Urtzi URRUTIKOETXEA
AGURRA ETXE ZURIAN

Biden badoa, zenbaki oso onekin baina azken helburuan porrot eginda

Joe Bidenen agurra dugu asteon, astelehenean Donald Trumpek berriz ere presidente kargua hartu aurretik. Horrek bakarrik markatuko du neurri batean bere agintea, Trumpen bi agintaldien erdian egon izana Etxe Zurian. Uste baino lehenago nabarituko da haren hutsunea, bere burua gehiegi nabarmendu gabe ere zentzu komunaren adierazle gisa, Trumpekin iritsiko diren turbulentzien ondoan.

(Aaron SCHWARTZ | ZUMA)

Delawareko senatari ohi, presidenteorde eta azkenean presidente denaren agurra ez da Etxe Zuriari soilik, Washingtonen mende erdiz egindako ibilbideari baizik. Senatari gazteenea izatetik 82 urterekin “komandante-buru” kargua uztera, bizi erdia baino gehiagoko karrera politikoa izan du Joe Bidenek.

Azken lanei helduta bakarrik, Barack Obamaren agintaldietako zutabe garrantzitsuenetakoa izan zen presidenteorde gisa. Ez du bere buruzagi ohiaren karisma izan behin ere, baina, trukean, katramilatutako auzietan aparteko trebezia izan du, baita Etxe Zurian egon denean ere, Kongresuarekin elkarlanean aritzeko. Ez alferrik, Senatuko eskarmentuak oposizioaren bulegoetara eraman du Biden behin baino gehiagotan, askatzerik ez ziruditen korapiloetan adostasunak aurkitzeko.

Bulego Obaletik asteazkenean egindako mezuan egin zuen sator-lan horrek ekarritako emaitza ikusgarrien zerrendatzea. Egoerarik larrienean, herrialdea ezin zatituago hartu zuen pandemia baten erdian, astero milaka lagun hiltzen zirela, eta ekonomikoki oso indartsu dagoen herrialdea utziko dio Trumpi. Etxe barruan asko da Bidenek lortu duena, baina garrantzitsuenean kale egin du: Etxe Zuriari eustea ekarriko zion herritarren onarpena.

Komeni da lortu duenaren eta herritarrek daukaten pertzepzioaren artean dagoen arrakala aztertzea. Zerk kale egin duen, azken batean. «Denbora beharko da elkarrekin egin dugunaren erabateko eraginaren neurria hartzeko. Baina haziak erein ditugu. Datozen hamarkadetan hazi eta loratuko dira», esan zuen herenegun. Beti ni-tik diharduen Trumpen aldean kontrastea da beti kolektiboari, lan komunitarioari zuzentzen zaion edonor entzutea.

Horren aurrean, are indar handiagoa hartzen du herrialdeari egindako ohartarazpenak. «Egun, oligarkia bat itxura hartzen ari da Estatu Batuetan, muturreko aberastasun, botere eta eragina dutenen aldetik, eta gure demokrazia guztiari, gure oinarrizko eskubideei eta askatasunei mehatxu egiten die», salatu zuen bere adierazpenean. «Izugarri aberatsak diren gutxi batzuen eskuetan boterea kontzentratzeak» eragiten dion kezka aipatu zuen.

Arrisku eta mehatxuen testuinguru horrek hasierarako galdera errepikatzea dakar, ordea: zerk egin du kale, horren datu onak erakusten dituen Gobernu baten boto-emaileak ez konbentzitzeko? Komeni da gogoratzea Bidenen Administrazioa ondo hasi zela 2021ean, Trumpen gehiegikeriez nazkatuta zegoen herrialde batean. Legitimazio arazo larria izan du hasieratik, ezin uka, errepublikanoen zati handi batek presidente ere ez baitzion deitu nahi izan, baina hor ere aire freskoa izan zen, askorentzat presidente ohi inprebisible haren aurrean Washingtonen barne dinamika goitik behera ezagutzen zuen norbait egotea.

Egia da Bidenek herenegun, edo aurreko astean “Washington Post”-en idatzitako artikuluan, Trump ez zuela zuzenean aipatu. Agintaldi hasieran ere larrialdi egoera arteztera bideratu zituzten urratsak; aurrera begiratzeak atzea sistematikoki historia liburuetan ez dela geratzen aski ezaguna beharko luke honezkero. Merrick Garlanden izendapena okerrik handienetakoa izango da ziurrenik, eta ondorio larriena izan duena. Mundu guztiaren aurrean gertatutako deliturik larrienen aurrean -hauteskundeak manipulatzeko presioa egin eta jarraitzaileei indarrez Parlamentuari eraso egitera deitzea-, ez da gai izan behar bezala ikertzeko eta auzipetzeko.

