Ainara LERTXUNDI
DONOSTIA
OTSAILAREN 15-EAN KURSAALEN

Torturatu orori dei egin diote, nazio batzar eratzailean parte hartzeko

Euskal Herriko Torturatuen Sarea eratzeko, otsailaren 15ean Donostiako Kursaalen egingo den nazio batzar eratzailean izateko deia egin diete torturak jasan dituzten euskal herritar guztiei. «Aitortza publiko, sozial eta ofizialerako garaia iritsi da. Garaia da herri honen kontra tortura modu sistematikoan erabili izan dela aitortzeko», adierazi zuten atzoko agerraldian.

Euskal Herriko Torturatuak Saretzeko Talde Sustatzaileak atzo Donostiako Kursaal aurrean egindako agerraldia.
Euskal Herriko Torturatuak Saretzeko Talde Sustatzaileak atzo Donostiako Kursaal aurrean egindako agerraldia. (Jon URBE | FOKU)

«Konbentzimendu osoz diogu garaia iritsi dela gure herrian torturatuen aitortza publiko, sozial eta ofizialerako; garaia dela herri honen kontra tortura modu sistematikoan erabili dela aitortzeko. Helburu hori erdieste aldera, subjektu gisa eratzeak, ahots propioa duen sare bezala gorpuzteak, berebiziko garrantzia izango du aurrerantzean. Guk egin ezean, guregatik inork ere ez duelako egingo; eta torturatuontzat orain arte itxita egon diren aitortza eta erreparaziorako bideak zabaltzen lagundu nahi dugu», adierazi zuten atzo Kursaal jauregiaren aurrean, Euskal Herriko Torturatuak Saretzeko Talde Sustatzaileak egin zuen agerraldian. Bertan izan ziren Enkarni Blanco Abad, Amaia Urizar de Paz, Raul Alonso Alvarez, Ainara Gorostiaga Eskubi, Mikeldi Diez Aldama, Idelfonso Montero Salvarrey Txorbo", Iker Araguas Jusue eta Ainara Fresneda Etxeberria.

Fresnedak eta Araguasek esan zuten, agirian azaldu bezala: «Jendarteari, hurrengo belaunaldiei, gertatu dena argitzea zor zaie. Hori baita tortura desagerrarazteko modurik eraginkorrena, guk pairatu genuena beste inork inoiz jasan ez dezan».

«Garrantzitsuena ez da egin ziguten hura, baizik eta egin ziguten harekin egiteko gai garen hori. Eta guk elkarrekin marraztu nahi dugu gure aitortzaren eta erreparazioaren bidea», ohartarazi zuten.

Horretarako, «frankismoaren garai ilunetik hasi eta kasik gaurdaino», Euskal Herritan torturak jasan dituzten herritar orori dei egin diote, otsailaren 15eko hitzordua bere egin dezan, eta «deialdi honen zabalpenean lagundu».

Egun horretan aurkeztuko dute Euskal Herriko Torturatuen Sarea. Atzoko agerraldiarekin deialdi hori zabaltzeko «konpromisoa partekatu» nahi izan zuten, «torturatu ahalik gehienengana iritsi ahal izateko, bide hau torturatu ahalik gehienon artean egiteko. Torturak jasandako inor prozesu honetatik kanpo gera ez dadin».

20 BATZAR BAINO GEHIAGO ETA 700 TORTURATU AURREZ AURRE

Azaldu zutenez, Euskal Herriko Torturatuen Sarearen «eraikuntza kolektibo» honetan eta Nafarroan martxan dagoen torturatuen elkartearen «itsasargiak gidaturik», 20 batzar baino gehiago egin dituzte zenbait eskualdetan; «700 torturatu baino gehiago elkartu gara aurrez aurre, mota askotako ekarpenak jasoz».

«Badakigu torturaren zauriek bizirik dirautela gure gorputzetan, gure herriaren geruza sozialean; eta jakitun gara, prozesu hau martxan jartzearekin batera, zaintzaren esparruak berebiziko garrantzia hartu beharko duela ezinbestean. Horregatik, elkar zaintzeko mekanismorik eraginkorrenak zeintzuk diren denon artean sortu eta eraiki beharko ditugu. Prozesu hori ahalduntze kolektiborako prozesu gisa erabiliz, elkarrekin lotzen gaituen sufrimenduaren hari hori elkartasun sare bihurtzeko, eta pairatutako sufrimendua indar askatzaile bihurtzeko», nabarmendu zuten. «Zaindu gaitezen, aktibatu gaitezen eta egin dezagun elkarrekin aurrera. Euskal Herriko Torturatuen Sarea sortzen ari gara, eta gutako bakoitza ezinbestekoa da prozesu horretan. Saretu, saretu eta saretu», amaitu zuten.

Nazio batzar eratzailea otsailaren 15ean Donostiako Kursaalen egingo da 9.30etatik 12.00etara.