Olaso Dorrea, sei mendetako bidea ikusteko pribilegiozko begiralekua
Bergarako Olaso Dorretxeak museo izendapena jaso du eta hau kudeatzen duen fundazioak museoa eta artxiboa gorpuzteko funtsak biltzeko kanpaina abiatu du. NAIZ Irratian eman zituen xehetasun guztiak Irati Jimenez Olaso Dorrea fundazioko lehendakari berriak.
Urteen arteko trantsizioa berriztapen eta aldaketa urtea izan da Olaso Dorrea fundazioan. Dorretxeak museo izendapena jaso du; Irati Jimenez fundazioaren lehendakariaren ustez, «zalantzarik gabe, aldaketarik handiena». Azaldu zuen fundazioa abian jarri zenetik «bisita gidatuekiko egon den interesak» frogatu duela museo izendapenak badaukala zentzua.
Bergaran egon den edonork Olaso Dorrea «zentzu guztietan, herriaren bihotzean» dagoela ikusi duela baieztatu zuen Jimenezek. «Mendeetan zutik iraun duen dorretxe bat da eta horrek berez badauka balio arkitektoniko bat, Euskal Herrian ez ditugulako hainbeste eraikin mendeetan iraun dutenak», erantsi zuen. Izendapen berri honek jendeari ateak irekitzeko eta duen historia eta ondarea zabaltzeko bidea erraztuko duen esperantza du.
Olaso Dorrea «gure historiaren azken sei mendeetako ibilbidea ikusteko pribilegiozko begiralekua» da. Gure herriko Ilustrazioaren historiari jaioleku bat jarri beharko balitzaio Olaso Dorrea litzatekeela adierazi zuen.
LOTU GABEKO PIEZAK
«Atzera begiratzen dugunean euskaldunok ez da bakarrik kontakizun ekibokatuak ikusten ditugula, batzuetan ez dugu ezer ikusten, hutsune handiak ikusten ditugu eta Olaso Dorrearen barruan zaudenean konturatzen zara hutsune horietako askotan beharbada piezak bazenituela baina haien artean lotu gabeak zirela maila batean», agertu zuen.
«Ilustrazioak Olaso Dorrean izan zuen bere espazio fisikoetako bat, beharbada inportanteena», baieztatu zuen. Fundazioko lehendakariari deigarria egiten zaio nola ez daukagun «gure buruaz herri ilustratua izatearen irudia, nahiz eta izan garen. Gure konplexuetatik gehiago daukagu ‘aldeano’ izatearen irudia, hala esan izan digutelako modu gaiztoan, bestea baino», ohartarazi zuen. Baina herri ilustratu baten erakusgarri da dorretxea eta bertan bildutako artxibo ikusgarria, gaur egungo Jakiunderen egoitza, Telesforo Monzon Laborategiak erabiltzen dituen bulegoak, baita Monzonek eta haren familiak erabili zituzten eta bizileku izan zituzten gelak ere. Esate baterako, haren anaiaren logela ikusgarria eta zinez ederra bere horretan dago.
Artelanak ere badira. Monzon familia bertan bizi izan zenez, belaunaldiz belaunaldi etxea ez da inoiz galdu, ez da erre, ez dute gerrek eraitsi eta, zutik mantendu izan denez, balio handiko hainbat lan etnografiko eta artistiko ikusgarri mantendu ditu. Monzondarrek euskal kultura eta artea maitatu dutenez, bilduma oso interesgarria egin dute, orain errazago erakutsi ahalko dutena museo izendapenari esker.
ALTXOR AMAIEZINA
Telesforo Monzonek eta Maria Josefa Ganuzak eskuratutako bildumen artean dago, esate baterako, Georges Lacombe euskaltzain eta filologoarena. «Benetako altxorra», mundakarraren hitzetan. Olaso Dorrea Fundazioak Euskaltzaindiaren esku utzi zuen bilduma hori, «interesa duenak kontsultatu ahal dezan».
Dena dela, Jimenezek nabarmendu zuen «Lacomberen bilduma Monzon-Olaso familiaren artxibategiaren zati bat besterik ez» dela. Era askotako materialak agertu dira. Jon Mirandek, oso gaztea zelarik, Telesforo Monzoni bidalitako gutunak, adibidez. «Horri esker datatu ahal izan dugu noiz ikasi zuen euskara Mirandek. Baita euskara ikasten hasi zenetik ‘Haur besoetakoa’ idatzi zuenera arte zortzi urte besterik ez zirela pasatu ere».
BABESLETZA KANPAINA
Fundazioak babesletza kanpaina jarri du martxan “Olaso Dorrearen babesle” figura sortuz, «hainbat jenderen eskaerari erantzuteko asmoz». «Fundazioaren helburuekin eta, noski, Telesforo Monzonen baloreekin bat egiten duten guztiei irekia dago, pertsona juridiko zein fisiko», azaldu zuen Irati Jimenezek.
Era desberdinetako babesletza motak daude, baita legatuak egiteko aukera ere. Informazio guztia fundazioaren web orrialdean dago eskuragarri (telesforomonzonlab.eus).