Erregeetako loteriak bigarren eta hirugarren sarien zati bat utzi du Hego Euskal Herrian
Hego Euskal Herrian poz pixka bat banatu zuen Erregeen eguneko loteriak. Bigarren sariaren parte bat Donostia, Erandio, Gueñes eta Plentzian utzi zuen. Gainera, hirugarren sariaren zati bat sei administraziotan saldu zen eta 7,5 milioi euro irabazi zituzten guztira Gasteizen. 06766 zenbakiaren dezimo bakoitzak 75.000 euroko ordaina izan zuen, eta 66777 zenbakiarenak, 25.000 eurokoa.
Erregeen eguneko loteriak oparia ekarri zuen Hego Euskal Herrira. Donostian, Bizkaiko Erandio, Gueñes eta Plentzian bezala, 0676 zenbakia izan zen zorteduna, eta bigarren sariaren puska bat utzi zuen. Hirugarren sariak ere, 66777 zenbakiak, zenbait euskal herritar poztu zituen. Zenbaki horien dezimo bakoitzak 75.000 eta 25.000 euroko ordaina izan zuen, hurrenez hurren.
Donostiako bederatzigarren administrazioak, Gros auzoko Bermingham kalekoak, 750.000 euro banatu zituen hamar bezeroren artean. Gueñesen, aldiz, Enkarterri kaleko Indarra tabernak saldu zuen zenbaki zorteduna. Bertako jabeak Efe albiste agentziari azaldu zionez, dezimoak makinaren bidez banatu zituenez, oraindik ez zekien zenbat ziren. Erandion, Astrabudua auzoan tokatu zen, Etxegorri kalean; eta Plentzian, berriz, Areatza kaleko administrazioan.
AURRENEKO ALDIA
Groseko bederatzigarren administrazioaren arduraduna da Mikel Garmendia, 32 urtekoa. Cava atera zuen hozkailutik, bizilagunekin ospatzeko. Ilusioz beteta zegoen, Erregeetako loteria banatzen zuen lehen aldia baitzuen. «Aurreneko aldia da bost urtean, administrazioa ireki genuenetik. Primitiva sariren bat banatutakoak gara, baita larunbatetako estatuko loteria ere, baina inoiz ez halakorik», adierazi zion Europa Press albiste agentziari.
Sarituetako baten deia jaso zuen. 75.000 euro irabazi ditu eta salmentagatik eta emandako zorteagatik eskertu zuen Garmendia. Oso pozik zegoen.
Garmendiaren aita ere ospakizunera batu zen, oso gustura, emaztearekin batera semeari negozioa zabaltzen lagundu ziona.
GASTEIZEN, 7,5 MILIOI EURO
Erregeen eguneko loteriaren hirugarren sariak, bestalde, zazpi euskal administrazioren artean banatu zuen dirua. Serie bakoitzak 250.000 euroko ordaina zuen, dezimo bakoitzak 25.000 eurokoa.
Gasteizko 17. administrazioak, Olagibel kalekoak, saldu zuen zenbakia; eta Bizkaian, Bilboko Alameda Rekaldeko 21. administrazioak eta Leioako laugarrenak, Artea merkataritza gunean kokatuak.
Gipuzkoan, Azkoitian (Julio Urkijo kalean), Pasai Trintxerpen (Euskadi etorbidean) eta Donostian (Mandasko Dukearen kalean) saldu zituzten dezimo irabazleak. Nafarroan, Iruñeko Barañain etorbideko 64. zenbakiko estankoan banatutakoa izan zen loteria billete saritu bakarra.
Gasteizko Olagibeleko administrazioaren arduradunek Efe agentziari kontatu zioten zenbaki sarituko bost serie salgai jarri zituztela eta hiru behintzat saldu zituztela. Hortaz, hirugarren sariko 30 dezimo banatu ziren saltoki honetako leihatilan. Dezimo bakoitzak 25.000 euroko ordaina izango du. Guztira, 7,5 milioi euro.
78908 izan zen lehen sariaren zenbakia. Serie bakoitzak 2.000.000 euroko ordaina du, dezimo bakoitzak 200.000 eurokoa, eta Espainiako Leonen saldu zen osorik.