Gezurra
Gezurra eta zurrumurrua ez dira gauza berriak, guztiok sumatu dugu inguruan edota azalean, kontatuaren kontatuaz, egiak baino indar handiagoa hartu duen gezurren bat, min egiteko intentzioz edota axolagabekeriaz aldrebestu den mezua, atzekoz aurrera kontatutako pasadizoa... Eta inor ez gaude salbu, guztiok izan gaitezke protagonista, gutaz ari direlako, gu ari garelako. Indarra hartutako zurrumurru horietako askori buelta ematea nekeza da, bueltan-bueltan ez dakizulako ondo zein bide egin duen, noraino eta zein bertsiotan iritsi den; baina, agian, arakatzen aritzeko beharrik ere ez duzu sentitzen, minik egiten ez dizulako, ziurtasunak patxada ematen dizulako, edota beste ezerk kalterik egin gabe, sentitzen duzun oinazea sendatzean buru-bihotzak jarriak dituzulako.
Belarriz belarri eta kalez kale zabaltzen zirenak orain beste dimentsio bat hartu dute; profesionalizatu ere egin direla esan daiteke, eta gezurretan aritu nahi duenak amaigabeko plaza du. Bukatu berri den urte hau gezurraren urtea izendatu du batek baino gehiagok. Eta bai, esan, asko esan dira, zabaldu eta handitu, baina sasi egiez, gezurrez, atzean egon daitezkeen interesez, desinformazioari aurre egiteko baliabideez... ere inoiz baino gehiago aritu gara eta, itxura guztien arabera, hala jarraituko dugu estreinatu berri dugun urtean.
Lan kontuengatik hasieran, jakinminak eraginda gero eta gehiago, bolo-bolo gailentzen diren zurrumurruak egiaztatzeko sortutako egitasmoen orrialdeak sarri bisitatzen ditut; eta zenbat eta gehiago begiratu, orduan eta begiratzeko premia handiagoa sentitzen dudala uste dut. «Kontuz hau edo bestea iritsi bazaizu eta irakurri baduzu, ez da egia» dioten mezuak irakur daitezke orri horietako batzuetan, eta nola eta zein modutan gezurtatu duten ageri da. Susmoa pizten dieten guztiak ezin dituzte aztertu, ordea. Horregatik, hau izan daiteke zalantzan jartzearen eta konfiantzan hausnartzeko urtea eta, zergatik ez, kazetari hainbaten zeregina eta, oro har, kazetaritza balioan jartzekoa.