Izarren krisia
Azkenean animatu egin naiz, urte berriaren ataria aprobetxatuz. Aspaldian ez nuen holakorik egiten, baina azken asteetan metatuz joan da eta ateratzeko beharra neukan. Esan eta egin! Telefonoz deitu eta segituan hartu dut hitzordua. Hara joan eta di-da, belarriko ezkoa atera dit erizainak! Kontuak atera zelakoa zen tapoia, hori kenduta hobeto ikusten dudala! Nire konpostera bota dut ezkoa, ekonomia zirkularrari keinua eginez. Tira, harira! Hamaika entzuteko gara! Gehiago entzuten dut orain, baina arazoekin oraindino gauza asko ulertzeko. Nonbait buruan ere badaukat tapoiren bat askatu beharra…
Urte hasieran txostenak errenkadan datoz, joana den urteak honetaz eta hartaz utzitakoaren argazki. Orain arteko urterik beroena izan da; industria-iraultzaz geroztiko klimaz nago. Edo atzekoz aurrera esanda, gerora izango bide dugun urterik hotzena. Dena daukagu krisian, krisiak berak ere, krisien pandemia-aroa da etortzen lagundu dugun hau. Lagundu bai, guk geure aurrekoek baino dezente gehiago, eta gure ondorengoek baino auskalo zerago!
Era askotako lehengaien krisia zela bagenekien, jakin ere, txostenak txosten, baina ez nuen inoiz pentsatuko ortziko izarrak gaion zerrendan izango zirenik. Bada, bai, hala da! Etxe Zuriko maizter ergel berriak du esana, horko eta hango lurralde-ubideak nahi dituela bereganatu, sasoiko merkealdiak baliatuz edo, euren bandera transgenikoan izar berriak gehitzeko, zuriak. Areago, bada bere estolda-sarean unibertsoa bera berea dela uste duena. Nazka Totala! NaTo!
Hiltzen ari zaigun Uruguaiko buru ohi jatorrak esana du demokrazia dela sortu dugun zikinkeriarik onena. Hitz bitan esangura handia gero! Eta agenda bete ekimen daukagu hori garbitzen, nor bere lurraldean. Atzoko Bilbokoa argazki. Batzuen ezkoa beratzen laguntzeko bidea.