GARA
GASTEIZ - IRUÑEA

Gutxieneko soldata propioa ezartzeko ekimena parlamentuetan dago jada

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru-k lanbidearteko gutxieneko soldata (LGS) propio baten aldeko herri ekimen legegile bana erregistratu dute Gasteizko eta Nafarroako parlamentuetan. Lakuako Gobernuak akordioa lortzeko konpromisoa azpimarratu du eta EH Bilduk «ongietorria» eman dio, «burujabetza ariketa» dela iritzita.

LAB sindikatuak egindako mobilizazio baten artxiboko irudia.
LAB sindikatuak egindako mobilizazio baten artxiboko irudia. (Monika DEL VALLE | FOKU)

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek atzo ohar batean azaldu zutenez, gutxieneko soldata propioa finkatuko duen Lanbidearteko Akordioa eta bertako erakundeek gutxieneko soldata ezartzeko ahalmena izatea helburu duen Herri Ekimen Legegilea «bide osagarriak» dira, eta horregatik bi bide horiek batera lantzearen alde egiten dute. Elkarlan horren lehen urratsa atzo bertan Gasteiz eta Nafarroako parlamentuetan Herri Ekimen Legegile bana erregistratzea izan da, «Hego Euskal Herriko administrazioek legezko gutxieneko soldata arautzeko aukera eska dezaten».

Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoa eta sindikala islatuko duen LGS berria «burujabetzaren aldeko aurrerapausoa» izango litzatekeela uste dute.

«Gutxieneko soldata ezartzeak langileentzat babes dimentsioa du, negoziazio kolektibo bitartez gutxieneko erreferentziarik bermatua ez duten edo erreferentzia hori baino soldata txikiagoa duten jarduera guztietan ezartzen baita. Gutxieneko soldatak, gainera, soldaten nahikotasun maila bat ekarri behar du orokorrean», eman dute aditzera sindikatuek.

Horrekin batera, «politika sozial eta ekonomikorako tresna» den heinean, gutxieneko soldata «aberastasuna banatzeko eta kohesio sozialerako mekanismoa» ere badela nabarmendu dute, «pobreziaren mugaren azpitik dauden pertsona kopurua murrizten duena eta legezko lan baldintzak baino handiagoak dituzten sektoreetan soldaten goranzko negoziazioa bultzatzen duena».

Sindikatuon arabera, Hego Euskal Herrirako LGSaren zenbatekoa finkatzeko orduan irizpide ezberdinak erabil litezke, baina «argi» daukate espainiar Estatuan finkatutakoa «Hego Euskal Herriko langileei bizi baldintza duinak bermatzetik oso urrun» geratzen dela.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiruk nabarmendu dutenez, gutxieneko soldatak «lurralde dimentsio argia» ere badu. «Hego Euskal Herriko gizarte, kultura, sindikatu eta politika sarea beste lurraldeetakoen aldean ezberdina da, bai osaerari, bai ereduari dagokienez», eta horregatik LGS propioak «euskal gizarteak behin eta berriz hauteskunde sindikaletan edo mobilizazio gaitasunean erakusten duen borondate berezituari erantzun behar dio».

Ildo horretan, erantsi dute Hego Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoa eta sindikala islatuko duen LGS berria «burujabetzaren aldeko aurrerapausoa ere» izango litzatekeela, «lan harremanetarako euskal esparrua eratzeko aurrerapausoa, gizartearen gehiengoaren bizi baldintzak hobetuko dituena aberastasunaren banaketa justuago baten bidez».

LAKUAK LANBIDEARTEKO AKORDIORA DEITU DU

Mikel Torres Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburuak «errespetua» adierazi zion atzo sindikatuek aurkeztutako Herri Ekimen Legegileari, baina adierazi zuen autonomia erkidegoan «hitzarmeneko gutxieneko soldata» lortzeko bidea lanbidearteko akordioa dela, EAEk ez duelako hori finkatzeko eskumenik, «oinarrizko legedia» delako.

Azaldu zuenez, Lakuako Gobernuaren «konpromiso politiko irmoa» dago eragile sozialen (patronala eta sindikatuak) arteko lanbidearteko akordioa lortzeko baldintzak sortzeko. «Negoziazio mahai batean baldintza horiek euren artean eman beharko dira», gaineratu zuen.

EH Bilduk ere ongietorria eman dio, «herri akordio garrantzitsu bat lortzeko aukera» dela iritzita. Gainera, «subiranotasun ariketa» dela dio.