Errenteria, ofizialki tentsionatutzat jotzen den lehenengo udalerria
EAOn ebazpena atzo argitaratuta azaldu eta gero, Errenteria da tentsionatutzat jotzen den Euskal Herriko lehenbiziko udalerria. Alokairuen prezioen igoerari aurre egiteko tresna egokia izango dela adierazi zuen Aizpea Otaegi alkateak, baina Madrildik erreferentziako prezioen indizea ezagutzera eman ez izenak aukerak mugatzen dituela ohartarazi zuen.

Espainiar Estatuko Aldizkari Ofizialak (EAO) Etxebizitza eta Hiri Agenda Ministerioaren ebazpen bat argitaratu du, Errenteria etxebizitza merkatuko gune tentsionatu deklaratzen duena. Honela, atzotik Estatuko Etxebizitza Legeak aurreikusten dituen neurriak aplikatu ahal izango ditu, besteak beste, alokairuaren igoerari mugak ezartzea.
Izendapena onartu eta argitaratuta, zenbait neurri indarrean sartu ziren atzo: bost urteko kontratua amaitutakoan hiru urtez luzatzeko aukera, indarrean dagoen kontratuaren baldintza berberetan. Eta alokairuen prezioa mugatuko da kontratu berrietan: kontratu berriak ezingo du gainditu egindako azken kontratuaren errenta. Legearen arabera kontratuak %10 igo daitezke hamar urtetik gorako alokairuetan, edo etxebizitzaren birgaitzearekin, energia eraginkortasunarekin eta/edo irisgarritasunarekin lotutako hobekuntzak egin badira.
Errenteria Euskal Herriko lehen udalerria da eremu tentsionatua baliatzen. Orain arte Katalunian bakarrik aplikatu da. «Etxebizitzaren erronkari aurre egiteko orain arte izan ez ditugun baliabideak ekarriko dizkigu», adierazi zuen Aizpea Otaegi alkateak, urrian eskaera onartua izan zenean.
Lasarte-Oria udalerria ere tentsionatutzat jo dutela iragarri zuen asteazkenean Agustin Valdibia alkateak, baina izendapena oraindik ez da ofiziala, Agerkari Ofizialean argitaratu ez delako. Datozen egunotan tramite hori beteko delakoan dago Lasarte-Oriako Udala.
Errenteriako alkateak izendapenaren garrantzia nabarmendu zuen, nahiz eta neurria «hankamotz» datorrela ohartarazi. «Izan ere, erreferentziako prezioen indizea sortu gabe dago eta, beraz, ezin izango dira aktibatu izendapenaren neurri guztiak. Ez da espero genuena, baina lanean jarraitzea dagokigu», esan zuen Otegik.
«Jakitun gara neurri honek bakarrik ez duela errealitatea irauliko, baina etxebizitza funtsezkoa da herritarrentzat, eta eskura ditugun tresna guztiak erantzukizunez erabili behar ditugu, eskuragarriago egiteko», adierazi zuen Errenteriako alkateak.
Alde horretatik, kritikatu zuen «ulergaitza» dela «herritarrentzat hain premiazkoa den gai batekin legeak ahalbidetzen dituen tresna guztiak ezin aktibatu ahal izatea, udalerriaz gaindiko instituzioak ez direlako gai izan haien lana egiteko».
Izan ere, atzo bertan jakin ahal izan zutenez, «Etxebizitza Ministerioak ez du ezagutzera eman erreferentziako prezioen indizea», eta hau «ezinbestekoa da, etxe jabe handien eta bost urte baino gehiago alokatu gabe egon diren etxeen prezioak zehazteko». Bi neurri hauek, beraz, ez dira oraindik indarrean sartuko.
Edonola ere, lanean jarraitzeko konpromisoa helarazi zuen Otaegik. «Etxe hutsak mobilizatuz, gaur egungo parkea birgaituz, babes sistemak sendotuz eta etxebizitza publiko gehiago eraiki dadin sustatuz».
Honela, Lakuari «dagoeneko Errenteriako Udalak laga dizkion lursailetan etxebizitza publikoa eraikitzeko lanak abiatu ditzala» eskatu zion eta, era berean, aurreratu zuen lanean ari direla otsaileko udalbatzara etxebizitza turistikoen inguruko moratoria proposamena eramateko.
Maite Gartzia (Ahal Dugu) Errenteriako alkateordea ere pozik agertu zen: «Etxeak bizitzeko dira, ez gutxi batzuk aberasteko. Ez dugu onartuko funts putreak eta errentazale handiak jendearen kontra irabazten jarraitzea. Etengabe lan egin dugu erregulazio hori errealitate izan dadin, eta borrokan segituko dugu Errenteria bizitzeko hiri bat izan dadin; ez pribilegio bat, eskubide bat baizik».
«Gaur nahikoa dela esaten dugu. Eremu Tentsionatu izendapenak egoera hau iraultzeko tresnak ematen dizkigu. Badakigu, ordea, hau hasiera besterik ez dela. Etxebizitza duin bat izateko eskubidearen alde lanean jarraituko dugu», esan zuen Ahal Duguko zinegotziak.
BATZAR INFORMATIBOAK
Etxebizitza Ministerioak ohar baten bidez aditzera eman zuenez, Etxebizitzaren Legearen 18. artikuluan ezarritakoari erantzuten dio ebazpenak, eta gaur, urtarrilaren 31n, indarrean sartuko da.
Tenkatutako eremuaren indarraldia hiru urtekoa da, ebazpena argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera.
Eremu tentsionatuaren izendapenak berarekin dakartzan neurrien inguruko informazioa herritarrei emateko asmoz, hurrengo astean lau batzar ireki antolatu ditu Errenteriako Udalak. Otsailaren 5ean egingo dira lehendabiziko biak Reina aretoan, 18.00etatik 19.00etara euskaraz eta 19.00etatik 20.00etara gaztelaniaz. Ondoren, otsailaren 6an Aldakonean egingo dira batzarrak: gaztelaniaz 18.00etatik 19.00etara eta euskaraz 19.00etatik 20.00etara.
Eremu tentsionatuaren izendapenaren osagarri, Errenteriako Udalak hiru urterako Etxebizitza Plana garatzen jarraituko duela iragarri zuen.

«Díaz y Errejón son distintas fases de una operación contra la izquierda»

«El Inhumano», señalado por tortura en Via Laietana y en Gipuzkoa

Disney diluye su compromiso con las minorías y la igualdad

Itziar Ituño y Urko Olazabal rodarán la tormentosa «Inurri itsuak»
