Fito RODRIGUEZ
Idazlea
KOLABORAZIOA

Badok hamahiru

Laster 13 urte izango dira Txillardegi hil zenetik, eta, horregatik, aste honetan berriro bilduko gara Donostian, haren figura eta euskarari edota Euskal Herriari egindako ekarpen ugariak aldarrikatzeko, bai eta berau jaiotzen ikusi zuen hiriko agintariek eskaini dioten arreta eskasa salatzeko ere.

Ororen buru, dena den, Txillardegik idatzitako lan akademiko eta literarioan Donostiari hain tratu ona eman arren, hala utzi baitzizkigun haren eleberrien erreferentzia gisa (bere azken urteetan batik bat), nola dibulgazio historikorako artikulu eta liburuetan ere, Txillardegik ez dauka oraindik bere izena duen espazio fisiko nabarmenik bere Donostian.

Hori dela eta, guk, alde batetik, ostegunean, hilak 9, San Jeronimo kaleko Udal Liburutegi zaharreko etxabean elkartzera deitzen dugu, Markos Zapiainen eskutik Txillardegi hizkuntzalaria aztertzeko; eta, bestetik, hilaren 12an, igandean, Antigua auzoan urteroko omenaldia egingo dugula jakinarazi nahi dugu, Jakes Lafitte, Txillardegiri buruzko pastoralaren egilea lagun.

Beste hilaren 12an, baina 1997an, Txillardegik “Jakintsu bat hil da” izeneko artikulua argitaratu zuen “Euskaldunon Egunkaria”-n, Joan Coromines zendu berria zen hizkuntzalari katalanaren berri emateko.

Egun, Bartzelonako Ciutat Vella auzoan, Raval auzoan zehazki, Joan Coromines izeneko plaza bat dago. Enparantza hau CCCB (Centre de Cultura Contemporània de Barcelona) eta Macba (Museu d'Art Contemporani de Barcelona) museoen atzean kokatuta dago.

Ciutat Vellako espazio aktiboenetako bat da eta, kultura garaikideko bi erakunde garrantzitsuren ondoan aurkitzen delarik, hiri ekitaldi eta jarduera ugari bere hartan hartzen ditu.

Plaza hori Joan Coromines hizkuntzalari ospetsuaren omenez izendatu zen, bere figura eta lana gogoratzeko. Hiri espazio publiko hau Corominesek katalanaren eta beste hizkuntzen ikerketei (euskarari berari, besteak beste) egindako ekarpen garrantzitsuak aitortzeko modua da.

Beraz, Joan Corominesek badu bere izena daraman espazio fisiko nabarmena Bartzelonako erdigunean, bere ondare zientifiko eta kulturala omentzeko eta oroitzeko balio duena.

Baina, kontuz, Primo de Riveraren estatu kolpearen ondoren (1923) eta hark zuzendutako diktadurapean, Corominesek Societat d’Estudis Militars-en bilera politikoetan eta praktika paramilitarretan parte hartu zuen, 1925eko ekainaren 6an «Garrafen konplot» gisa ezagutzen den atentatu batean, armak eskuan, parte hartzeraino. Garrafen konplota Alfontso XIII.a erregea hiltzeko saiakera izan zen. Kataluniako independentistek burutu zuten, eta haien artean, Joan Corominesek berak. Horregatik, urte luzez bere burua erbesteratu behar izan zuen. Hau da, Corominesek, ideia independentistetakoa eta Koldo Mitxelenaren lagun hurbilak, lehergailuekin egindako ekintza armatuetan parte hartu zuen, baina hori ez da inoiz traba izan berau jaiotzen ikusi zuen hirian gaur egun maitasunez eta errespetuz gogoratua izan dadin, alderantziz.

Txillardegiren ideia abertzaleek ETA sortzera eraman zuten diktadura garaian Franco jeneralak estatu kolpea eman ondoren, baina, jakina denez, ETA mugimendu armatu bihurtu aurretik, erakundea utzi zuen Txillardegik, eta inoiz ez zuen inolako loturarik izan praktika armatuarekin.

Hala eta guztiz ere, berau jaiotzen ikusi zuen hiriak, nahiz eta horretan Txillardegik ekarpen ugari egin, bere irudi ona alde batera utzi, haren ondare kulturala baztertu eta espainolismo zaharkituenetik datorren oroimenaren bertsio faltsu bezain distortsionatua onartzen du oraindik ere.

Diktadurapean jende argia eta ausarta matxinatzen da baina, aldiz, adimen motzekoak eta koldarrak egokitu ohi dira baita, askotan, matxinoak ere salatu egiten dituzte.

Dakigunez, Resurrección Mª de Azkuek jasotako “San Martinen estutasuna” herri ipuina “Ez dok amairu” esaldiarekin amaitzen zen. Esaldi horrek esan nahi du «madarikazioa (hamahirua) gainditu dela», hamahiruko malefizioa hautsi egin dela, alegia, baina Txillardegiren kasuan, pentsamendu laburreko gogamenen ondorioz, madarikazioak, zoritxarrez, bere horretan dirau oraindik.

Ez digu axola, datorren urtea hamalaua izango da Jose Luis hil zenetik, eta hamahirua gaindituko dugulakoan nago.