GARA
DONOSTIA

Zuzeneko emanaldien salmenta %25 igo zen 2024an, Musika Bulegoaren arabera

Euskal musikako eragile ezberdinek sektorearen osasunari eta etorkizunari buruzko hausnarketa egiten dute Musika Bulegoa Elkartearentzat. «Musika jarduera ugariak sektorearen erresilientzia eta berrasmatze gaitasuna islatzen du», erakundearen arabera. 2025erako erronkak ere bildu dituzte.

Zuzeneko musika emanaldiek publikoaren arreta pizten dute.
Zuzeneko musika emanaldiek publikoaren arreta pizten dute. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Euskal Herriko musikaren sektoreak 2024. urteari «errekor zifrez» agur esan dio, Euskal Herriko Musika Bulegoaren arabera. Urtearen balantzea egiteko, sektoreko hainbat profesionalen iritziak bildu ditu erakundeak eta, datuen artean, zuzenekoetarako sarreren salmentak %25 igo direla nabarmendu dute.

Amaia Ispizua Musika Industriaren Elkarteko lehendakari eta Get In-en promotorearen arabera, 2024 «musika sektorearentzat urterik onenetakoa» izan da. Azaldu du sarreren salmentak %25 igo zirela aurreko urtearen aldean, eta streaming bidezko musikaren kontsumoak goranzko joerari eutsi ziola. Gaineratu du ikusleek interes gero eta handiagoa erakutsi zutela zuzeneko ikuskizunekiko, askotariko ehun artistikoa sendotuz, emakume sortzaile eta artista berrien protagonismo nabarmenarekin.

Bestalde, Gotzon Uribe Kultura Liveko presidenteak musika sorkuntzaren «urte oparoa» ere azpimarratu du, talde askoren agerpenarekin eta kontzertu aretoetan publiko gero eta handiagoa erakartzen duen tokiko eszenarekin.

Diskografiaren alorretik, Andres Camio ‘‘Jitu’’ Elkar argitaletxeko musika arduradunak sektorearen dinamismoa azaldu du, eta esan du «musika kulturaren motor nagusi gisa berresten» dela eta «sorkuntza ez dela krisian dagoena». Halaber, Elkarren estudio berria eta Fermin Muguruzaren ‘‘40 urteko bira’’ aipatu ditu, eta biniloaren garrantziaz mintzatu da, ingurune digital azeleratu batean jarraitzaileak izaten segitzen duen formatu gisa.

LORPEN SEKTORIALAK

Sara Azurza musikariaren eta Musikari elkarteko lehendakariaren arabera, Artistaren Estatutuaren pean PFEZren erreforma onartzea mugarri garrantzitsua izan da. Neurri horrek aukera ematen du artisten laneko aldizkakotasuna eta diru sarrera irregularrak kontuan hartzeko, sektorearen fiskalitatean mugarri bat ezarriz.

Helga Ariasek, Musikagileak elkarteko presidenteak, euskal musika garaikidearekiko interes gero eta biziagoa ospatu du, bai nazio mailan, bai nazioartean. Zikloak eta jaialdiak sendotu izana nabarmendu du, baina iraunkortasuna bermatzeko erakundeen babes sendoagoen beharra adierazi du.

2025EKO ERRONKAK

Musika Bulegoaren ustez, urtea «arrakastatsua» izan den arren, sektoreko profesionalek aurre egin beharreko erronkak «handiak» dira. Bildu dituen etxeko lanen artean leudeke kontzertu aretoei laguntzea, «bideragarritasun ekonomikoko arazoei aurre egin behar baitiete, kostu operatiboak handitu egin direlako, jaialdi handiak direla eta».

Lan baldintzak eta profesionalizazioa ere «lehentasunezkoak» dira profesionalen iritziz: «Artistaren Estatutuaren ezarpenean aurrera egitea eta teknikarientzat hitzarmen arautzaile bat sinatzea funtsezkoa da sektorea duintzeko», ohartarazi dute, eta Alvaro Sanz ABS Iluminacioneko zuzendariaren hitzak ere jaso dituzte. Teknikarien lan harremanak arautuko dituen hitzarmena «berandu baino lehen errealitate bat izatea» espero du Sanzek.

Era berean, ez dute begien bistatik galtzen mehatxu eta aukera berriak planteatzen dituen adimen artifiziala, hala nola streamingean eta musika sorkuntzan duen eragina.

Galdekatuek aipatu duten beste erronka garrantzitsu bat genero berdintasuna sustatzea da, gehienbat gizonak buru dituen sektore batean, eta, aldi berean, euskara babestea mundu globalizatu batean.

Musika konposizioak dokumentatzea eta artxibatzea ere funtsezkoa dela zehaztu dute, Euskal Herriaren historia musikal aberatsa babestuko duen ondarea sortuz.

Azkenik, finantzaketa publikoa eta pribatua indartu beharra ere ikusten dute, «ekosistema iraunkorra bermatzeko eta artista berriei zein finkatuei laguntzeko», Musika Bulegoak zehaztu duenez.

Agus Barandiaranek, Korrontziren sortzaileak, artista berrientzako laguntza eta kultur finantziazioa indartzeko deia egin du, musika negozio jasangarria bermatzeko.

Bien bitartean, Gotzon Uribek tokiko sortzaileak ikusarazi eta haien garapena sustatu nahi du.

Amaitzeko, Musika Bulegoaren esanetan, euskal musikaren sektoreak baikortasunez aurre egingo dio 2025ari, eta Amaia Ispizuaren hitzak bere egiten ditu: «Erronka handiak musika merezi duen funtsezko tokian kokatuko duen elkarte-sare sendo batekin bakarrik gainditu ahal izango dira».