Sake-errestoan aldeak irekita, Elordi eta Zabaletak garaipen azkarra lortu dute
Egoerak behartutako bikotea osatu zuten Zabalak eta Bikuñak, sukarrak jota etxean geratu behar izan zuten Altuna eta Aranguren ordezkatuz. Elordik eta Zabaletak seigarren puntua eskuratu zuten eta puntu bakarrera dute bigarren postua.

Berrogeita hamar minutu eskas eta 353 pilotakadako partida azkarra irabazi zuten atzo, Gasteizko Ogeta pilotalekuan, Elordik eta Zabaletak. Bikote aurkaria berria eta eskarmentu gutxikoa izan zuten, Altuna eta Arangurenen ordez aritu baitziren Javi Zabala -iaz sasoi txukuna osatu zuena- eta Bikuña -elitean oso gutxitan jokatu duena-. Igarri zen esperientzia falta, bai eta egoerak behartutako bikotea osatu zutela. «Lehiatzeko gogoarekin sumatu ditugu, baina segurtasun apur bat falta izan zaie eta hori baliatu dugu guk. Saiatu naiz aukerak aprobetxatzen eta partida on bat egin dugu», adierazi zuen Aitor Elordik dema bukatutakoan.
Mallabitarrak soilik lau egindakorekin bukatu zuen partida, baina bere sakeak protagonista izan ziren. Pilotakada bakarrarekin zazpi tanto lortu zituzten gorriek, horietatik sei Bikuñak sake-errestoan erakutsitako ezinaren ondorioz. Hain zuzen ere, Elordik sakean asmatu zuenean -pilota apur bat gehiago kokatuz ezkerparetan- igarri zen bikoteen arteko aldea, ordura arte Zabala oldarkor batek bikote urdina partidan bizirik mantendu baitzuen.
Lehen erdian, Zabaleta deseroso zebilela, markagailuan aurreratu ziren Zabala eta Bikuña (4-5 eta 5-6), baina gorriek pilota aldatu eta erreskadan sei tanto egin zituzten, horietatik lau sakean, Zabala eta Bikuñak ezin eramanda. Erreakzio txiki batekin -gorrien akatsak tarteko-, gerturatu ziren markagailuan (15-11) baina irudipena besterik ez zen izan, beste 7-1eko partzial azkar batekin seigarren puntua eskuratu baitzuten Elordik eta Zabaletak.
«Partida tranpak dira, badirudi titularrek ez dutelako jokatzen errazagoa izango dela. Zentratua egon behar zara, gauzak oso ongi egin behar dituzu», adierazi zuen Zabaletak, urduri egon zela aitortuta. Txapelketa ona egiten ari direla onartu zuen eta Elordik azpimarratu zuen bigarren posturako borroka egingo dutela.

El Patronato del Guggenheim abandona el proyecto de Urdaibai

El PP amenaza con el exterminio político a EH Bildu y sin tener turno de palabra

El exalcalde de Hondarribia fichó por una empresa ligada a Zaldunborda

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»
