Imanol CARRILLO
EUROPA LEAGUE

Athleticek garaipena nahi du, puntu batekin espekulatu ordez

Zuri-gorriek puntu bakar bat behar dute San Mamesen (21.00), Viktoria Plzen txekiarraren aurka, final zortzirenetarako sailkapena zuzenean lortzeko eta kanporaketa bat saihesteko. Hurrengo partidan, gainera, zelaiaren faktorea alde izango lukete.

Julen Agirrezabala atean titular izanik, Athleticen final zortzirenetarako sailkapen zuzena erdietsi nahi du.
Julen Agirrezabala atean titular izanik, Athleticen final zortzirenetarako sailkapen zuzena erdietsi nahi du. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Europa Leagueko sistema berria ezarri zenean -hau da, multzo fasea alde batera geratu zenean-, denak ziren zalantzak. Ikuskizuna areagotzeko pentsatutako eredua da aurten finkatu nahi izan dutena, eta, azken jardunaldian gauzak nola dauden ikusita, badirudi hurrengo urteetan ere sistema berari eutsiko diotela.

Txapeldunen Ligan ikusi zen atzo. Europan dagoen txapelketarik handiena irabazteko diren edo ziren faborito batzuek asko sufritu zuten eta beste batzuk kanpoan geratu ziren. Athleticen egoera, zorionez, guztiz ezberdina da Europa Leaguen. Zuri-gorriek puntu bakar bat behar dute San Mamesen (21.00), Viktoria Plzen txekiarraren aurka, zuzenean final zortzirenetarako sailkapena lortzeko -eta beste kanporaketa bat saihesteko- eta hurrengo fasean, gainera, zelaiaren faktorea alde izateko.

Ez hori bakarrik. Gero eta estuagoa den futbol egutegi honetan, atseden hartzeko tarte handiagoa izango luke Athleticek hurrengo kanporaketaren aurrean, gainera Kopatik kanpo egonik.

Pentsa, galduta ere, beste emaitzen arabera zuzenean sailkatuta gera liteke. Lehenengo zortzietatik kanpo geratzeko, galdu eta Lyon, Tottenham, Anderlecht, Galatasaray eta Bodo Glimten garaipenak gertatu beharko lukete. Hori bai, kontuan ere izan beharko du Steaua Bucarest-Manchester United partida; zuri-gorriek galduz gero, hauetako talderen batek gainditu egingo baitu. Beraz, nahiz eta Istanbulen Besiktasen aurkako azken neurketa galdu, dena edo ia dena alde dute Bilbokoek.

ALDE NEGATIBOAK

Bi izan daitezke alde negatiboak. Batetik, etxean bertan egon daiteke. Azken asteetan Iñigo Cabacas Herri Harmailak (ICHH) animatzeari uztearen erabakiak kezka handia sortu du zelaian. Haien arabera, arazoa konpontzeko klubak pausoak ematen ez dituen bitartean, berdin jarraituko dute. Jokalariek animoak behar dituzte, baina besteek protesta egiteko eskubidea ere bai.

Bigarren arazoa da Viktoria Plzenek ere bere aukerak dituela Top8-an sartzeko. Honek gauzak konplikatu ditzake, aurkaria motibatuta eta ahal duen guztia ematera etorriko baita San Mamesera.

Aurreko jardunaldian, Besiktasen aurkako partidaren atarian, non sailkapen txartela eskura zezaketen, Ernesto Valverdek aipatu zuen: «Oso txarrak gara espekulatzera joaten garenean». Istanbulen jipoia jaso zuten (4-1), eta gaur prestatzaileak ez du aitzakiarik nahi izango.

Hala, ikusi beharko da zer nolako hamaikakoa zelairatzen duen. Baina jakinda Ligako hurrengo partida igande gauean izango dela, baliteke titularrak erabiltzea. Gainera, alde horretatik, Oihan Sancet guztiz osatuta dagoela dirudi. Kontrara, Iñigo Ruiz de Galarretak ezingo du jokatu.

Argi dago atean Julen Agirrezabalak jokatuko duela. Hala adierazi zuen atzo Ernesto Valverdek. Duda handienak, beraz, eskuin hegalean -De Marcos edo Gorosabel- eta zelai erdian -Vesga edo Prados, Jauregizarri laguntzen- egon daitezke.

Ikusi beharko da, gainera, ea Berenguerrek titular bezala ospa dezakeen bere 200. partida Athleticekin, edo honen ordez Djalo ipintzen duen. Bestalde, hamaikakoan espero dira Iñaki eta Nico Williams anaiak, Yuri eta Guruzeta.

DEFENTSA SENDOA

Eta zer espero da Viktoria Plzenen aldetik? Hurrengo kanporaketarako txartela eskuratuta dute, eta Miroslav Koubek prestatzaileak ontzat ematen du egoera hori. Baina kontuz, aurreko jardunaldian Anderlecht talde belgikarra menderatu baitzuten, eta Realaren aurka ere irabazi zuten.

«Jokalariek denbora asko daramate elkarrekin jokatzen. Jokoa beti atzetik eraikitzen da, eta gure atzeko lerroak asko laguntzen digu. Errendimendu eta osasun egonkorrak mantentzen ditu», esan zuen Koubekek. Ea gaur apurtzen den.