Imanol CARRILLO
ESKUBALOIA

Partida oso exijentea gainditu du, Europara begira jartzeko

Donostiarrek baloi ugari galdu zituzten lehen zatian, baina Kosticen bederatzi geldiketek arnasa eman zieten, atsedenaldira aurretik joan (13-11) eta bigarren zatian lehia desorekatzeko.

Esther Arrojeria, garaipenaren keinua egiten, aurreko partida batean.
Esther Arrojeria, garaipenaren keinua egiten, aurreko partida batean. (Jon URBE | FOKU)

Granollersek Super Amara Bera Berari asko exijituko ziola aitortu zuen Imanol Alvarezek atzoko Ligako partidaren atarikoan. Eta Ermuko entrenatzaileak asmatu egin zuen bete-betean, larunbatean EHF European Leagueko multzo fasean Paris 92ren aurka debuta egin aurretik. Pentsa, lehenengo 14 minutuetan baloia bederatzi aldiz galdu zuten donostiarrek, eta Kosticen bederatzi geldiketei esker neurketan bizirik mantentzea lortu zuten.

Lehenengo zatiak utzitako markagailuak ez du gertaturikoa zehazki laburbiltzen, baina pixka bat gerturatzen zaio: 13-11. Izan ere, bi goleko abantaila hori izan zen Bera Berak lorturiko handiena lehen zatian. Huts asko egiten ibili ziren gipuzkoarrak, hein handi batean Granollersek ezarritako defentsa gogorrarengatik, eta markagailuan atzetik joatea egokitu zitzaien.

Lehen zatian Micaela Rodriguesen debuta ikusi ahal izan zen, eta Bera Berak, kanpokoen jokalari bat bi minutuz kaleratu zutela aprobetxatuta, bi goleko errenta lortu zuen, Arrojeriak eta Karstenek penaltiz sartutako golei esker.

BESTE MARTXA BATEKIN

Bigarren zatian Bera Bera sendo hasi zen eta 2-0eko partzial batez aldea handitu zuen (15-11). Katalanek, ordea, ez zuten burua makurtu eta 16na berdintzea lortu zuten. Aurrerago 21-20 ipini ziren, baina hortxe amaitu zitzaien itxaropena. Azken minutuetan donostiarrek beste martxa bat jarri zioten partidari, eta lasaitasun puntu batekin jolastu ahal izan zituzten azken minutuak.

Orain, Imanol Alvarezen jokalariek ondo deskantsatu beharko dute, txipa aldatzeko.