GARA
BAIONA

Mixel Aire «Xalbador II» bertsolaria pausatu da

Mixel Aire Etxebarren ‘‘Xalbador II’’ bertsolaria 81 urtetan hil da. Urepeleko Xalbadorrenean sortua, artzaina zen ofizioz. Beila Baigorrin eginen da, eta Urepelen ehortziko dute larunbatean.

Mixel Aire, Xilaban.
Mixel Aire, Xilaban. (Alberto ELOSEGI | XDZ)

Urepelen sortu zen Mixel Aire Etxebarren 1944ko maiatzaren 5ean. 81 urtetan pausatu da ogibidez artzaina zen eta ‘‘Xalbador II’’ izenez ezaguna egin zen bertsolaria. Hazparnen kantatu zuen lehen aldiz 1967an, ondoan bere aita, Fernando Aire ‘‘Xalbador’’, eta Mattin Treku, Jon Lopategi eta Txomin Ezponda bertsolariak zituela. Bertsolaritzan aritu izan da bertsolari eta gai-emaile gisara ere.

Bat-bateko sariketa eta txapelketa anitzetan parte hartu zuen Mixel Airek, batez ere Nafarroako txapelketan. Taulara 17 aldiz igo zen aipaturiko txapelketan, 1980 eta 1996 urteen artean.

Bertsolari gazteekin harreman berezia ukan zuen, eta, horren adierazle, Zuberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Xilaba txapelketan parte hartu zuen 2008 eta 2010 urteetan.

Bertso jarriak ere anitz idatzi zituen. ‘‘‘Ameriketan bakarrik’’ bertso saria jaso zuen 1969an, esate baterako.

Jexux Arzallus bertsolariak hil berri den laguna omendu du, Mediabaskekin mintzo. Bertsularien Lagunak elkarteko zuzendaria izandakoaren erranetan, «bertsolari oso fin, zintzoa eta argia zen» Mixel Aire. Era berean, memoria luzeko gizona zela nabarmendu du: «Aitarena ongi transmititua zitzaion bere semeari».

‘‘Xalbador II’’-k garaiko bertsokera bazuen ere, bereziki hizkuntzarekin zuen zorroztasuna aipagai izan du Arzallusek. «Euskararekin biziki zorrotza zela erranen nuke, Urepelekoa, Nafarroa Beherekoa eta Zuberoakoa ere bazuen, han ibilia zelako artzain lanetan. Mixelek gisa berean maneiatzen zuen hizkuntza Euskal Herri osoan gaindi, Bizkaian bezala Baxenabarren », goraipatu du Hendaiatik, Urepelekoari omenaldia eginez.

Paxkaline, Amaia eta Miren, Aire ahizpak taldeko hiru abeslarien aita, Mixel Aireren aldeko ehorzketa heldu den larunbatean, urtarrilaren 18an, Urepelen iraganen da.

Hil kapera gaur 15.00etatik goiti zabalik egonen da, eta bisitak ostegunean eta ostiralean ere egin ahal izanen dira, Baigorriko beilatokian.