Edonola ere, hori guztia indartsu eta bere buruan konfiantzaz hasi zen administrazio bati dagokio. Noiz eta nola okertu zen? 2021eko urtarrilean Etxe Zurira sartu zenean onarpen maila ehuneko 57koa zeukan. Ez da asko, baina urtebeteren buruan ehuneko 40ra amildu zen, eta beherantz jarraitu zuen. Ez ziren MAGAzale eta trumpista sutsuak bakarrik, Bidenen aldeko botoen ehuneko 53 horren zati bat ere urruntzen joan zitzaion, eta ez zuen itzultzerik lortu.

Lehen udan hamar puntu egin zuen Bidenen onarpen mailak. Tartean, Afganistango hondamendia egon zen. Pandemiako neurriak arintzen hasi zirenean ere -musukoa kentzea, esaterako-, delta aldaerak berriz osasun neurriak estutzea ekarri zuen.

BIDENOMICS, PORROTAREN ADIERAZLE

Ekonomia suspertzeko hartutako neurriak lorpen historiko bezala ikusiko dira aurki ziurrenik.

Etxeetara 1.400 dolarreko estimulu-txekeak iritsi ziren. Beste neurri batzuetarako, teorian demokratek Kongresuaren kontrola izan arren, arazoa ez den demokraten ezkerreko sektoretik etorri, Joe Manchin eta Kyrsten Sinema senatari zentristetatik baizik. Haurren zerga kreditua, esaterako, 2021ean galdu zen Manchinek inflazioarekiko zituen errezeloekin. Haren negoziazioak bideratu zuen trenean eta klima aldaketaren aurrean bestelako garraiobide -eta bestelako ekonomia- bat proposatzen duten inbertsio milioidunak onartzea. Baina berriz ere, berehalakoan ekonomia suspertu eta lanpostuak sortuta ere, benetako eraginak epe ertain edo luzean ikusiko dira.

Munduko beste leku askotan bezala gora egin zuen inflazioak, egia da, eta Euskal Herrian bezala, hipotekak zituzten estatubatuarrei sekulako triskantza eragin zien. Unibertsitateko tasekin zorpetuta dauden milioika lagunei zorra barkatzea lortu du, baina hor ere lana mugatu dio Gorenak.

Iragarri bezala, inflazioa behin-behinekoa izan zen, Bidenek petrolioaren prezioa jaistea lortu zuen Saudi Arabiara egindako bisitan eta, abortuaren aurka Gorenak hartutako erabakiak amorrarazita, 2023ko agintaldi erdiko hauteskundeak uste baino hobeto irten zitzaizkien demokratei. Une horretan beharbada perspektiba galdu zuen Bidenek, hauteskunde haietako emaitzei erreparatuta bigarren agintaldi bat lor zezakeela sinetsiz.

Bidenomics kanpaina abiarazi zuen Etxe Zuriak, neurri ekonomikoak herritarrei helarazteko. Komunikazio arazoa bazegoela, gutxienean, argi zegoen, baina hori zelan konpondu ez zegoen hain argi. Urte osoa zurrumurruak uxatzen ibili eta gero, ekaineko debateak hondamendia ekarri zuen.

Hauteskunde egunean, herritarren %68k ekonomia «ez oso ondo» edo are «txarto» zegoela uste zuten. Kamala Harrisek irabazi beharreko estatuak Bidenek ondoen egin ohi zituenak ziren (eta inkestek Bideni ere emaitza txarrak ematen zizkioten Michiganen, Wisconsinen eta are Pennsylvanian). Duela urtebete, estatubatuarren %86k zioten zaharregia zela berriz lehiatzeko.

Etxe Zuriko arazoetan, hautagaia zehaztu eta lorpen ekonomikoak ezin «salduta», sakoneko beste arazoari ezin izan zioten erantzunik eman: langile klasearen zati handi batek bizkarra eman ziela.

Beltzen eta beste gutxiengo batzuengan oinarrituta ere, latino askok euren burua langile klasean ikusten dute gero eta gehiago, gutxiengoan baino. Sozialki gora egin duten seinale, haien «amets amerikarra» betez, ekonomikoki gero eta indartsuago bihurtuz, eta babes soziala ere handituz.

Laster igarriko da Bidenen hutsunea, eta galdera deseroso askori erantzun beharko diete demokratek.