GARA
BILBO

Hiru legebiltzarkideri Saharara sartzea debekatu die Marokok

Mikel Arruabarrena (EAJ), Amancay Amets Villalba (EH Bildu) eta Jon Hernandez (Sumar) Gasteizko Legebiltzarreko kideak Sahara okupatua bisitatzekoak ziren, baina Marokok ez zien utzi hegazkinetik jaisten eta kanporatu egin zituen.

Legebiltzarreko delegazioa eta Saharako ordezkariak, abiatu aurretik.
Legebiltzarreko delegazioa eta Saharako ordezkariak, abiatu aurretik. (GASTEIZKO LEGEBILTZARRA)

Gasteizko Legebiltzarreko hiru parlamentariri eta Euskal Fondoako ordezkari batzuei Sahara okupatua bisitatzea galarazi zien atzo Marokok eta lurraldetik kanporatu zituen.

Sahara okupatuko biztanleen egoera ezagutzeko bisita egin behar zuten Mikel Arruabarrena (EAJ), Amancay Amets Villalba (EH Bildu) eta Jon Hernandez (Sumar) Gasteizko Legebiltzarreko Berdintasun eta Garapenerako Lankidetza Batzordeko kideek, baina ezin izan zuten hegazkinetik jaitsi Aaiunen. Haiekin zeuden Euskal Fondoako ordezkari batzuk.

Sare sozialen bidez eman zuen gertatzen ari zenaren berri Villalbak: «Marokok Mendebaldeko Saharara sartzea eragotzi digu. Ezin izan dugu hegazkinetik jaitsi ere egin. Ez dute haien okupazioaren eta giza eskubideen urraketaren testigantzarik nahi. Marokoren jarrera salatu eta okupazioa amaitzea eskatzen dugu».

Gasteizko Legebiltzarreko ordezkaritzako kideen arabera, bat-batean «inolako azalpenik gabe» itzuli zituzten eta, horregatik, «Marokoren jarrera lotsagarria eta onartezina» salatu zuten.

ESKUBIDEEN URRAKETAK

Ez da Marokok horrelako bisita bat eragozten duen lehen aldia. Duela astebete eskas, “El Periodico”-ko kazetari bat eta CEASeko bi ekintzaile lurralde okupatuetatik kanporatu zituzten.

Gasteizko Legebiltzarreko ordezkaritza honek Euskal Fondoarekin egin behar zuen bidaiaren helburuak honakoak ziren: saharar herriaren autodeterminazio eskubidea aldarrikatzea, giza eskubideen urraketa «etengabeak» salatzea eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak berriki emandako epaia bete dadila eskatzea, zeinak Europar Batasunak eta Marokok sinatutako merkataritza akordioak legez kanpokotzat jotzen dituen.

Gasteizko Ganberak ohar batean adierazi zuenez, legegintzaldi honetan, 2024ko urriaren 17tik 22ra bitartean, Berdintasunerako eta Garapenerako Lankidetzarako Batzordearen ordezkaritza batek bisita bat egin zuen Tindufeko (Aljeria) errefuxiatu sahararren kanpalekuetara, «pertsona horien egoeraren eta euskal erakundeek garatutako lankidetza-proiektuen jarraipena egiteko».

Aurreikuspenen arabera, lurralde okupatuetatik kanporatutako pertsonak gaur eguerdian iritsiko dira Noaingo aireportura.