Eli PAGOLA
DONOSTIA
Elkarrizketa
Joseba Attard
Ardi moztailea

«Burutik kendu behar dugu Latxaren artileak ez duela baliorik»

Artzainentzat arazo bilakatu da artilea edo, behinik behin, hondakin, eta, beraz, kudeatu beharreko zerbait. Soberakinak ez du zertan zaborra izan, eta Joseba Attard ardi moztailea Naiz irratiko «Gelditu makinak» saioan izan zen gaiaren inguruan hitz egiteko; nazioarteko hainbat irtenbideren adibideak ere azaldu zituen.

(Aritz LOIOLA | FOKU)

Euskal Herrian artzaintzara begira jartzen garenean, ibilbide luzeko ofizioa ikusten dugu, nahiz eta, egun, inor gutxi kexatzen den artilezko jertseek eragindako azkuraz. Neguko kanpaina bukatuta, lasaiago dabil Joseba Attard ardi moztailea. Lasaiago lan aldetik, hizketan hasi orduko antzematen baitzaio, beste herrialde batzuetako ereduari erreparatuta, burua martxan dabilkiela Euskal Herrian artilearekin zer egingo. Naiz Irratian aritu zen artilearen bilakaeraz, egoeraz eta aurrera begirako aukerez.

Zer gertatu da artilearekin?

Argi eta labur esanda, erabaki dugu petrolioa erabiltzea artilearen ordez. Gure arropa eta janzteko guztia artifiziala da, gehienbat: poliesterra, Nylona, eta abar. Kotoia, bestela. Egia da hemengo artilea ez dela egokiena arroparako eta prozesu nahiko berezia izaten dela hori dena garbitu eta transformatzea. Hori baino merkeagoa da, zoritxarrez, artifiziala erabiltzea.

Nola iritsi da lehengai izatetik hondakin izatera?

Duela 30 bat urte artileak balorea zuen, pentsa, esaten da artileak Bilboko pisu bat erosteko modua ematen ziola artzainari [barreak]. Gaur egun ez du lehengo baliorik eta, hori gutxi balitz, artzainek ordaindu egin behar dute ardi-moztea, eta baita artilea kentzea ere.

Nora kentzen da artilea?

Foru Aldundiek kudeatzen dituzte biltze-puntuak eta, artile guztia jasotzen dutenean, erretzeko zentro batzuetara eramaten dute. Lehen konpostatu egiten zen, baina horretara bideratutako guneek zenbait arazo izan dituzte eta batzuk itxi egin dituzte.Eta zergatik ordaintzearena? Bada, artilea erretzeak -keak, usainak— kutsadura sortzen du eta, Europa mailako zuzentarauen arabera, zerga batzuk ordaindu behar dira.

Artilea kudeatzea gastua bada, aukera bat da ardi-moztea ez egitea? Horrek arazorik ekar lezake?

Ez badugu ardi-mozterik egiten, ardia hil egingo da, nahiko arin. Ardiei beren ongizaterako mozten diegu ilea, zeren, egin ezean, udaberrian eta udan batez ere, euliak sartu egiten dira eta kabi moduko bat egiten dute ile artean. Zuk kanpotik ez duzu ikusten, baina barrutik euliak jaten ari dira eta ardia hil egiten da barrutik kanpora.

Euskal Herrian milioi bat ardi omen dago eta urtean, gutxienez, mozketa bat egin behar bada, artile kantitate handia da hori.

Ia 3 mila tona artile ekoizten da Euskal Herrian urtero. Ipar Euskal Herrian gehien, ondoren Nafarroan eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gutxixeago. Zerbait egin behar da artile horrekin.

Lehengai gisa errekuperatzea, artilea berriz ere balioestea da hainbat lekutan lantzen ari zaretena. Zer egin daiteke artilearekin?

Irtenbide asko daude eta munduan, are, Europan, prest daude gure artilea erosteko. Gure burutik kendu behar genuke ez duela baliorik eta gure artilea eskasa dela. Hori gezurra da. Latxa arrazaren izena bere artiletik dator, oso latza da. Arroparako akaso ez du balio, ez dauka ezaugarri interesgarririk arropan erabili ahal izateko, baina, adibidez, Eskozian duela urte askotatik egiten dutena da barruan beste geruza bat jartzea, kotoizkoa-edo, azalaren kontra egongo den zatia bigunagoa izan dadin.

Arropaz gain, beste hamaika erabilera daude. Erresuma Batuan, Txinan edo Eskandinavian asko erabiltzen dute tapizeriarako —esaterako, Londresko metroan aulkiak British Wool-ekin egindakoak izaten dira—; isolamendurako; eraikuntzarako.

Ingalaterran bada Solidwool izeneko enpresa bat, eta egiten dutena da artilea xehatu, bio-erretxin batekin nahastu eta moldeen bidez aulkiak, mahaiak, surf taulak eta gisako objektuak egin. Bada beste enpresa bat ere, Woolcool izenekoa, eta artilea erabiltzen dute janaria eramateko paketeen isolamendurako.

Beraz, pentsatu beste erabilera daude, eta guri tokatzen zaiguna da burutik kentzea ez duela baliorik eta lantaldeak zein entitateak sortzea irtenbide bat egituratzeko eta komertzializatzen hasteko. Artzainentzat ez dadila kostu gehigarri bat izan, behintzat.