AAz itxuratutako Bilboren irudiak erakutsi ditu Niko Vazquezek
Adimen Artifiziala sorkuntzarako tresna du Niko Vazquez “Grafismo”-k. Denboran atzera egin eta 70eko eta 80ko hamarkadatako Bilbo itxuratu du. “Make Bilbao grAI again / Egin Bilbo grisa berriro” liburuko 54 lan eskegi ditu Zarauzko Photomuseumeko paretetan.
Niko Vazquez Grafismo-k adimen artifizialaren bidez “sortutako” irudiak eskegi ditu Zarauzko Photomuseum-eko paretetan. “Make Bilbao grAI again / Egin Bilbo grisa berriro” izenburuko liburuan argitaratu zituen argazkiak. Orain haietako 54 ikusgai daude Photomuseumen otsailaren 16ra arte.
Sare sozialetako jolas baten moduan hasi zen eta 9.000 irudi “eraiki” ditu bilbotarrak. Horietatik 160 dira liburuan aukeratutakoak. Errekreazioa. Meategien, ontziolen, labe garaien, lantegien, langileen Bilbo hura du oroimenean MCD taldearen sortzailea izan zenak. Irudiak ez dira errealak, haien bidez Vazquezek haurtzaroko girora itzuli nahi du. Nostalgia ariketa. Garaiko -70 eta 80ko hamarkadak- argazkien bila hasi eta zuri beltzeko irudiak aurkitzen zituen, kalitate eskasekoak, eta adimen artifizialaz berriak sortzen hasi zen. Sareetan erakutsi, jendeari gustatu eta liburuaren argitalpena etorri zen iaz.
Irudiez gain, orduko fanzineak, gitarrak -Vulpes taldean ibili ziren Lupe eta Loles Vazquez, Nikoren arrebak-, diskoak eta beste hainbat objektu aurkituko ditu bisitariak, garai bizi haietara itzularaziko dutenak. Gizatiarragoa zen iraganeko hiria Vazquezen irudiko, indibidualistagoa Guggenheim museoaren inguruan berreraiki den gaur egungoa.
«Nostalgia selektibora joaten da beti, iraganeko edozein garai hobea izan zela argudiatzeko. Hala ere, Bilbon jaiotako baby boomer-ok (gehienak Barakaldon jaio izan arren), Galiziako, Andaluziako, Extremadurako… etorkinen seme-alabek, eta inguruko mendi eta herrietatik etorritakoek, Bilbo Handiko lantegietan etorkizun hobe baten bila lanean hasi zirenek, badakigu ez dela horrela. Bilbo ez zen orain baino hobea edo okerragoa: desberdina zen, besterik ez». Arantza Lauzirika arte adituaren hitzak dira.
«Kanpokoentzako hiria, turistentzako hiria, gurea ez balitz bezala ibiltzen duguna, bisitan bageunde bezala. ‘Bilbo ihes egin ezin diogun puta bat da’, zioen MCDren abesti batek, eta ez, ezin dugu ihes egin kanpoaldeko auzoetatik "jaisten" ginen Bilbo gris eta hezean gure burua ezagutzetik, Bilbo langilea», adierazi du Lauzirikak.