Ramuntxo Labat: «Elkarlanak eraman gaitu garaipenera»
Auzapez abertzalea izango da aurrerantzean Ahetzen. Lehen itzulian bigarren indarra izan ostean, bigarren honetan boto gehien jaso ditu. Garaipenaren balorazioa egiteko NAIZ Irratian izan zen atzo Ramuntxo Labat, Ahetzeko auzapez berria.
Philippe Elissaldek udalbatzaren babesa galdu ostean, iragan iganderako deitu behar izan zituzten Ahetzeko hauteskunde aurreratuak. Ramuntxo Labat abertzalearen taldeak irabazi zituen hauteskundeak 471 botorekin. 193 boto izan zituen aurreko auzapezaren babesa zuen Ahetze Bihotzetik zerrendak, eta 387. Ramuntxo Goietxek gidatutako Ahetze Zuekin zerrendak. Labat auzapez berria NAIZ Irratian izan zen atzo balorazioa egin eta lehentasunen berri emateko.
Lehen itzulian bigarren geratu zen Labaten taldea, baina bigarren itzulian hauteskundeak irabazi ditu; «aldaketa hau lanari esker izan da, elkarlanak eraman gaitu garaipenera», esan zuen NAIZ irratian. Kanpaina berezia izan zen, Eguberrietan egin behar izan baitzuten eta, Labatek esan zuenez, gainerako taldeak «beldurtu» egin ziren eta sare sozialen bidez egin zuten kanpaina. Beraiek, ordea, hasieratik herritarrengana joan beharra ikusi zuten eta hala egin zuten.
Elissalderen dimisioaren ondoren, «zerotik» hasi beharra zegoela sumatu zuen Labaten taldeak. Azken hilabeteetan auzapez ohiaren ondorioz Herriko Etxean «giro txarra» sortu zela azaldu zion Labatek NAIZ irratiari, eta ondorioz, hurrengo hilabeteetako beren lehentasuneko bat «herriko langileekin harremanak sendotzea» dela. «Herriko Etxean zen giroagatik anitzek alde egin dute gure herritik eta hori ez da seinale ona», adierazi zuen.
Bigarren lehentasuna Ahetzeko merkatua indartzea da. «Badugu bertako merkatua, baina hobeki antolatu behar dugu, eta hobeki antolatzeko elkarlan bat eraman beharko dugu herriko elkarteekin, berriro mintzatuz eta parte hartuz proposatuko ditugun bilkuretan», jakinarazi zuen Ramuntxo Labatek.
EUSKARARI TOKIA
«Euskarari behar den tokia» emateko «eskola publiko zein ikastolaren geroa gaurdanik» nahi du ziurtatu egungo talde berriak. Izan ere, kontatu zuen ikastola bat sortzeko asmoaren berri dutela: «Badugu egoitza bat obretan dena aurten, eta badugu Ahetzen ikastola txiki bat sortzeko asmoa». Bestalde, euskarari toki publikoetan presentzia handiagoa ematea ere bada asmoa.
Agintaldia ohi baino laburragoa izango da, datorren udaberrian berriro jo beharko baitute bozkatzera, eta hori erronka berri bat izango dela esan zuen auzapez berriak: «Gehiengo batek gure alde bozkatu zuen, eta orain guri kudeaketaren ardura hartzea dagokigu; orain urte bat bakarrik dugu gure herritarrei erakusteko gai garela gu ere kudeaketa lana egiteko».