GARA
BRUSELA

Euskara Bruselako agendan dagoela baieztatu du Costak

EBko Kontseiluko presidente Antonio Costak Imanol Pradales lehendakariari esan dionez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoak «paper garrantzitsua joka dezakete Europaren berrindustrializazio eta lehiakortasun politiketan».

Antonio Costa EBko Kontseiluko presidentea eta Imanol Pradales EAEko lehendakaria, Bruselan.
Antonio Costa EBko Kontseiluko presidentea eta Imanol Pradales EAEko lehendakaria, Bruselan. (IREKIA)

 

Euskara EBren Kontseiluaren agendan dago eta etorkizunean ofiziala izateko irekitako aukeraren aurrean zer egin aztertzen ari direla adierazi zuen atzo Imanol Pradales EAEko lehendakariak. Adierazpenok Europako Batasuneko Kontseiluko presidentearekin, Antonio Costarekin, izandako ordubeteko bileraren ondoren egin zituen.

«Gai delikatua da, 27 Estatu daudelako, bakoitza bere iritziarekin, eta batasuna lortu behar delako. Horrenbestez, gauzak astiro-astiro egin behar dira, eta zuhurrak izan egiten ari diren maila goreneko kudeaketa diplomatikoetan», aipatu zuen Pradalesek.

EAEko lehendakari gisa, Europako erakundeetan «etengabe» euskararen ofizialtasuna eskatzen dabilela baieztatu zuen.

Hala ere, esan zuen Europako Parlamentuko osoko bilkuran, «Europako herriaren subiranotasuna gauzatzen den lekuan, euskara bezalako hizkuntza bat normaltasunez erabili beharko litzatekeela» eta oraindik ez dela hori gertatzen.

«MAILA GORENEKO BILERA»

Bruselara egindako bigarren bidaia ofizial honetan, Pradalesek Makroeskualde Atlantikoa, kohesio funtsak, estaturik gabeko nazioek eta eskualdeek Europako politiketan duten papera eta gobernantza berria hizpide izan zituen Costarekin.

EAEk «Europarekin duen konplizitate politikoa» defendatu zuen Imanol Pradales lehendakariak, «datozen garaiei aurre egiteko».

Halaber, EAEko lehendakariak oroitu zuen «munduko ordena berrosatzen ari den une historiko bati aurre egin beharrean» dela Europa. «Txina eta AEBen blokeek Europa indartsu eta batu bat eskatzen dute, segurtasuna emango duena bere zentzurik zabalenean: teknologian, elikaduran, energian zein defentsan. Hau da, Europaren lehiakortasunean eta berrindustrializazioan indarra jarri behar da nolabait», ohartarazi zuen.

Horretan, EAEk «paper garrantzitsua joka dezakeela» uste duela adierazi zuen Antonio Costak.