Arteak leku ilunenak argitu ditzake
Sing Sing izeneko espetxean girotuta dago film hau eta narrazioaren protagonista bertako preso talde bat da: arte dramatikoen tailer batean parte hartzen dute eta beren antzezlan propioa prestatzen ari dira. Antzerkiaren botere askatzaile eta sendatzailea agerian uzten du film aparta honek. Antzerki programa hori, presondegiko errealitate latzaren aurrean, ihesbide moduko bat bihurtuko da.
Colman Domingok antzeztutako Divine G da istorioaren ardatza; egin ez zuen krimen batengatik espetxean dagoen pertsona bat da. Clarence Maclin, Sing Singeko preso ohia da filmeko beste protagonistetako bat.
Teknikoki, film xumea da; indie kutsua duen arren, forma aldetik nahiko soila eta klasikoa da. Eszenaratzearen naturaltasuna da nabarmenena, baita jariatzen duen benetakotasuna ere. Egiazkotasunaren alde, handikeria artistikoak albo batera uzten ditu. Aktoreetako asko egiazko Sing Singeko antzerki programako ikasle ohiak dira, eta horrek geruza eta sakontasun oso interesgarriak gehitzen dizkie horien antzezpen lanei.
Kwedarren zuzendaritza lana sentibera eta errespetuzkoa da: kartzela generoko klixeetan erortzea saihesten du eta pertsonaien erresilientzia eta erredentzioan zentratzen da.
Espetxeko espazio klaustrofobikoak zein presoek agertokian dituzten emozioak harrapatzeko helburuz, kamera modu intimoan mugitzen da une oro.
“Sing Sing” ez da espetxe-sistemari buruzko istorio bat soilik: bizitzak eraldatzeko arteak duen botereari buruzko kontakizun unibertsala da. Kartzelako dramen generoari ikuspegi oso interesgarria eskaintzen dio, espetxearen helburu nagusia errehabilitazioa dela azpimarratzen duelako, ez zigorra.
Arteak leku ilunenak argitu ditzakeela aldarrikatzen duen film ederra da.