipena erdietsi eta gero.

«Asko balio zuen partidak eta tentsio handia izan da. Ez Ander ez ni ez gara kolpez hausten dugunak, eta astebeteko atsedenak on egingo digu», adierazi zuen Jakak.