Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
THE BRUTALIST

Monumentu zinematografiko bat

Eduki laburrak eta azalekoak kontsumitzen ohitzen ari garen garaiotan, askok edozein aitzakia jartzen diote euren buruari zinema aretoetara ez joateko. Kendu nagitasunak gainetik: zinema maite baduzue, joan zaitezte “The Brutalist” zineman ikustera.

Gerraosteko Europatik ihesi, Laszlo Toth arkitektoa AEBra iritsiko da bere bizitza, obra eta Erzsebet emaztegaiarekin zuen harremana berreraikitzeko. 1947 eta 1980. urte bitartean garatzen da filma eta bi zati nagusitan banatua dago: lehenengoa ikaragarria da; bigarrena ere itzela da, baina argumentuaren trazu batzuek zalantza gehiago eragin dizkidate.

Premisa horri jarraiki, ia lau orduko monumentu zinematografikoa eraiki du Brady Cobertek. Hasierako hamar minutuak nahikoak dira ikusiko dugun guztiaren esentzia narratibo eta formala sumatzeko. Agerikoa da kapitalismoari eta ustezko amets amerikarrari belarrondokoa eman nahi izan diola zuzendariak film honekin, eta horretarako, AEBko sinboloak hankaz gora jarri ditu, sinbolikoki eta literalki.

Proposatzen duen diskurtsoa txalogarria bada, zer esanik ez proposamen formalari eta eszenaratzeari dagokionez: liluragarria da. 60 urtean 70 mm-ko Vistavision formatuan osorik filmatutako lehen film estatubatuarra da; hautu hau ez da soilik estetikoa edota kapritxo bat; izan ere, eransten dion aberastasun narratiboa itzela da; zinema klasikoaren lurrina arnasten da une oro. Argazkilaritza lanaren, soinuaren eta musikaren artean sortu duen dantza ia perfektua da; murgiltze ariketa oso sakona lortzen da horiei esker.

Arkitekturarekin eta artearekin gertatzen den bezala, badira proiektu zinematografikoak, oztopoak oztopo, irauteko asmoz sortuak izan direnak; “The Brutalist” urteetan gogoratuko den film ausart eta ezohikoa da.