I. ESPARZA-GUIMON
BAIONA

Baiona, Estatu frantseseko hiri ertain erakargarrienen sailkapenaren buruan

Arthur Loyd higiezinen barometroak iradoki du Estatu frantseseko tamaina erdiko hirien artean erakargarriena Baiona dela. Bestalde, Inseek beste hainbat egiturekin batera osaturiko bizitza kalitateari buruzko neurketa batean Baiona, Biarritz eta Getaria podiumean agertzen dira. Iaz Ipar Euskal Herria izan zen «eskualderik erakargarriena».

Hiri ertain erakargarrienen buruan sailkatu dute Baiona.
Hiri ertain erakargarrienen buruan sailkatu dute Baiona. (Patxi BELTZAIZ)

Ipar Euskal Herria «Estatu frantseseko eskualderik erakargarriena bezala» sailkatu zen iaz. Hiri ertainei dagokien neurketan, Lapurdiko hiriburua agertu da, oraingoan, lehen postuan, Arthur Loyd enpresak argitara emandako neurketa berri baten arabera.

Hain zuzen, Arthur Loyd higiezinen profesionalei buruzko aholkularitza bulegoak erakargarritasun barometroaren 7. edizioa argitaratu du, eta ikerketa horren emaitzetan Baiona agertzen da podiumean. Enpresak 50 erakartze eremu aztertu eta sailkatu ditu. Guztira, 30 datu iturri baino gehiago baliatu ditu hiri eremuen erakargarritasuna neurtzeko. Hainbat ardatz aintzat hartu ditu, esaterako, demografia, enpleguaren sortzea, hirugarren sektoreko merkatu errendimendua, tokiko mobilizazioak edo berrikuntzak.

Hala, Baiona, edo hobeki esanda, Lapurdiko hiriburua eta bere eragin gunea -Ipar Euskal Herriko eta Hego Landesetako 56 herri sartu baititu barometroak aipaturiko neurketan-, «tamaina ertaineko hirigune onena» gisara nabarmendu du Arthur Loyd barometroak.

Gainturismoa eta etxebizitza krisia eztabaiden erdigunean direlarik, aipaturiko barometroak «hobekuntzarako» aukerak jorratu ditu. Esaterako, «merkatu errendimendua» eta «higiezinen profesionalen» kalitatea baloratzen duen sailkapenean 11. postuan agertzen dira Baiona eta bere ingurua. Ipar Euskal Herriko beste ahulgune bat, betiere sailkapen horren arabera, «enpresei egiten zaien harrera» da (14. postua). Etxebizitzari dagokionez, kostuari erreparatuz gero, 18 postutatik 17.ean agertzen da Lapurdiko hiriburua.

Neurketa egiteko orduan aintzat hartzen diren beste irizpide batzuei esker gora egin du Baionak aipaturiko sailkapen horretan. Hala nola osasunari eta segurtasunari eskainitako ataletan postu altuetan azaldu da. Hiri antolaketa eta ekipamenduei dagokionez ere nabarmendu da Lapurdiko hiriburua, bigarren postuan kokaturik.

BIARRITZEN ETA GETARIAN BIZI-MAILA ONA DA

Beste ranking batean, hain zuzen Insee, Estatu frantseseko Barne Ministerioa, Trantsizio Ekologikoaren Ministerioa, Arcep eta Copernicus egiturek osatzen duten sailkapenean, goiko postuetan agertzen da Euskal Herria. Hala, 34.808 herriren artean, aurten ere podiumean dira Baiona eta Biarritz, 2.000 biztanle baino gehiagoko hirien atala begiratuta. 2.000 biztanle baino gutiagoko herrietako neurketan, berriz, Getaria nabarmentzen da.

Opinionway inkesta du oinarri aipaturiko barometroak, eta hainbat faktore aintzat hartzen ditu: bizi kalitatea, segurtasuna, osasuna, garraioa, merkataritza, hezkuntza, ingurumenaren babesa, finantzak eta tokiko zergak, kirolak eta aisialdia, elkartasuna eta higiezinen erakargarritasuna.